bizigiro
Instagram: irudia jaun eta jabe
Uxue Gutierrez Lorenzo
Kevin Systrom eta Mike Kriegerstek 2010eko urriaren 6an aurkeztu zuten Instagram sare soziala. Tresna berri bat agertu zen Facebook, Twitter, Snapchat eta Whatsappen lurralde digitalean. Hasieran, sakelakoekin egindako argazkiak erraz editatzeko asmoz sortu zen. Oso logika erraza zuen, eta du, Instagramek: irudiak dira nagusi. Argazki eta bideo formatuan eduki bisuala sortzea da Instagramen oinarria. Argazki bat aukeratu, iragazki bat edo beste hautatuz irudia txukundu, eta irudia argitaratu. Hiru urratsetan, hiru klik soiletan, bukatzen da prozesua. Testu oso gutxi, eta irudi zaparrada handia eta oso azkarra; horra hor Instagramen funtsa. Aplikazioa sortu zenetik hamar urtera, irudia da jaun eta jabe mundu digitalean. Ikusi eta jarraitu BERRIAren Instagrameko kontua: 16.000 jarraitzaile baino gehiago Aurkezpen datatik bi hilabetera, milioi bat erabiltzaile zituen Instagramek. 2011n, traolak txertatu zituzten, eta urte horren amaieran hamar milioi erabiltzailek deskargatu zuten aplikazioa. Hamarkada bat igarota, hilero 1.000 milioi erabiltzaile aktibo pilatzen ditu, eta sare sozialetan gehien erabilia bilakatu da. Data Reporterek argitaratutako datuen arabera, 2020ko urtarrilean soilik Youtubek eta Facebookek zituzten Instagramek baino erabiltzaile gehiago. Facebook da, oraingoz, munduan erabiltzaile gehien dituen sare soziala: 2.400 milioi erabiltzaile. Aplikazioa erraza eta azkarra da, eta etengabe gaurkotzen ari da. Denbora tarte oso laburrean aukera berriak erantsiz joan dira sortzaileak, kontsumitzaileen beharretara egokituz. Logoak ere izan du bilakaera: Polaroid kamera klasikoaren ikonoa berritu zuten 2016an. Dinamismo horretan asmatu du Instagramek, Amaia Arroyo Sagasta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakasle eta ikertzailearen esanetan: «Irudiaren kontsumoa jarri du erdigunean; gainerako sare sozialetan testu gehiago dago. Instagramek esfortzu kognitibo gutxiago eskatzen duenez, errazago murgiltzen gara». Bada, garaiaren erritmoarekin bat datorrela nabarmendu du Angeriñe Elorriaga EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakasleak: «Irudiaren garrantzia berreskuratu du, jakinda une honetan edonor dela gai argazkiak atera eta irudiak sortzeko». Etengabeko nobedadeak Sare sozialaren erabilera esparrua ez da irudiak orraztu eta argitaratzera mugatu. Bide berriak zabaltzen aritu dira sortzaileak. Lehenik, argazkiak igotzeko gunea izan zen; erraz txukundu zitezkeen irudien galeria bat balitz bezala. Gero, sare sozialak bideo laburrak gehitzeko aukera zabaldu zuen. Bideo luzeak egiteko aukera sortu zuen 2012an, Instagram TV espazioaren bidez. Mezularitza zerbitzua ere ezarri zuen, irudiez gain, erabiltzaileen interakzioa elikatuz. 2016an, zuzeneko bideoak eta story-ak (istorioak), hau da, 24 orduan desagertzen den edukia, plazaratzeko aukera txertatu zuen. Aurten, Reels izeneko bideo musikatuen kanala sortu du. Berrikuntzen abiadan dago arrakasta: «Instagramek integratu ditu zerbitzu asko oso erraza izan dadin bertan egon eta bertan kontsumitzea». Arroyok lau ezaugarri identifikatu ditu: bat, erraztasuna. «Irudiak igotzea eta ikustea segundoko kontua da». Bi: Facebooken ez bezala, pertsonalizatzeko aukera. «Ez dago harreman horizontalik; nik jarraitzen dudan norbaitek ez nau zertan ni jarraitu. Beraz, erabiltzaileak hautatu dezake zer ikusi eta zer, eta edozein unetan aldatu». Hiru: komunikaziorako aukera: «Iruzkinak egitea izugarri erraza da: Instagramek berak zenbait ikur iradokitzen ditu; ez dago iruzkina idazteko beharrik ere». Azken ezaugarria gizartearen erritmo azkarrari lotuta dagoela esan du Arroyok: bat-batekotasuna. «Story-ak oso adibide garbia dira: eduki laburrak eta egun batean desagertzen direnak, azkar sortu eta azkar kontsumitzekoak». Sare sozialak egindako apustuak fruituak eman ditu. Erabiltzaile mordoa du sare sozialak. Gazteak dira gehienak; hau da, 18 eta 34 urte bitartekoak. «Tarte horretan kokatzen dira erabiltzaileen %70», azaldu du Elorriagak. Komunikazio irakasleak ohartarazi du oso erabiltzaile «aurreratuak» direla, sare sozialaren erabilera «ludikoa eta entretenimendura bideratua» egiten dutelako. Baina zergatik erakartzen ditu Instagramek gazteak? Hainbat arrazoi egon daitezke. Esaterako, nor ez dagoen bertan.«Heldurik gabeko espazio bat da, gurasorik gabekoa, beraien territorioa», baieztatu du Arroyok. Bestetik, zerbitzu aniztasuna: «Gazteek bertan dute behar duten guztia. Dena egiten dute Instagramen: argazkiak igo, ikusi, hitz egin...», gehitu du Elorriagak. Miresten dituztenak ere bertan daude: influencer-ak eta pertsonaia ezagunak. Musikariak, aktoreak, futbolariak, marrazkilariak... Gehienek dute Instagram kontua. Euskal Herrian, esaterako, Zuriñe Hidalgo musikariak 22.000 jarraitzaile baino gehiago ditu. Erreminta baliagarritzat du sare soziala: «Espazio bat da nire lana ezagutarazteko eta gainerakoei aurkezteko». Lan profesionalaz gain, bestelako edukia ere partekatzen du. «Nire hausnarketak edo bizipenak konpartitzeko espazio bat ere bada». Halere, musikariak aitortu du buruhauste ugari sortzen dizkiola sare sozialaren erabilerak. «Benetan pentsatzen dut sare sozialak direla sistemak duen arma bat gu manipulatu eta kontrolatzeko. Kontraesanen mundu honetan, eta kontziente izanik honetaz, saiatzen naiz erabilera ahalik kontzienteena egiten». Kontuz ibiltzeko deia ere egin du: «Duela urtebete, kontua hackeatu zidaten. Orduan, zer? Bat-batean desagertu egiten naiz mundutik? Horrek erakutsi zidan Instagramen arrakasta faltsua dela; edozein unetan eror daiteke». Marken erakusleihoa Norbanako anonimo eta ospetsuak, baina, ez dira erakusleiho digitalean murgildu diren bakarrak. Markak, handi zein txikiak, bete-betean murgildu dira kontsumitzaile berrien peskizan. Publizitatez josia dago Instagram. Elorriagak jakinarazi duenez, iragarki eta promozio horien gehiena ez da agerikoa. Hori, baina, publizitatearen berariazko ezaugarrien aurkakoa da: «Publizitatearen oinarria da audientziak garbi eduki behar duela iragarki baten aurrean dagoela; Instagramen ez da hori gertatzen». Arrate Sanchez Oreka IT informatika aholkularitza enpresako marketin saileko arduradunak uste du oso tresna baliagarria dela marka eta komertzioentzat: «Guretzat ez da tresna egokia, ezin dugulako bisualki egiten duguna kontatu; baina produktu enpresei aholkatzen diegu Instagram kontua izatea». Erabilgarria zaie markei. «Bezero potentzialak bereganatzea eta ikusgarritasuna lortzea oso erraza da Instagramen bidez». Erakusleiho erraldoi bat da Instagram, irudiz betetako gordailua. Erabiltzaileek irudi artean ez galtzea dute erronka.