gizartea
Nahiago dute eskolara joan
Arantxa Iraola
Beste ondorioetako bat, hona: guraso askok adierazi zuten umeek «denbora gehiegi» eman zutela egoera berezi horretan eskolako lanak egiten. %45ek esan zuten denbora tarte bat eman behar zietela egunero etxeko lanei, %26k denbora dezente, eta %8k, asko. «Bereziki ikusten da adin batetik aurrera: zenbat eta nagusiago, etxeko lan gehiago», nabarmendu du Berasategik. Areago, gurasoen %52k adierazi zuten seme-alabak «estresatuta» ikusten zituztela. Eta estres horri atxiki behar zaio pandemiak, oro har, etxe gehienetara eramandako artegatasun egoera. «Guraso gehienak estresatuta zeuden egoerarengatik». Emozio gogor asko agertu zaizkie ikerketan: «Estresa, frustrazioa, gainezka eginda egotea». Hala ere, eskolako ohiko martxa apurtuta, guraso gehienek lagundu egin behar zieten etxean seme-alabei eskolako lanekin; soilik %7k esan zuten ez zietela inolako laguntzarik ematen. Irakasleen «inplikazioa» goratu zuten gehienek, baina askok sentitu zuten seme-alabek arta «jarraituagoa» behar zutela. «Hainbat gurasok esan zuten ez zirela gai sentitzen haiei laguntza emateko, batez ere seme-alabak nagusiago egin ahala».
Nerabeei jasotako datuek ere erakusten dute zama: %37k adierazi zuten nahiko estresatuta zeudela ematen zizkieten lan guztiekin, eta %33k, oso estresatuta. %98k azaldu zuten iruditzen zitzaiela denbora gehiegi ematen zutela eskolako lanak egiten.
Ondoan ikaskiderik gabe
Inkestaz harago, elkarrizketak ere egin zituzten ikerketan, eta gurasoen artean usu agertu zen kezka bat izan zen zer bakartuta jarduteak ondorio izan zezakeen umeengan, adineko ikaskideak ondoan izan gabe, haiekin harremanak oso urrituta. «Arduratuta zeuden haurrek, gelako lagunekin, berdinekin, kontaktu gutxiago zutelako; azkenean eskola da sozializaziorako gune bat», azaldu du Berasategik. Agertu ziren izurriak haurren «egoera emozionalean» laga ditzakeen ondorioei buruzko kezkak ere gurasoen artean. «Eta uste dute eskolan hori ere landu behar dela, bitartekoak jarri behar dituela horretarako». Alor akademikoan, kezka apartekoa gai batekin: euskara. «Ume askok euskararekin harreman bakarra eskolan izaten dute».
Konfinamenduak utzi zituen gogoeta gozoak ere. Zenbait familiak nabarmendu zuten, halako era ustekabean heldu bazen ere, ederra izan zela «familian igarotzeko denbora gehiago» izatea; areago, hazten ere lagundu ziela: «Zenbaitetan, ezagutzen ez zituzten aukera berriak aurkitu zituzten. Txikienekin agertzen da, batez ere, aurretik egin izan ezin zituzten gauzak egiteko era izan zuten». Galdera egin zieten nerabeei koronabirusaz orokorrean ere. Maiz zabaltzen diren mezuek diote gazteenek birusa hutsaltzera egiten dutela, baina ikerketan askotan adierazi zuten honako kezka hau: «Etxekoak, batez ere adinekoak, kutsatzea».