astekaria 2016/03/11
arrowItzuli

mundua

FERNANDO BOSSI

«Iraultza ez da denok eskutik helduta Silvio Rodriguez kantatzea»

Amagoia Mujika Tolaretxipi

«Iraultza ez da denok eskutik helduta Silvio Rodriguez kantatzea»

Fernando Bossi argentinarra da, baina Venezuelan urteak daramatza bizitzen. ALBAren webgunearen zuzendaria da, eta Emancipacion zientzia politikoen eskola zuzentzen du. Zazpi urtean Miraflores jauregiko aholkulari izan zen Hugo Chavezen garaian, eta Evo Moralesen gobernuan ere izan zen aholkulari. PSUV gobernuaren alderdiko militantea da, baina «oinarrikoa». Venezuelako egoera larria dela uste du, baina chavismoa oraindik sendo dagoela, erasoei eusteko moduan.

Zer ari da gertatzen Venezuelan?

Gaur egun daukagun arazorik larriena petrolioaren prezioaren jaitsiera da, petroliotik bizi baikara. Ez dugu ezer ekoizten; errentetatik bizitzeko kultura kapitalista jaso dugu, zoritxarrez. Hemen klase boteretsu bat daukagu: burgesia. Gutxi dira, baina ekonomia kontrolatzen dute, eta ez diegu aurre egin, pentsatzen genuelako petroliotik bizi gintezkeela, eta orain burgesia hori itotzen ari zaigu: hornikuntza gabezia eta prezioen igoera kaosa eragiten ari dira. Venezuelarren kontzientzia handiarengatik ez balitz ez geniokeen egoerari eutsiko.

Chavismoak ere jarri du bere partea egoera nahasi honetan. Ez duzu uste?

Egoerak nahasmen handia sortu du jendearengan, eta chavisten artean nabaria da; ziurtasunik eza dago. Gauza asko hobetu behar dira. Gabezia asko dauzkagu bistaratzen direnak gauzak gaizki doazenean. Irabazten denean dena ongi doa, baina galtzen denean, ezbaian jartzen da dena. Sektore estalinista bat badago, burokratak, dena estaltzen saiatzen direnak, esanez Chavezen legatua hemen dagoela eta irabaziko dugula? Min handia ematen du, nire ustez. Baina badago militantzia sano bat, aurrera doana eta eraikitzen saiatzen ari dena, antolatua dagoena, erabateko borrokan. Erreserba handiak dauzkagu oraindik, ez soilik botereak ematen duen indar politikoa; herri kontziente bat gara, eta haren indar morala oso garrantzitsua da. 4.000.000 boto izan zituen chavismoak, baina horietatik 500.000 eguneroko militante dira, kalean, auzoan, lantegian, unibertsitatean borrokan.

Ezin da ukatu, ordea, oposizioa indar handia hartzen ari dela, eta legebiltzarra botoen alde handiarekin eskuratu duela, garai batean chavistenak izan ziren boto askorekin ere bai.

Chavista batzuek hori diote: bi milioi boto beste aldera pasatu zirela. Baina ni ez nago ados. Gureak badira, nola pasatuko dira beste aldera? Baina botoaren izaera nolakoa den aztertu behar da: bi milioi boto daude batera eta bestera dabiltzanak, bozetan erabakitzen dutenak beren botoa. Urak bitan banatuta daudela dirudi, chavisten eta eskualidoen artean, baina ez da horrela. Hirutan banatuta dago. Hiru horiek ez badira aztertzen analisia pobrea da.

Zer esango zenioke burokrazia eta ustelkeria gobernuaz bereganatu dela dioenari ?

Gauza asko zuzendu behar dira. Chavismoaren barruan badago halako klase burokratiko bat, identifikatzen dituen hizketa bat duena, jarrera bat, itxura bat. Bai praktikan eta bai teorian ere izaera sozialdemokrata da, beste ezer baino gehiago, eta horren muturrean badago jarrera ultraezkertiar bat ere. Badago jende bat ?prozesu guztietan ?, estatuaren barruan botere espazio baten ardura izan, eta beste auzo batean bizitzen jartzen dena, diru gehiago irabazten duena, eta oinarrietatik urruntzen dena. Chavismoaren gainbeheraren arrazoietako bat hortik etor liteke, eta hortik eratortzen den ustelkeriatik. Baina gizartearentzako zerbitzuak eta onurak garrantzitsuagoak dira. Lan handia egiten da herritar xumeenen alde. Hori da ahaztu behar ez duguna.

Ezkerreko alderdietako batzuek oso eskuinean dauden oposizioko alderdiekin bat egin dute MUD Batasun Demokratikoaren Mahaia aliantzan. Nola uler daiteke hori?

Badaude ezkerretik datozen taldeak, bai. Hor dago, besteak beste, Bandera Roja Venezuelako ezkerreko talde historiko bat, baina esango nuke ezkerrekoa sentitzea eta MUDen egotea oso zaila dela, ikusita norekin dauden aliatuta, eskuin-eskuinarekin, herri honen jabetza daukan %0,5arekin. MUD neoliberalismoaren ordezkaria da, eta hainbat jardueratan faxismoarena ere bai.

MUDek Maduro kentzeko neurriak hartuko dituela iragarri du. Gobernua arriskuan dago?

Neurriak hartuko dituzte, bai, baina arazo bat dute: eskuina ez dago batua. Ikusten dutena da gobernua ahul dagoela, eta kolpetxo bat eman eta botako dutela. Baina nor izango da presidente berria? Bost hautagai daude gutxienez, eta bakoitza bere botere guneekin. Bigarren gauza: Madurori kolpea emateko moduari buruzko bi iritzi daude: kolpe baten bidez, edo kentzeko presio eginez. Baina era berean, eztabaida askoz sakonagoa da, eta pentagonoa horretan zentratzen da. Galdera hauxe da: eskuinak gobernua eskuratzen badu gaur edo bihar, goberna dezake? AEBak kontziente dira chavismoa ez dagoela banatua, eta lan hori egiten ari dira pixkanaka. Haientzat egokiena litzateke chavismoa hiru zatitan banatzea. Horrela bai, kenduko lukete gobernua, baina bestela zaila ikusten dut.

Egoerari aurre egiteko moduan da, beraz, chavismoa.

Chavismoaren boterea handia da oraindik. Hamazazpi urtean eraikitako egitura dauka: gobernua dauka, zeinak ministerioak dituen, eta haren instituzio guztiak. Auzitegi Gorenak funtzionamendu ona dauka. Arartekoak, armadak eta poliziak ere bai. Zer esanik ez antolatuta dagoen herriak. Egitura hori guztia hartzeko zailtasunak ez dira txikiak izango.

Bitartean, herritarrak sufritzen ari dira. Nola aldatu egoera?

Aldatuko da, baldin eta gobernuaren neurri ekonomikoak eraginkorrak badira eta, behingoz frenoa jartzen badiogu burgesia inportatzaileari. Ezinbestekoa da kanpoko merkataritza nazionalizatzea. Venezuelako burgesiak ez baitu dolar bat ere produzitzen. Dibisak petrolioak produzitzen ditu, eta, beraz, dibisak maneiatzeko eskubidea dugu, 2003tik 400 milioi dolar joan baitzaizkigu hortik. Urtebeteko BPGaz hitz egiten ari gara, diru hori maneiatzen duten talde enpresarial eta familia oligarkikoez. Gureak egin du sektore hori ez bada likidatzen.

Venezuelan ez ezik, Bolivia, Ekuador, Brasil eta Argentinan eskuina ari da herriez jabetzen.

Bai. Argentinan eskuin neoliberal okerreneko gobernua daukagu; Venezuelan legebiltzarra galdu dugu, eta sekulako jipoia eman digute. Boliviako erreferenduma galdu da. Eskuineko ofentsiba bat dagoela ikusi nahi ez duena errealitatetik kanpo bizi dela uste dut. Baina horrek ez du esan nahi dena galdua dagoenik. Ez da perspektiba galdu behar. Iraultzaren bidean urte asko daramatzagunok badakigu arerioaren aurrerakada basatia espero zen zerbait dela. Jende batek pentsatzen du iraultza hori zela: Chavez komandantea, eta gero indiar bat, denak eskutik helduta, eta Silvio Rodriguez kantatzen. Nahiko nuke iraultza hori balitz, baina ez da. Inperialismoa krudela da, pazientzia dauka, lanean etengabe dihardu, eta barrua janez joaten da. Herrialde guztietan izan ditugu estropezuak: 2002an, Venezuelan estatu kolpea; Evo Morales eta Rafael Correaren kontrako saialdiak... Badakigu nola ekiten duen, eta badakigu gure gobernuak kolpatuz bota edota domatu nahi dituztela. Herriaren esku dago hori ez gertatzea.

BERRIAn argitaratua (2016/03/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA