bizigiro
Itsasoa ezagutu ala arriskua bizi
Ane Insausti Barandiaran
Halako esperientziak «etengabe» izaten dituztela dio Iulen Elkoro Zarauzko (Gipuzkoa) Moor surf eskolako irakasleak: «Bizitza guztian izan da hala; nik txiki-txikitatik hau horrela ezagutu dut», dio. 8 urte zituenetik dabil surfean, eta surf eskola berak sortu zuen. «Bandera horiaren ertzean egoten garenez, lehenengo sorosleak gu gara; jende pila bat sorosten dugu, surfean edo irakasten ari garenean».
Horrelakoak gertatzearen atzean dagoen arrazoia da jendeak —batez ere kostaldean bizi ez denak— ez duela itsasoa ondo ezagutzen, Xabier Aranburu Axi Muniain surf eskolako irakaslearen arabera: «Itsasoan ibiltzen den jendeak, normalean, jakiten du itsasoan era seguru batean ibiltzeko beste. Hondartzara udan bakarrik etortzen direnek, ordea, oro har, ez dute ulertzen itsasoaren dinamika».
Eta ez soilik itsasoarena: ezta sorosleek emandako informazioarena ere. Asier Nietok zortzi urte daramatza Zarautzen sorosle, eta sorosle arduradun ere izan da bost urtez: «Jendeak, batetik, ez daki itsasoa irakurtzen; eta, bestetik, normalean, edo ez ditu seinaleak ikusten, edo ez ditu ulertzen. Kasu gutxi egiten diete. Askotan galdetzen digute, batez ere Euskal Herritik kanpokoek: 'Aizue, bandera horiek zer dira?'».
Surflariek diote antzeman egiten dutela norbaiti zerbait gertatu aurretik, eta adi daudela etengabe: «Askotan gertatu izan zaigu klase bat ematen egon eta ikustea bi pertsona bandera gorriko eremura sartzen. Gure artean komentatzen dugu: 'Baietz hemendik hamar minutura bi horiek itsaso barruan ezin atera egon'... Eta asmatu», azaldu du Aranburuk.
Sorosleek prebentzio lana egiten dutela azaldu du Nietok: «Guk kanpotik egiten dugun lehen lana prebentzio lana da: bainurako eremua ezartzen dugu, ur ertzean egoten gara jendeari eremu gorrietan ez bainatzeko eskatzen, edanda ikusten baditugu dutxara joateko aholkatzen...». Baina, halere, ezustekoak gertatzen dira, bai ezjakintasunagatik, eta baita sorosleen ordutegitik kanpo ibiltzeagatik ere.
Hezkuntzaren garrantzia
Elkorok garbi dauka nolako garrantzia daukan hezkuntzak arriskua saihesteko orduan, eta horregatik dio Moor surf eskolan itsasoaz gozatzea bezainbeste dutela jomugan itsasoaz irakastea: «Surf eskolek surfa egiten irakasten dugu, bai, baina, batez ere, itsasoa ezagutzen eta bertan segurtasunez ibiltzen irakasten dugu». Ez du begirale hitza gustuko: beraiek irakasleak direla dio.
Hondartzak ez direla lauak erakusten diete ikasleei, lehenik. Hondarrezko mendiak daudela azaltzen diete, batetik, eta horietan apurtzen direla olatuak. Bestetik, errekatxoak egon ohi direla, eta horietan ur-lasterrak egoten direla, zuloak, olatuek ekarritako urak itsasora itzultzeko. «Laburbilduz, olatuak dauden egun batean, olaturik ez dagoen gunea arriskutsua da, gune horretan zuloa dagoelako, eta, beraz, ur-lasterra dagoelako», dio Elkorok.
Uretan daudenean ere etengabe egiten diete erreferentzia aurretiko azalpenei, itsasoa irakurtzen ikasteko. Gero, azalpen horiek lagunei eta senideei helarazteko eskatzen diete, eta, ondoren, bakoitzak marrazki bat egiten du, eskema moduan ikasitakoa azaltzeko. Surf eskolan dituzte batzuk.
Xabier Aranburuk dio askotan denbora muga dela horretarako: «Kontua izaten da klase asko ordu eta erdi edo bi ordukoak izaten direla. Tarte horretan ezin diozu jendeari teoria asko azaldu». Hori bai, udalekuetan, adibidez, aste osoa izanda, gehiagorako astia izaten dute: «Gaztetxoei ere komeni zaie horrelako kontuak jakitea. Saiatzen gara ondo erakusten, haiek ere lagunei azaltzeko: zer diren ur-lasterrak, nola sortzen diren, nola begiztatu, non dauden jakin, zer ezaugarri dituzten...».
Hezkuntzaz gain, informazio kartelak jartzea egoki ikusiko lukete hirurek. «Guk askotan esan dugu lan pixka bat gehiago egin beharko litzatekeela argibideak dutxetan bertan edo hondartza sarreran dauden hankak garbitzeko iturrietan jartzeko: banderen koloreen azalpena, adibidez». Denek ikusteko moduko tokietan eskema edo irudien bidez azalpenak jartzeak lagundu egingo lukeela diote, orain koronabirusaren panelak dauden tokian, esaterako.
Leku mugatua, kexa iturri
Sarri, itsasoaren egoerak ez du baimentzen bainularientzako gunea jendeak nahi bezain zabala izatea. Eta orduan entzuten dituzte surflariek iruzkinak: «Kanpotik esaten dituzte 'Zarautzen dena surflarientzat da', eta horrelakoak; baina, egiazki, segurtasuna bermatutako gune horiek estuak dira, eta gainontzeko guztia sekulako zuloak, ur-lasterrak eta abar izaten dira. Ez da segurua hor bainatzea».
Hala berretsi du Aranburuk ere: «Bandera horiak ez jartzeko arrazoia da Zarauzko hondartzak, irekia izanik, ur-laster pila bat dauzkala. Nahiz eta surf eskolarik ez egon, ezingo lituzkete bandera hori luzeak jarri, hondartzaren egoerak berak ez baitu halakorik baimentzen».
Sorosleen lan baldintzak ere kontuan hartzekoak dira: «Eremuak jarri behar ditugu, baina kontuan hartu sarritan itsasoa arriskutsu dagoela, bi pertsona gaudela gehienez eremuko, ehunka bainulari daudela... Gauza asko zaindu behar ditugu», dio Nietok. Orain 21 sorosle daude Zarauzko hondartzarako, sei eremutan banatuta, eta bakoitzean dorre bat. Gune bakoitzean, hortaz, hondarretan, bi edo hiru pertsona daude. «Pertsona kopuru ideala zein den ez dakit, zaila da neurtzea, egun batzuetan ez baitago ia lanik, itsasoa lasai badago. Baina, jende asko dagoen egunetan, ez gaude sobran».
Surflarien gunean ere baldintza gogorretan lan egiten dutela gogoratu nahi izan du Elkorok: «Nahi dut jendeak baloratzea guk hor zer lan egiten dugun, sorosten egoten baikara etengabe. Gure lan baldintzak oso zailak dira, eta gu gauden eremuko baldintzak ez dira egokiak bainatzeko».
Eskukada bete istorio
Hirurek dituzte gogoan zenbait pasadizo. Nietok bi gazterekin izandako ezusteko bat du gogoan. Ez zituzten aurkitzen, eta Mollarri irlan aurkitu zituzten, «arroka artean, nahiko gaizki, zauriz beteta». Motorrean joan ziren hara, eta ia bi orduko erreskate bat izan zela oroitzen du. Helikopteroari laguntza eskatu zioten, baina, iluntzen ari zuenez, ezin zen agertu, suhiltzaileek ezin zuten lurretik iritsi, Ertzaintza eta Udaltzaingoa ere hondartzan zeuden... «Azkenean, esan genuen: uretatik saiatzen ez bagara, akabo». Uretatik ateratzea lortu zuten, eta gogoan du ateratzerakoan nola oihukatu zuten: «Bizirik nago!».
1990eko hamarkadan bizi izandakoa ekarri du gogora Elkorok. Gogoan du talde bati klase bat ematen ari zela, tartean Harri Garmendia igerilari olinpikoa zegoela, eta bat-batean olatuen serie bat agertu zela: «Bat-batean serie bat etorri zen, nahiko indartsua. Seriean sartutako ura ateratzerakoan, 30 bat bainulari eraman zituen, 30 bat metro barrura». Garmendia eta biak ibili ziren bata igerian eta bestea taularekin jendeari laguntzen. Ondo gogoratzen ez den arren, pertsona bat hil zela uste du.
Xabier Aranburuk, berriz, sorosleak ez zeuden une batean bizitakoa du gogoan. Sekulako korrontea zegoen egun batean surfean ibili ondoren, irtetear zeudela, kanpinetik surflari bat zihoala ikusi zuen, eta haiek zeuden lekuan sartu zela. «Mollarriraka eramaten ari zen ur-lasterra, arroketarantz, eta ez zen konturatzen ari. Gu txikituta geunden, ezin ginen sartu laguntzera». «Zorionez», dio, bi olatu agertu ziren, eta lehenengoa hartu zuen surflariak, eta ateratzea lortu: «Orduan azaldu genion berriro hor ez sartzeko, arriskutsua zela... Guk sekulako sustoa hartu genuen».
Horregatik nabarmendu dute itsasoa ezagutzearen eta jarritako seinaleak errespetatzearen garrantzia. Haiek ere badakite zer den hondartzaz eta itsasoaz gozatu nahi izatea: «Gu ere, lanetik kanpo, surflari edo bainulariak gara, eta badakigu zer den hori nahi izatea. Baina neurria hartu behar izaten diogu», dio Nietok.