astekaria 2016/03/11
arrowItzuli

kultura

ENERITZ ARTETXE

«Antzokiak bete ahal direla frogatu da»

Ander Perez

«Antzokiak bete ahal direla frogatu da»

Erronka handiak ditu mahai gainean Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak, eta erronka handiak Eneritz Artetxe (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1972) haren lehendakariak. Kontziente da elkarteak duen finantzaketa arazoaz, baina beharrezkotzat jotzen du halako egitura bat izatea, «sare bat» sortu ahal izateko.

Zer asmorekin hartu duzu Ehaze elkartearen lehendakaritza?

Mekanismo batzuk aldatu behar dira. Azken urteetan, irteerarik gabeko kalezulo batean ibili da Ehaze; uste dut irtenbideak topatzeko apustua egin behar dela. Gauza asko lortu dira, gauza asko sortu dira ezerezetik, baina, aurrera egiteko, zerbait apurtu behar zen, dinamika bat apurtu, eta jende berria sartu. Bestela, ez aurrera ez atzera geratuko ginateke.

Erronka handiak dituzue. Ez da erraza izango denei heltzea.

Elkarte honentzat oso diru gutxi dago, eta argi dugu gure eginbeharra ez dela ekintza hutsak egitea, baizik eta helburuak lortzea, izan dokumentazio zentro bat, eskolen sare eta diagnostiko bat, ikerketak bultzatzea, sormen prozesuak sustatzea, edo beste hainbat gauza. Baina diru urri horrekin, eta boluntario hutsekin, ezin da hori guztia aurrera eraman, ezin da sakon lan egin. Dena azalean geratu da, nolabait.

Zergatik da beharrezkoa Ehazeren gisako erakunde bat?

Antzerkiaren munduan oso sakabanatuta gaudelako, ez dagoelako denak lotzen gaituen entitaterik. Guk ez badugu ardura hori hartzen, inork ez du hartuko, instituzioek ez baitute behar handirik ikusten. Herri askotan dago jende asko antzerkia egin nahian. Talde txikiak daude, baina oso sakabanatuta. Batak ez du bestearen berri, ez dago sarerik, eta zailtasunak dituzte irakasle bat ordaintzeko. Ez dago plan bat horretarako. Nola egin plan bat transmisiorako, nola antolatu eskolen sarea? Gure lana da hori dena aztertzea, ondorio batzuk atera eta bultzatzea, sare bat sortuz.

Hartara dator ere mapa bat sortzeko proposamena.

Bai, horretarako planteatzen da maparena, jakiteko zer talde eta zer eskola dauden. Horretarako, ikerketa bat behar da, norbait ordaindu behar da, eta norbaitek jarri behar du serio lan hori egiten.

Hutsuneak bai, baina pozak ere izango dira euskal antzerkian.

Uste dut orain urte batzuk baino gehiago egiten dela, eta nabari da. Garai batean, nagusi ziren bertsio bikoitzak; hori orain ere badago, baina zuzenean euskal hiztunentzat egiten den antzerkiak, euskaraz sortzen den antzerki horrek, bultzada izan du azken urteetan. Gauza askorengatik: kontzientziazioa izan da, eta zirkuitu txikiak ere sortu dira, garrantzitsuak, alternatiboak, irla txikiak direnak, baina nahikotxo: Aulestiko topaketak, Kultur Maratila, Azkoitiko Matadeixekoak... Euskaraz zerbait sortzen duenak badaki hor izango duela lekutxo bat.

Oraindik, halere, zaila izaten da aretoak betetzea?

Ez da erraza aretoak betetzea, baina publikoa egon, badago. Euskal hiztunek erakutsi dute berentzako antzerki bat eginez gero, beraiei interesatzen zaien gaiekin eta hurbil zaien hizkuntza batean, joaten direla. Garai batzuetan bazen misterio bat, publiko hori non ote zen. Jendeak ikusi du antzerkia egiten dela, euskaraz, hemengo gai eta kezkei buruz. Jendea hurbilduz joan da, eta publiko bat sortu da. Bagoaz erakartuz.

Programatzaileei dagokie euskal antzerkia sustatzea?

Programatzaileek badute ardura, baina uste dut ikusleok ere, guk geuk, euskaldunok, badugula batzuetan aurreiritzi bat euskarazko antzerkiaz. Batzuetan, guk geuk gutxiesten dugu. Ez dago ikusgarritasunik, ez dakigu asko euskal antzerkiari buruz, eta, orduan, jendeak ez duenez ezagutzen, «niri bost!» dio. Programatzaileek ere beldurra izaten dute programatzeko. Baina azken urteetan demostratu da antzokiak bete ahal direla, eta badagoela ikuslego bat.

Zein da errezeta ikusgarritasun hori eskuratzeko?

Uste dut sortu beharko litzatekeela antzerkiaren kultura bat, orain ez dagoena, edo ez dagoena herritartua. Jendeak ez du ezagutzen antzerkiaren hizkuntza, pentsatzen du telebistako lengoaia dela antzerkiarena. Antzerkiak bere lengoaia propioa du, eta, ez bada ezagutzen, ezin da baloratu atzean dagoen lana. Beraz, antzerkiaren kultura herritartzen denean, jendeak badakienean zer hizkuntza ari den ikusten, zer lengoaia, zer gorputz, zer ahots, zer musika, zer erritmo, zer eszenografia... orduan egongo da hori baloratzeko moduan. Horrek sortzen du antzerkia ikusi eta egiteko nahia. Antzerkia ez baita bakarrik ikusteko; egiteko, partekatzeko eta adierazteko modu bat da.

BERRIAn argitaratua (2016/03/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA