astekaria 2020/10/09
arrowItzuli

kultura

Barrutik so dagoen poeta

Itziar Ugarte Irizar

Barrutik so dagoen poeta

Azken bi urteetako giro nahasiaren ondotik, ohi duen prestigio eta distira izen bakar baten bueltan jarri nahi izan du ostera Suediako Akademiak: Louise Gluck poetarengan. Hura izendatu dute 2020ko Literatur Nobel saridun. New Yorken jaio zen, 1943an, Long Islanden hazi, eta Cambridge (Massachusetts) du bizileku egun. Irakaslea da Yale Unibertsitatean, eta 1960ko hamarkadaren azkenetan hasi zen bere obra poetikoa argitara ematen. Zehatz, 1968an egin zuen debuta Firstborn obrarekin, eta berehala sartu zuten AEBetako literatura garaikideko poeta nabarmenen zerrendetan, bere belaunaldiko poeta esanguratsuenen artean eutsiz gaurdaino. Denera, hamabi poema liburu argitaratu ditu, baita poesiaren gaineko hainbat saiakera ere.

Akademiak nabarmendu duenez, idazkera aratz baten bilaketan datza Glucken lanaren balioa, Nobel saria irabazi izanaren merezimendua. Akademiako kideen esanetan, araztasun hori bilatzeko ahaleginak ezaugarritzen baitu batez ere idazlearen obra. «Haren poemetan, ni-ak bere ametsetatik eta ilusioetatik geratzen dena aditzen du, eta inor ezin da izan bera baino gogorragoa ni horren ilusioei aurre egiteko», erantsi dute. Haurtzaroa, familia bizitza eta gurasoekiko zein beste senideekiko harremanak dira haren poemetan behin eta berriro agertzen diren gaiak. Beretik emanak, baina geruza pertsonal hori gainditzeko idatziak. Sakonean, galeraz, heriotzaz, porrotaz, minaren ondorengo sendatze uneaz ari direnak. Horien atze-oihal autobiografikoari ez dio inoiz uko egin egileak, baina ñabartu izan du ezarri izan dioten «poeta konfesionalaren» etiketa. Eta hala egin dute Nobel sariaren arduradunek ere, Gluckek «edertasun soil batez, existentzia indibiduala unibertsal» bihurtzen duela goraipatuz.

Mito eta motibo klasikoetara jo ohi du idazleak unibertsaltasun horretara iristeko, eta horregatik daude haren lanak Dido, Persefone, Euridize eta antzinatik datozen ahots gehiagoz beteak. Abandonatuenak, zigortuenak, traizionatuenak. Akademiako kideen ustetan, «transformazioan dabilen ni baten maskarak» dira ahots horiek Glucken lanean, eta maila pertsonalean bezainbesteko eraginkortasunez irakur daitezke maila unibertsal batean. Hor dago zenbait adituk Gluck Anne Carson egile estatubatuarrarekin erkatu izanaren arrazoietako bat, greziarrekiko eta iturri klasikoekiko loturan —Carson zen, hain zuzen, Nobel saridun izateko kinielek aurten gehien aipatzen zituztenetako bat—.

Olga Tokarczuk idazle poloniarraren eta Peter Handke austriarraren ondotik jasoko du letren eremuko aitortzarik goratuena Gluckek. Haien aurretik, Kazuo Ishiguro japoniarrak eskuratu zuen, 2017an. Baina hurrengoa urte polemikoa izan zen akademiarentzat, sexu abusuen salaketen eraginez, literatur saririk ez banatzea erabaki baitzuten —horregatik iazko sari bikoitza—. Pentsatzekoa zen, beraz, aurtengoa ohiko martxa berrartzeko urtea izango zela Suediako etxearentzat. Koronabirusaren pandemiak eragindako segurtasun neurriengatik, ordea, normaltasunera itzuli nahian ari den akademiak izango du beste oztoporik aurten. Abenduan Stockholmen egin ohi duten sari-banatze ekitaldia ez egitea erabaki dute, eta, hala, AEBetan bertan emango diote Nobel saria Glucki, aurrez irabazi dituen aitortza esanguratsuen zerrendara batuz: horien artean ditu, besteak beste, 1985ean jasotako National Book Critics Circle Award saria, Triumph of Achilles lanagatik; 1993eko Pulitzer Poesia saria, The Wild Iris poemagatik; eta 2015eko Arteen eta Letren AEBetako Akademiaren Urrezko Domina. Hala diote The Wild Iris-ek lehen ahapaldiek: «Nire oinazearen bukaeran/ ate bat zegoen./ Entzun ondo: heriotza deitzen duzun hori/ gogoan dut./ Han goian, hotsak, pinuaren adaskak mugitzen./ Gero ezer ez. Eguzki ahula/ dardarka zegoen gainazal lehorrean./ Ikaragarria da irautea/ lur ilunean lurperatutako/ kontzientzia gisa».

Poesia eta poesiaz

Urteak ziren Literaturako Nobel saria ez zela poeta baten eskuetara heltzen —Wislawa Szymborska poloniarra (1996) eta Seamus Heaney irlandarra (1995) izan ziren azkenak; Bob Dylanen letragintza poesiatzat jo zuenik izan zen arren 2016an—. Glucken Nobel sariaren berri jakitean, hark poemetara eramandako bizi puskak irakurleari bere esperientzia propioa balitz bezala helarazteko duen dohaina ekarri dute gogora zenbait kritikarik, erabat arruntak diruditen gertakariak argitzeko duen gaitasuna.

Ama hizkuntza duen ingelesean ondu du bere obra osoa Gluckek, eta The Triumph of Achilles (1985) eta Ararat (1990) liburuekin zabaldu da lan horren oihartzuna gehien, bai AEBetan eta bai handik kanpo ere. Ararat-en kasuan, idazlearengan gako diren hiru elementuk egiten dute bat, akademiako kideen arabera: familiaren gaiak, «jakintza soila», eta liburu guztia osotasun batera eramaten duen konposizioak. «Tonu ustez naturala harrigarria da. Familia harremanen inguruan topatzen ditugun irudiak bortizki soilak eta mingarriak dira. Apala da, eta gogorra, inongo apaingarri poetikoren aztarnarik ez duena», idatzi dute.

2006ko Averno-ri ere egin dio azpimarra akademiak, Persefoneren mitoari eta Hades inframunduaren jainkoari lotutako poema bildumari. Orain arte emandako azken poema liburua Faithful and Virtuous Night du Gluckek, eta hori ere «lorpen ikaragarritzat» jo du akademiak, zeinarekin National Book Award saria irabazi zuen 2014an.

Baina poesia idazteaz gain, poesiaz pentsatzeko saioak ere idatzi izan ditu Gluckek, eta horrietan azalarazi zein diren bere poesia lana ulertzeko koordenatuak. Ander Olson akademiako idazkariak zioen atzo, Glucken izena iragarri berritan, klasikoez gain, idazlearen garaitik hurbilago dauden poeta handi askorekin dituen elkarrizketak jasotzen dituztela haren saiakerek, T. S. Eliotekin, John Keatsekin, Emily Dickinsonekin, eta besterekin izandakoak.

Saiakera lan horietan aldaketaren beharraz aritu izan da Gluck maiz. Hala azaldu zuen duela hiru urteko elkarrizketa batean: «Mezurik baldin badut idazten duen edonorentzat, zera da: ezin duela eseri lasai bere burua errepikatzera. Akats hori larria da, zeren artearen ametsa ez da berrestea jada jakina dena, ezpada argi ematea ezkutatua izan denari».

BERRIAn argitaratua (2020/10/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA