astekaria 2016/03/11
arrowItzuli

kultura

NOLA SARETU OZEANO BAT

Ander Perez

NOLA SARETU OZEANO BAT

Itxura batean, errazagoa behar luke galdera honen erantzunak: nork osatzen du euskal antzerkia deitzen dugun unibertso hori? Zenbat taldek, zenbat eskolak? Sektoreko ahotsei galdetuta, ordea, inork ez du kalkulu zehatzik egin. Inor ez da gauza kopuru jakinik emateko. Ez da kopuru kontu bat, edo ez bakarrik. Egia da: inoiz baino zabalagoa da euskal antzerkiaren ozeanoa, inoiz baino gehiago idatzi eta antzezten da euskaraz, eta inoiz baino kalitatezkoagoa da egiten den hori ere. Baina ez da tamaina kontua, edo ez bakarrik. Itsaso horretan, elkarri hurbildu beharrean, nork bere kontura egiten du arraun. Oro har, elkar ezagutzen dute lemazainek, baita antzerki talde, eskola eta aktoreek ere, baina gutxitan egin dute arraun batera. Sakabanatuta bizi dira, eta ez da haien arteko sarerik.

«Badago jendea gogoz eta ilusioz lanean ari dena antzerkiak beste dimentsio bat har dezan. Baina gaur egun dauden estrukturek ez dute saretzen laguntzen». Ander Lipus antzerkigile eta aktorearena da gogoeta. Elkarlanean jarduteko joera du aspalditik, egitasmo batean edo bestean, baina badaki hori ez dela euskal antzerkiaren ohiko errealitatea. Eta arrazoiak bilatzen hasita, antzerki profesionalaren sistema hartzen du jomugan: «Antzerkia oso gauza kolektiboa da berez, eta denok daukagu espiritu kolektibo hori, baina estruktura potoloagoetara gaude lotuta. Antzerki talderik ez dago: produktorak daude. Aktorea zain dago, ea ze ekoiztetxek deituko duen, ea ze casting-etara jo. Egoera horretan saretzea oso zaila da, jendea norbere dilistak nola atera pentsatzen ibiltzen delako. Oso kateatua sentitzen da aktorea, eta horrek jendearekin batzea eta estruktura berriak sortzea zailtzen du».

Bada beste arrazoirik ere, fenomenoa azaltzeko. Ixabel Etxeberria Urruñako (Lapurdi) antzerki eskolako irakasle eta euskal antzerkiaren ikerlariarentzat, euskal antzerkiak duen aniztasunarekin eta aberastasunarekin du lotura eragileen arteko komunikazio gabeziak: «Aniztasuna hain handia da herri hain txikian, talde bakoitzak bere eremua lantzen baitu. Maskarada edo pastorala orain gutxi hasi zen Iparraldetik kanpora lantzen. Aniztasuna izugarria da; ez gara ohartzen. Oso eremu aberatsa da, berriz bizitzen ari dena. Eta, gainera, zer antzerki mota...El florido pensil. Neskak ikusi berri dut, eta pentsatu dut zer gaitasunetara iritsi den euskal aktorea. Panela oso handia da herri txiki batentzat eta jende kopuru mugatu batentzat, euskaldunontzat. Aniztasun horren ondorioz, zailagoak dira loturak, norberak jadanik mundu bat duelako sortzen, lantzen eta garatzen».

Antzerki eskolak, euskal geografian sakabanatuta, ez dira harreman faltaz libratzen. Ez da lan samurra denak multzo berean taldekatzea. Askotarikoak dira, eta maila eta metodologia ezberdinetan dihardute. Denen artean, bakarrak eskaintzen du arte eszenikoetako goi mailako formakuntza. Duela gutxi arte, hori ere ez zegoen: irailean ireki zuten Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskola, eta bere lehen ikasturtean sartuta dago, bete-betean. Helmuga bai, baina helmugara iristeko bideak urriak dira oraindik arte eszenikoetan jardun nahi duten ikasle askorentzat; gutxi dira arte eszenikoen batxilergoa eskaintzen duten ikastetxeak. Ekaitz Gonzalez Dantzertiko zuzendariak, edonola, «pauso gehiago» ere espero ditu etorkizunean, «zenbateko eskaria dagoen ikusten denean». Bere azalean bizi du eszena ikasketen interesa: «Oraindik ez dugu ireki Dantzertiko matrikulazio epea, baina telefonoa puri-purian dago».

Horraino alde positiboa, edo alde positiboetako bat. Negatiboa, berriz ere, Euskal Herriko antzerki eskolen arteko saretze falta. «Eskola bakoitzean saiakera eta proiektu interesgarriak egiten dira, baina bakoitza bere mikrokosmosean sartuta geratzen da». Ez da, zehazki, ezagutza faltaren kontua. Jakina da: mugatua da Euskal Herriaren dimentsioa, eta are mugatuagoa, zertan ukatu, euskal antzerkiarena. «Abantaila» da hori Gonzalezentzat, oro har denek ezagutzen baitute elkar. «Hamar edo hamabi pertsona elkartzean, batarekin eta bestearekin segituan egiten dira kontaktuak. Pertsonalki ezagutzen dugu elkar, baina instituzioen arteko ezagutza beste kontu bat da. Saretzea falta da». Alegia, ezagutu bai, baina nork bere bidea egiten duela. Norbere arrauna, berriz ere.

Maparik gabe itsasoratuak

Hutsune horiek bete eta euskal antzerkian dabiltzanen artean sarea ehuntzea da Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearen zeregin nagusia. Asmo horrekin, solasaldia antolatu zuen iazko Durangoko Azokaren inguruan. Eta partaideen artean, behin baino gehiagotan azaleratu zen mapa bat osatzeko beharra. Mapa bat, itsaso zabalean galduta dabiltzan horiek guztiek elkarren berri izan dezaten. Mapa bat, kokaleku eta izena jartzeko egun euskaraz antzerkia sortzen ari diren horietako bakoitzari. Gonzalez: «Saio hartan, Joxerra Fachado Zurriola antzerki eskolako irakasleak antzerki eskola, tailer, talde eta horien guztien arteko mugak lausotu zituen. Horrek ez du laguntzen nolabaiteko taxonomia bat egiten, zaila delako taldekotasunak sortzea. Zaildu egiten da, begirada askoz zabalagoa delako. Ez legoke gaizki hor mapa bat osatzea».

Antzerki eragileen arteko lotura faltek, finean, ondorio praktikoak baitituzte. Bata, eta akaso lazgarriena, ekoizten den materialaren ezezagutza eta galtzea. Adibidez: antzezlan bat euskaratu du talde batek. Muntatu du, enseatu du, antzeztu du. Gero, tiraderan gorde du testua. Urteetara, autore beraren lan bat ekoiztea otu zaio beste konpainia bati. Demagun, aurreko talde hark egindako lan bera. Aurrez egindako itzulpenaren berririk ez duenez, berriro euskaratuko du lana, berriro muntatzeko. Ez da adibide hutsa, gertatu da. Eta horretaz badaki zerbait Patri Urkizu idazle eta antzerkiaren ikertzaileak, antzerki testuak ikertu eta bilatzera ohitua izanik: «Jarrai antzerki taldeak, 1959tik 1968ra , 44 obra antzeztu zituen, eta hor daude, besteak beste, Henrik Ibsen, Eugene Ionesco, Arthur Miller, Tennessee Williams eta halako autoreen itzulpenak, obra oso modernoak, gaur egun ere abangoardiatzat har daitezkeenak. Gaur egun, alferrik denbora galtzen ari da zenbait talde, horiek berriro itzultzen. Ez dut esaten itzulpen zahar horiek agian egokitzapenen bat beharko ez luketenik, euskara batura, adibidez, baina oso jende iaioak eta trebeak egindakoak dira». Ez da bakarrik itzulpenen arazoa: «1982an, Antzerti berriro funtzionatzen hasi zenean, euskal testuei buruzko bilduma bat bazen. Baina Antzerti itxi zen, eta bilduma hura hantxe bukatu zen».

Konponbideak izen-abizenak ditu, eta lau pareta: Euskal Herriko Arte Eszenikoen Dokumentazio Zentroa, izen horrekin, edo beste batekin. Denak datoz bat eskakizunarekin, eta gehienek aipatzen dituzte Espainiako eta Kataluniako erakundeen adibideak. «Hemen ez dago halakorik», gogorarazi du Urkizuk, «eta gauzak sakabanatzen ari dira, galtzen. Tristea da hori». Ondarea gordetzea, izan ere, inportantea da: «Funtsean, zerekin geratuko ginateke Shakespeare gorde izan ez bagenu? Lehenbizi, zaharren tradizioa ezagutu behar da, euskaraz egindako lana, eta, horrela, norberaren hizkera propioa ere aberastu. Horiek ezagutu gabe, beti ibiliko gara asmatzen, eta lehendik egindako lana ezin da mespretxatu».

Zentroaren alde mintzo da Gonzalez ere: «Informazioa bateratuko duten langileak izango dituen zentro bat behar dugu, Euskal Herriko gaurko begirada egingo duena eta, horren ondoren, eta horren ondorioz, planteamendu zehatzak egingo lituzkeena, materialari erabilpena emateko eta errekurtsoak ustiatzeko». Katalizatzaile bat, nolabait, gordeleku hutsa baino gehiago. Akuilu bat, lankidetza estrategiak bultzatuko dituena taldeek berek ekoitzitako materialaren inguruan.

Bat egiteko mekanismoak

Dokumentazio zentroarena da aldarri nagusia, baina badira euskal antzerki panorama saretzen lagunduko luketen bestelako neurriak. Antzerki eskolen arteko nolabaiteko homologazioa, adibidez, positiboa litzateke, Etxeberriaren ustez: «Beharrezkoa da oinarrizko batzuk finkatzea, eta horiek sozializatzea. Hau da, euskal antzerkiaz zer daki euskaldun batek? Ikastola batean, zer daki haur batek euskal antzerkiaz? Hori dena egiteke dago, eta oso inportantea da. Oinarri komunak behar dira, eta, hortik harago, bakoitzak berea garatu». Lursail bateratua landu, alegia, toki eta eskola bakoitzeko berezitasunak kontuan hartuta.

Bide konplexua dirudi, baina badira pauso zehatzak. Nonbaitetik hasten dira halako prozesu orokorrak, eta, aukeran, «gauza zehatzen» inguruan lankidetzak bilatzea nahiago izaten du Gonzalezek. Adostasunak, oraingoz, antzerki hiztegi bateratua lantzeko erronkaren inguruan batu dituzte euskal antzerkiko eragileek. Ideia bat da oraindik, baina begi onez ikusi du askok eskoletarako euskarazko terminologia bakarra zehazteko asmoa. Mahai gainean da, halaber, Patrice Pavisen Dictionnaire du théâtre. Termes et concepts de l'analyse théâtrale antzerkiaren erreferentziazko hiztegia euskaratzeko proposamena. Eta modu bateratuan egitearen alde mintzo da Gonzalez: «Ez badugu elkarrekin egiten, bakoitzak ahal duen moduan erabiltzen ditu terminoak, intentzio onenarekin. Itzulpen horiek balio dute norberaren egunerokoan, baina besteekin partekatzerakoan ez datoz bat. Horrek denbora galtzea dakar».

Sareak, eskala txikian

Betidanik, publikoarekin konektatzeko zailtasunak izatea da euskal antzerkiari egotzi zaizkion beste gabezietako bat. Antzokiak betetzeko lanak egin behar izan ditu luzaroan. Orain, ñabardurak ñabardura, arazoa gainditzeko bidean da euskal eszena. Oro har, garai onean dagoela uste du askok. Arazoa, akaso, konparatzea baita. Hala uste du Lipusek, behintzat: «Penak izaten ditugu, askotan konparatzen dugulako gure errealitatea beste errealitate batzuekin. Kristoren mania dugu euskal antzerkia bertsolarien mugimenduarekin konparatzeko, edo, harago, Frantziako edo Espainiako teatroarekin parekatzeko. Hor dugu akatsik handiena, hortik datorkigu pena. Uste dut oso baikor izan gaitezkeela, eta badirela uneak erakusten digutenak antzerkia oso osasuntsua dagoela. Asteartean Hernanin egon nintzen, eta beteta zegoen antzokia. Badakit ez direla mila plaza, baina hor zeuden 170 pertsona horiek merezi zuten antzerki hori».

Horregatik, euskal antzerkiaren erronka eta hutsuneak bere neurrian aztertzeko eskatu du Lipusek. Euskal antzerkiaren espazioa neurtu, eta eginkizunak bere eskalara ekartzea. Saretzeari dagokionez, berdin: «Saretzea era txikian egin behar da, gauza txikiei balioa emanez, eta gauza txiki horiek hartuko dute gerora handitasuna. Baina ezin gara hasi etxea teilatutik eraikitzen».

Antzeko espirituz mintzo da Etxeberria ere: «Oso baikorra naiz; antzerkia ikustera joan, eta plazera hartzen dut. Irri egiten dut, eta negar. Kalitatea handia da. Inoiz baino gehiago sortzen da euskaraz, eta geroz eta hobea».

Egoerak, beraz, agian gehiago du gozotik, gazitik baino. Hutsuneak, oro har, identifikatuak dira, eta horietan buru-belarri sakontzea falta da. Martxa onean ari dira arraunlariak, norabide ona hartuta. Baina indar handiagoz egin daiteke arraun, elkarrekin bada, eta ez nor bere aldetik.

BERRIAn argitaratua (2016/03/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA