astekaria 2020/10/09
arrowItzuli

gizartea

CLAUDIA PENNESE

«Hiriari beste era batean begiratzea da genero ikuspegia»

Igor Susaeta

«Hiriari beste era batean begiratzea da genero ikuspegia»

Claudia Pennese (Teramo, Italia, 1966) Arkitektura doktorea protagonistetako bat izan zen Bizitzeko hiriak: diseinu urbano kolektiboa ikastaroan. EHUk irailean antolatutako udako ikastaro horretan, hiru mahai inguru gidatu zituen, eta, gainera, berak ere eman zuen hitzaldi bat. Azkeneko hiru hamarkadetan hirien birsorkuntza integralak aztertu ditu; batez ere, genero ikuspegiak planteamendu horretan duen eragina. EHUren Arkitektura Fakultateko irakaslea izan zen, eta, horren barruan, RB3 Berrikuntza Urbano Integratua start-up-a zuzentzen du. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako sailaren administrazio kontseiluko kidea da.

Zer aldagai hartu behar dira kontuan hiri urbanistikoki inklusibo bat egiteko?

Diskurtsoa apur bat konplexua da. Orokorrean, hirien diseinuen ereduan benetako aldaketa bat gertatzeko, hasi beharko litzateke eremu urbano batzuei begiratzen, guk normalki periferiko deitzen diegunei. Kaltetuenak izan ohi dira. Begiratu beharko litzaieke, gainera, urbanismoak historikoki ahaztu dituen pertsonei: adinekoak, umeak, immigranteak, emakumezkoak... Hortik bideratu beharko litzateke oinarrizko aldaketa. Begirada aldatu, eta aintzat hartu behar dira beste faktore batzuk eta beste kolektibo batzuk.

Komunitatea ez baizik produktibitatea lehenetsi izan da hiriak eraikitzeko orduan?

Guztiz. Urbanismoa garapen industrialarekin jaio zen. Hirietan sortutako kaosa ordenatzen ahalegintzeko helburua zuen. Baina produkzioari begiratu zion. Sasoi hartako pertsonak gizonezkoak ziren, nagusiki: etxetik lantokira desplazatu behar zuten. Zentzu bat zuen orduan, egoera jakin bati erantzun ziolako; egungoaren aldean beste balio batzuk zituen panorama kultural batean jaio zen.

Problema da urbanismoaren ikuspegi horrek gaur egun arte iraun duela. Ikastaroetan aipatu dugu diziplina hori ez dela arbuiatu behar, ez, bere balioa baitu; baina beste tresna batzuk behar dira, urbanismo tradizionala dela-eta ezkutatuta dagoen hiriaren beste zati hori ezagutzeko.

Plan urbanistikoetan zer ikuspegi lehenesten da egun?

Aldatzen ari da. Egun, Euskadin, orokorrean, ez da hazkunde berririk bilatzen, lurrik ez dagoelako neurri batean; eta hori bada faktore oso-oso positibo bat. Batetik, ez delako eraikitzen —jarduera kutsatzaileenetako bat da eraikuntza—, ez diogulako lurrik kentzen naturari, eta hirian bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzen dugulako. Hori bai, ikuspegia jada produktiboa ez bada ere, oraindik... Asko hitz egiten da, baina gutxi egin. Kontzeptuak denok ditugu argi: hamabost minutuen hiria, gas isurketak mugatu behar direla, zerbitzuek modu uniformean banatuta egon behar dutela, garraio publikoa lehenetsi behar dela, oinezkoentzako bideak...

Baina...

Baina hori dena ez da modu egituratu batean egiten.

Zergatik ez?

Plangintzarako erabiltzen den tresna bera zaharkituta dagoelako; ez dago beste ikuspegi horretarako prestatuta.

Ikastaroan kontatu digute, adibidez, Bruselan beste politika bat bultzatu dutela, baina beste politika hori jaio da hori ahalbidetzen duen tresna legegile bat sortu dutelako. Plan orokorra alde batera utzita, hirian lan egin ahal izateko modu berriak bideratzeko, beste tresna batzuk definitu behar dira, eta horiek zaluagoak izan behar dute.

Urbanismoan genero ikuspegia nola txertatu ikertu duzu zeure ibilbidean. Nola ari da garatzen planteamendu hori Euskal Herrian?

Aurrerapauso handiak eman dira Euskadin azken urteetan. Hasteko, [EAEko] Berdintasun Legeak esaten du plangintza orokorrek jaso behar dutela genero ikuspegia. Lurzorua, beraz, ondo dago; baina hemen ere ezagutza falta da arazoa.

Baina ikuspegia ez da guztiz berria. Zerk eragiten du ezagutza falta hori?

Ez, ikuspegia ez da berria. Udaletan eta Eusko Jaurlaritzan badira sentsibilitatea duten pertsonak. Ez dakit, inertziak daude, baina esango nuke bidea irekita dagoela. Hori bai, egun plangintza egiten da, eta gero aztertzen da genero ikuspegitik; baina genero ikuspegiak plangintzaren jatorrian egon beharko luke. Izan ere, hiriari beste era batean begiratzea da genero ikuspegia. Urbanista feministek aldarrikatu zutenean, ez zuten emakumezkoentzat aldarrikatzen, baizik eta denontzako hiri inklusiboago bat edukitzeko.

Argiztatzea hobetzen da, ikusgarriagoak egiten dituzte seguruak ez diren tokiak... Baina ez da hori bakarrik, ezta?

Ez, ez da hori bakarrik. Garraio publikoa hobetzea, eskatutako geldialdiak txertatzea horietan... Eta hori ez da soilik emakumeentzat erabilgarria. Azken finean, gertutasuna da gakoa, hiria trinkoa izatea. Segurtasuna argiztatze ona edukitzetik dator, baina baita pertsonek beraiek espazio publikoaz egiten duten kontrol sozialetik ere. Kontrol soziala duen espazio bat, jendea duena, seguruago antzematen duzu.

Zaintzaren kontzeptua ahaztua bezala egon dela uste duzu.

Baina geroz eta gehiago hitz egiten da. Irunen [Gipuzkoa] zaintzaren mugikortasunari buruzko ikerketa bat egin zuten duela bi urte. Aztertu zuten nola desplazatzen diren zaintzan lan egiten duten pertsonak, hain zuzen, horren arabera garraio publikoa hobetzeko. Aurrerapausoak ematen ari dira, baina poliki-poliki.

Kontsentsua eragiten du edo oraindik badira erresistentziak?

Kontsentsua handia da. Lehen esan dugun bezala, ordea, gauza bat hitzak dira, eta beste bat ekintzak. Lehengoan albiste bat irakurri nuen Interneten, esaten zuena —buruz ari naiz— Espainiako Estatuan ikerketa bat bultzatu behar zutela trafiko seinaleak hobetzeko, detektatu baitzuten genero ikuspegitik baztertzaileak zirela. Bada, albistearen azpian jendeak egindako komentarioekin apur bat haluzinatu nuen. Esaten zuten, gehienbat, txorakeria bat zela ikerketa hori, seinaleen kontua. Baina irudikatze sinbolikoa, espazio urbanoan bertan figura femeninoa maskulinoaren aldean nola bisualizatzen den, gakoa da. Beraz, komentario horiek pentsarazi zidaten hainbat pertsonak oraindik ez daukatela barneratuta. Hortaz, esango nuke sentsibilizazio lan bat behar dela, jendea ulertzen has dadin diseinu urbanoak pisu inportantea duela gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean.

Nola eragin diezaiokete pandemiaren ondorioz hartutako neurriek hirien diseinuari?

Zerbait ona ekar dezakeela uste dut. Esaterako, Jaurlaritzak onartu ditu diru laguntzak etxebizitzetan balkoiak jartzeko. Genero ikuspegia aintzat hartuta, aspalditik esaten da etxeek balkoiak eduki behar dituztela; ez bakarrik bizi direnek barruak arintzeko, baita lehen aipatutako kontrol sozialerako ere, modu horretan etxea espazio publikoarekin erlazionatzen delako. Bestalde, esaterako, espaloien zabalera handitzea ere ekarriko du, eta hori ona da, trafikoa mantsotzen duzulako modu natural batean.

BERRIAn argitaratua (2020/10/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA