astekaria 2020/10/09
arrowItzuli

iritzia

Torrealdai, presentzia adiorik gabea

Anjel Lertxundi

Torrealdai, presentzia adiorik gabea Anjel Lertxundi

Ez adiorik.

Manex Torrealdaik Ez adiorik, aita izeneko artikulu gogoangarri batekin agurtu zuen bere aita. Berripaper honek Joan Mari Torraldeairi eskaini zion gehigarriko artikulugile askok ere ez adiorik espresioa baliatu zuen. Semeak eta hainbat lagunek erabilitako formulak oso gutxi zuen kasualitatetik: zentzuz kargatutako aldarri bat zen aitaren bizitzan. Manex Erdozaintziri ikasi omen zion Torrealdaik espresioa eta, ordutik, gutun eta abisu-trukatze gutxi bukatuko zuen esapide hori erabili gabe. Torrealdairi ikasi nion nik, eta ia nerabezarotik, ez adiorik eta Torrealdai bat dira nire oroimenean. Haren lehen mezua jaso nuenean, Tolosatik, aitor dut ez nuela agurra garden ulertu: adioaren ukazioa ematen zuen. Gaztelaniak euskara herdoildu eta belarriak baldartu dizkion baten interpretazioa zen, noski, nirea.

Orotariko-k dio, ez adiorik 'fórmula de despedida atenuada' dela. Ez da inola ere agurraren ukazioa, justu kontrara baizik: euskal erabilera eta esapide askotan bezala, ukoak egituratzen du formula, ez batetik datorren baietzak laster arte inplizitu batek ematen dizkio mamia eta indarra. Bide batez eta, nik dakidala, sakon aztertzeko dago ez baiezkoaren mekanismoa, bertsolariek usu erabilia eta ironia finaren motor izan ohi dena.

Ez adiorik, beraz. Laster (aurki, sarri) arte.

Torrealdaik orain bi hilabete doi utzi gintuen. Fisikoki, ordea. Munduak, eta munduan guk, aurrera segitzen dugu, horixe egia gordina. Ez dugu berriro elkartzeko aukerarik, ez dago laster arte bezalako eperik denborarik gabeko heriotzaren eremuetan. Baina, fortunaz, gizakiok ez gara natura hilkor soila, historia gara eta etorkizuna gara. Katebegi. Izan zirelako gara, izan garelako izango dira. Presentea bizitzen ari gara eta etorkizuna prestatzen. Bertan segitzen du Torrealdaik. Bizirik. Euskal lurrean, euskal belarrietan, euskal kulturan eta imajinarioan.

Entzuten geratu nintzen.

Oroimenak dirauen bitartean, hildakoak ezagunen memorian utzitako oihartzuna gelditzen da, Xabier Olarrak euskaratutako Raymond Chandlerren Ez adiorik (The Long Goodbye) nobelako bukaeraren testuingurutik estrapolatu dudan zati honetan bezala:

«Ez adiorik!

«Jiratu, gela gurutzatu eta irten zen. Itxi zen atea. […] pasiloan barrena haren pausoek urruntzean egin zuten hotsa entzun nuen […] entzuten geratu nintzen-.

Entzuten geratu ginen gu ere. Entzuten segituko dugu. Euskaldunok eta euskarak Torrealdairi esandako ez adiorik sentituak presentzia espirituala bihurtzen du haren ausentzia fisikoa. Ohartzen ez bagara ere. Handia da Torrealdaik euskal munduari egin dion ekarria, utzi duen oihartzuna. Torrealdairen oinordetza kulturala, adiorik gabea, etengabe eta nahieran daukagu eskura liburuetan, haren idatziek zabaldutako ideietan, ikerketetan, euskalgintzaren praktikan. Adiorik gabea da halaber presentzia erreala Torrealdairen lana hizkuntzari buruzko gure pertzepzioan; komunikazioari eta komunikabide euskaldunei bereziki prentsari eta liburugintzari buruzko hausnarketetan, proposamenetan eta praktikan; kulturaren eta auzo-lanaren arteko jardun aggiornatu baten bulkadan.

Lan bikain askoren artean, euskararen eta euskaradunon historiak bizi izandako pertsekuzioaren eta bazterketaren formak aztertu izana zor diogu Torrealdairi: euskal hiztunen memoriak gordetzen zituen arrastoak dokumentatu nahi izan zituen. Hartarako, legeak, debekuak, dokumentuak, zentsuraren jarduerak arakatu zituen eta han-hemengo hainbat artxibotako zoko ilunenak miatu. Handik ezin zitekeen atera liburu beltz bat baino: paper zahar haien hautsak harrotuz, dokumentatu zuen herri-memorian gordetakoa ez zela egia gordin baten mendrena baino.

Tamalez, ordea, bizitza sarri da paradoxikoa eta krudela aldi berean. Artxibotik artxibora liburu beltzaren orri are beltzagoetan letra zuriak idazten jardun eta urte batzuk geroago gertatu zen: ikertu zuen pertsekuzio linguistikoaren barne-muinetako espiritu supremazistak berak kriminalizatu egin zuen Torrealdai eta deliturik gabeko delinkuente bihurtu. Larrutik larru torturatutik eta torturen ondorengo lazturetatik ordaindu zuen memorian gordea genuenari historia idatziaren galga intelektuala eman izana: euskararen liburu beltzaren azken kapituluak (oraingoz) Egunkaria-ren mantxeta darama eta Joan Mari Torrealdai da bertako biktima beste hainbat lagunen konpainian.

Iraupena, ikusgarritasunaren berme.

Haustura askoren eskarmentua dugu nire belaunaldikoek, haietatik etorriak gara, abilak ginen-eta proiektu politikoak, sindikalak, kulturalak, editorialak, ikastolenak, komunikabideenak bat bitan, bat hirutan, bat lautan banatzen. «Euskal kulturari ikusgarritasuna ematen saiatu naiz», zioen Torrealdaik bere jardunbideari buruz. Baina ikusgarritasunaren kezkak arrisku du mamiaren gainetik itxura lehenetsi eta lanaren ondorioa efimeroa izatea. Zalaparta atera eta gero, laster itzaltzen den suziri bat. Arrisku horretatik ihes egiteko, iraungo duten erakunde kulturalen kezka zen nagusi Torrealdairen proiektuan.

Torrealdai intelektuala zen baina, aldi berean, aktibista, bi adjektiboen adiera nobleenetan. Soziologiaren alde zientifikoa estatistika baliatzen zuen euskal kultura analizatzeko, hutsuneak seinalatzeko, proiektuak pentsatzeko, iniziatibak bultzatzeko. Eta Torrealdairi soziologiak esaten zion ikusgarritasunik sendoena iraupenak dakarrela. Proiektu serio batek errespetua, erreferentzia, bagajea bilduko baditu urteen joanean da, iraupenean. Torrealdaik horren guztiaren premian ikusten zuen euskal kultura, Jakin aldizkaria zuen Torrealdai soziologia ikasten hasi aurretik sortua! horren ispilu: bizi da eta sano dago. Berak sortzen lagundutako beste hainbat proiektuk ere Elkar, Egunkaria/Berria… iraupenak ekarritako onarpen sozial zabala lortu eta ziurtatua dute.

Iraupenak diziplina eskatzen du, ordea, pazientzia, etorkizunerako bokazioa… Giro utilitaristak ez duela laguntzen, bizi dugun espiritu efimero-zaleak ere ez? Negar egitea librea da, baina baita antzua ere. Batez ere antzua, esaten ari zaigu Torrealdai, hainbeste egiteko dugunean esku artean.

BERRIAn argitaratua (2020/10/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA