gizartea
Apaldu egin da DBHn euskaran eta matematikan duten gaitasuna
Irati Urdalleta Lete
Txosten horretan, ebaluazio diagnostikoari erreparatu diote. 2019tik 2021era, galera nabari da DBH2ko ikasleek egindako azterketetan: hizkuntzetarako konpetentziari dagokionez, euskaran zazpi puntu egin dute behera —241etik 234ra—, gazteleran ere zazpi puntu apaldu dira emaitzak —251tik 244ra—, eta bost ingelesean —244tik 239ra—. Matematikako emaitzek ere joera txarra erakusten dute: 246 puntutik 239ra jaitsi dira. Zientzietarako konpetentzian, berriz, hiru puntu gehiago eskuratu dituzte (244).
Bestelakoak dira Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek lortu dituzten emaitzak: hizkuntzarako konpetentzian, euskaraz bi puntu gehiago eskuratu dituzte (254), eta sei gehiago ingelesez (245); aldiz, gaztelerazko gaitasunak hamahiru puntu behera egin du —249tik 236ra—. Matematikarako eta zientziarako konpetentzietan ere emaitzak hobetzea lortu dute, bost eta hiru puntu, hurrenez hurren. Aurten, pandemia dela medio, ikastetxeek borondatez parte hartu dute proban; LH4n ikastetxeen %32,6k egin dute hautu hori, eta DBH2n, %40,1ek.
Emaitza orokorrak horiek izan arren, zenbait aldagairen arabera ikasleek emaitza hobeak edo kaskarragoak lortu dituzte. Adibidez, LH4ko ikasleek euskaran duten gaitasunari erreparatuta, emaitza onenak D ereduan dihardutenek dituzte, neskak mutilak baino hobeto aritzen dira, eta etxetik euskara jasotzen dutenek dute mailarik onena (280 puntu). Maila sozioekonomikoaren eragina ere nabaritu dute: maila apaleko familietako ikasleek 230 puntu lortu dituzte, eta maila altukoek, 273. Eta ikastetxeetan ere uzten du arrastoa: maila sozioekonomiko apaleko eskoletako ikasleek 234 puntu lortu dituzte, eta 257 maila altukoek, baina puntuaziorik onena maila ertain-altukoek dute: 263.
Aurtengo ikasturteak protagonista bat izan badu, hori COVID-19a izan da, eta ikasleengan zer ondorio izan dituen aztertu dute. Txostenean jaso dutenez, ikasleen %65,4k euren maila akademikoa okertu delakoan daude —%31,5 apur bat identifikatuta sentitzen dira baieztapen horrekin, %20 nahiko identifikatuta, eta %13,9 oso identifikatuta—. Gainera, %72,3 ez daude ikasteko motibatuta, eta%65,8k antsietate edo estres handiagoa dute.
Bildarratzek beste hainbat datu ere eman ditu, hezkuntza sistemaren egungo egoeraren argazkia egite aldera. Hizkuntza ereduari begira jarrita, D eredua da nagusi —euskara hutsezkoa—, eta etengabe hazten ari da, pixkanaka bada ere: 2015ean, LHn, ikasleen %72,2 aritzen ziren eredu horretan, eta DBHn, %64,6; 2020an, berriz, %76,7 eta %71, hurrenez hurren. Ikasketa mailan ere hobekuntza antzeman daiteke. Hirugarren mailako ikasketak dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 25 eta 64 urte bitarteko herritarren %53,4k, eta Europako Batasuneko batezbestekoa %32,5ekoa da. Gainera, eskola uzte goiztiarra %12,4tik %6,5era jaistea lortu dute zortzi urtean.
Hezkuntza bermatu ahal izateko, ezinbestekoa da finantzaketa. 2019an, 2.906 milioi euro inbertitu zituzten, inoiz baino gehiago. Bildarratzek zehaztu duenez, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako ikasleko 9.415 euro inbertitzen dituzte urtean.
Erronkak zehaztuta
Egungo egoera errepasatu ostean, etorkizuneko erronketan zentratu da Bildarratz. Euskara da horietako bat: «Gure ikasleek euskarazko komunikazio gaitasuna hobetzea eta ikastetxeetan euskara gehiago erabiltzea gure lehentasunezko lan ildoetako bat izango da datorren ikasturtean». Horretarako, hainbat programa martxan jarri edo indartuko dituztela esan du. Digitalizazioaren alorrean ere pausoak eman nahi dituzte, besteak beste, irakasleei gaiaren inguruko formakuntza emanez. Horrez gainera, beste hainbat erronka ere buruan dituzte: ikastetxeetako autonomia areagotzea, bizipen emozionalei heltzea, hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko «sinergiak sendotzea»... Bildarratzek ezinbestekotzat jo du hezkuntza sisteman akordioak lortzea ere. Hezkuntza batzordeko alderdiek txostena batzordearen aurretik eman ez izana kritikatu dute, baita hainbat proposamen egin ere, esaterako, EH Bilduk: ikastetxeen autonomia «muturreraino eramatea», iraultza pedagogikoan sakontzea, aukera berdintasuna eta inklusioa sustatzea...