astekaria 2020/10/09
arrowItzuli

politika

Bisean bisekorik gabe, eta ezin jakin noiz arte

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Bisean bisekorik gabe, eta ezin jakin noiz arte

Kristalarekin bisita egiteko aukera dago, baina...». Peru Iparragirre mintzo da, Marixol Iparragirre euskal presoaren semea. Bisita arrunten eta aurrez aurrekoen arteko diferentziaz galdetu dio kazetariak, eta berehala erantzun du, aski modu grafikoan: «Kristala da telefono dei bat izango balitz bezala, baina aurpegia ikusten diozu. Eta hor dago, baina...».

«Baina» bakoitzak ematen du diferentziaren neurria: «Ez dauka zerikusirik». Gauza bera pentsatzen dute Nagore Aramendi Agirregabiriak eta Leire Usabiaga Lunarok ere. Asier Karrera Arenzana euskal presoaren bikotekidea da Aramendi; Beñat Aginagalde Ugartemendiarena Usabiaga. «Kristala da gela txiki bat; ezin zara mugitu», dio Usabiagak. «Eta hitz egiten hasten bazara eta ez baduzu argi hitz egiten, ez du aditzen besteak, beste aldetik», Aramendik. «Ezin da ukitu, ezin da besarkatu...», jarraitu du.

Espainiako Estatuko kartzeletan dauden preso gehienei eten dizkiete aurrez aurreko bisitak, Espainiako Espetxe Erakundeen erabakiz. Irailean hartu zuten neurria, eta luzatzea erabaki dute orain: ez dakite noiz arte. Euskal presoak dauden Espainiako Estatuko 34 espetxetan jarri dute murrizketa: tartean, Hego Euskal Herriko espetxe guztiak, Galiziako denak, Gaztela-Leongoak, Madrilgoak. Baita Herrialde Katalanetako anitz ere, Andaluziako batzuk... Luzea da zerrenda, eta 130 euskal presori eragiten die; eta haien senideei. Guztiak eten dituzte: aurrez aurreko intimoak —bikotekidearekin egin ohi dira—, familiarrak, eta elkarbizitzakoak. Soilik kristal batek bereizita eta 40 minutuko iraupena duten bisita arruntak egin ditzakete orain.

Espetxe Erakundeek jakinarazi dute hiru astean behin berrikusiko dutela neurria, luzatu edo kentzen duten erabakitzeko. Irteera baimenak eta espetxeek programatutako ateraldiak ere bertan behera utzi dituzte aipaturiko espetxe guztietan.

Iparragirre, Aramendi eta Usabiagarentzat ez da berria egoera, martxoan konfinamendua hasi zenetik zaila izan baita presoekin komunikatzea. Bisita guztiak eten zizkieten hasieran, hiru hilabetez, eta ekainean hasi ziren pixkanaka euren senide presoekin zuzeneko harremana izaten. Baina hori ere ez zailtasun gutiagorekin: «Ekainaren 21ean egin zuen Marixolek 40 minutuko lehen bisita, kristalarekin, eta, gero, lehenengo aurrez aurrekoa berez uztailaren 30ean egin behar genuen, baina justu lekuz aldatu zuten egun horretan, eta ezin izan genuen egin», azaldu du Iparragirrek. Haren ama bueltaka ibili dute Brievatik (Segovia, Espainia, 455 kilometro) Soto del Realgo espetxera (Madril, 490 kilometro), epaiketengatik. Uztail bukaeran eraman zuten berriro Brievara, eta konfinatuta eduki zuten lehen egunetan: «Hamar eguneko berrogeialdia jarri zioten: ezin bisitarik egin, ez ezer, eta, gainera, ez bere ziegan, baizik eta zigor ziegan. Lehenengo bost egunetan, atea irekita utzi zioten, baina gero, bat-batean erabaki zuten ixtea, zigortuta egongo balitz bezala, eta patiora ez jaistea. Bakarrik telefono deiak egitera atera ahal izan zen». Abuztuan, aurrez aurreko bi bisita egiteko aukera izan zuten, eta irailean, bertze bi egitekoa. Irailekoaren ondotik, berriz ezarri zioten berrogeialdia: «Hamar egun bisitarik eduki gabe, zigor ziegan, eta patiora ateratzeko aukerarik gabe, bisean bisekoak egitearren». Orain Soto del Realen daukate, bertze hiru epaiketaren zain dagoelako, eta bakartuta daukate, berriz. Eta, gainera, bisean bisekorik ezin egin. «Madrilgo espetxe guztietan kendu dituzte».

Aramendik azaldu du gauza bera gertatu zaiola Karrerari aurrez aurreko bisitak egin dituen apurretan: uztailean eta abuztuan egin ditu, bi, eta berak bakarrik. «Eman ziguten lehenengoa uztailean: intimo bat; familiakorik ez. Eta, horren ondoren, hamar egun egon behar izan zuen zeldan, konfinatuta. Ateratzen zen patiora, baina bera bakarrik». PCRrik ez zioten egin. «Hamar egun pasatzen direnean, galdetu egiten diote: 'Ondo al zaude?', 'Bai, ondo nago'. [Ironiaz, irriz]. 'Eta esaten badizut ondo nagoela eta ez nago ondo?' Igual du... Ez termometro, ez ezer». Bi konfinamendu egin ditu horrela, bisean bisekoen ondoren: «Eta horrek esan nahi du hurrengo asteburuan ez daukala bisitarik. Konfinatuta bazaude, bisitara ez zara joaten». Dueñasko kartzelan daukate preso Karrera (Palentzia, Espainia, 310 kilometro).

Umeak, aita ikusi gabe

Egoera gogorrak ere bizi behar izan ditu Aramendik, umeekin. «Irailean lortu genuen bisean biseko familiarra edukitzea, eta hasieran bi pertsona sar gintezkeela esan ziguten». Bi ume dituzte Aramendik eta Karrerak: 5 urtekoa bata, 9koa bertzea. «Ume bat bakarrik aukeratu behar nuen». Ezetz erran zien. «Nola egingo nuen hori? Ez dakigu noiz lagako diguzuen berriz joaten, eta nola egingo diot hori ume bati?». Azkenean, bertan behera utzi zioten iraileko aurrez aurrekoa. «Aste honetan beste bat edukitzekoak ginen, eta berriz ere esan digute ezetz. Eta oraingoan erabakia mugagabea da: ez dakigu noiz arte. Umeek ja eskatzen dute». Zazpi hilabete daramatzate aita ikusi gabe. Kristalaren aurrera ez eramatea erabakia du Aramendik, oraingoz: «Ez dira geldirik egoten, eta han egoteko umeei errieta egiten, ez dela aditzen, aditzen dela...».

Antzeko egoera bizi du Usabiagak: 2 urteko ume bat dute Aginagaldek eta biek, eta umeak eta aitak ez zuten parez pare egoteko aukerarik izan otsailaren 8ko asteburuaz geroztik. Bortz hilabete zeramatzanez aita ikusi gabe, umea bisita arruntera eramatea erabaki zuen Usabiagak, uztailean. «Beste ama batzuek-eta esaten zidaten: 'Kristalera?'. Inork ez zidan esan zer egin behar nuen, baina...». Bisitaren ondoren ulertu zuen bertzeen abisua. «Nik ere epe motzean ez dut ikusten beste kristal bat. Baina behintzat elkar ikusi zuten». Aramendik eta Usabiagak, biek azaldu dute bisita gela kristalduna ez dela umeentzako lekua. Aurrez aurrekoak bertzelako ezaugarriak ditu, Aramendiren erranetan. «Beste denek gurasoak lanetik etxera etortzen direnean egiten dutena egiten dute: jolastu, jatorduak... Bi ordutxo horiek hori dira: zure hilabeteko aita dosia. Kristalera joaten zarenean, pantaila bat edukitzea bezalakoa da».

Usabiagak lortu zuen, azkenean, aurrez aurreko batean umea sartzea, irailean. «Beñatek eskatu zuen haurra sartu ahal izatea. Azkenean, berdina delako: umea kutsatua badago, ni ere bai». Baimendu zioten: «Asteazkenean esan ziguten baietz». Justu umeak hanka puskatu zuen orduan, baina halere joatea erabaki zuten: «Joan ginen bere eskaiola egin berriarekin haraino». «Haraino» Jaen da, Andaluzia, 775 kilometro. «Joan egin ginen, ze bestela, beldurra genuen...». Noiz arte ez ote zuten aukerarik izanen berriz elkar ikusteko. Eta orain arteko azken aukera izan zen: horren ondoren eten zituzten aurrez aurrekoak. Usabiagak azaldu du egoera okerragoak ere badirela espetxe berean: «Mattin [Sarasola] dago... Ez du bisean biseko bat eduki otsailaren 8ko asteburutik: ez ditu ukitu gertukoak, ez du besarkada bat eduki...». Amorruz mintzo da, inpotentziaz. Iparragirrek eta Aramendik ere azaldu dute horixe sortzen diela egoerak: «Inpotentzia». Aramendi: «Desesperagarria da».

Eta, horrela, ez dakite noiz arte. Aramendi: «Auskalo noiz joango garen; ez dakigu». Usabiaga: «Lehen pentsatzen nuen: 'Hilabete batzuk izango dira, eta kito'. Baina orain...». Ez zuen uste horrenbertze luzatuko zenik: «Hiru hilabete generamatzanean bisik gabe, ikaragarria iruditzen zitzaigun. Ezin zenuen pentsatu zazpi hilabete izango zirenik. Baina pasatu dira, eta pasatuko dira zortzi, bederatzi...».

Egoera hainbeste luzatzeak ezinegona sortzen dio Iparragirreri, amarekin duen harremanarekiko: «Ja bisita batzuk egin ditugula eta, nik daukat sentsazioa askoz gutxiago ikusi dugula elkar: hala delako. Baina sentsazioa da normalean baino askoz gutxiago egon garela». Usabiagak eta Aramendik kezka dute euren umeengan eragin dezakeenaz. Aramendi: «Hainbeste denboraren ondoren elkartzen direnean umeak aitarekin, ez dakit nola erreakzionatuko duten. Zazpi hilabete umeen bizitzan asko da».

Zigor «gehigarria»

Iparragirrek uste du euskal presoei gehitzen zaien zigor bat dela oraingoa: «Zigor gehigarri bat bihurtzen da ja dauden zigor gehigarri guztien gainean. Urruntzea, bakartzea... guztia. Familia izan daitekeen babesa zailagoa bihurtzen da». Eta ez dago murrizketa horiek «konpentsatzeko» bertzelako neurririk: «Marixolek esaten zuen, adibidez, nahiz eta bisean bisekoak gelditu, nola 40 minutukoak segitzen duten izaten kristalarekin diren bisitek. Ez zaio jarri alternatibarik... Berdin zaie, azkenean». Bideo deiak, adibidez, eduki zituzten konfinamenduan, baina lehen bisitak egiten hasterakoan kendu zizkieten: «Kendu zizkioten ekainean, nahiz eta abuztura arte ez zuen eduki bisean bisekorik». Telefono dei kopurua astean zortzi deitik hamabira pasatu zieten konfinamendua hasi zenean, baina euren sakelatik ordaindu behar dute deien kostua: «Ez da opari bat», dio Iparragirrek. Usabiaga ere kexu da, ez dietelako jarri biderik orain arte galdutakoa «berreskuratzeko»: «Baina presoak dira pixka bat zaborra, ahaztuak. Bost axola zaie: ni horrela sentitzen naiz. Inork ez du ikusten haiek ere beharrak eta eskubideak dituztela». Aramendi: «Kartzelak eroso daude». Bederen legea betetzeko eskatu dute hirurek. Usabiaga: «Pandemiaren aitzakiapean, sudur puntan jartzen zaiena egiteko ari dira aprobetxatzen. Bada, pandemia bat baldin bada, ekar ditzatela Euskal Herrira».

BERRIAn argitaratua (2020/10/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA