astekaria 2020/10/09
arrowItzuli

gizartea

«PCR probek ez dute balio»

Mikel P. Ansa

«PCR probek ez dute balio»

Mugimendu negazionista zalantzan jartzen ari da PCR proben eraginkortasuna eta fidagarritasuna. Esaten dute positibo eta negatibo faltsu gehiegi ematen dituztela -sentsibilitatea esaten zaio horri: test batek zenbateko gaitasuna duen gaitz bat detektatzeko-; esaten dute test horiek birusaren arrasto batzuk atzeman ditzaketela, baina ez dela gauza bera hori atzematea eta pertsona bat gaixorik dagoela esatea, edo, are, zalantzazkoa dela proba horietan atzemandako adierazleek COVID-19aren arrastoak izatea ere; zenbaitek ukatu ere egiten dute gaitzak birusek transmititzen dituztela; eta esaten dute gobernuak nahita ari direla puzten PCR proben emaitzak -asintomatikoen emaitzei gehiegizko garrantzia emanez-, gizartean alarma eta beldurra eragiteko.

Ezin dira urrunago egon zientzialarien ikuspegitik. Miren Basaras eta Guillermo Quindos EHUko irakasle eta mikrobiologoek esplikatu dute PCR probak erabiltzen direla ez soilik SARS-CoV-2a detektatzeko, baizik eta beste mikroorganismo eta birus batzuk atzemateko ere. «Birusen diagnostiko mikrobiologikoa egiteko hainbat teknika daude. Horien artean, PCR teknikak birusaren genoma detektatzen du; hau da, birusak barnean duen zati bat». Polimerasaren kate erreakzioan oinarritzen dira PCR probak. Pazienteari laginak hartzen zaizkio -ahotik zein sudur zulotik, listutik, karkaxatik, garbiketa bronkoalbeolarretatik...-, eta horietan birusaren ARNa (genoma) ba ote dagoen aztertzen dute.

«Diagnostikorako metodo guztiek dituzte beren mugak», azaldu du Quindosek, «baina PCRek ahalbidetu dute diagnostikorako teknika oso eraginkorrak garatzea, emaitza faltsu positibo zein negatibo oso gutxi ematen dituztenak». Lagin batzuek beste batzuek baino balio gehiago izan dezaketela erantsi du, eta, gainera, gaixoari lagina hartzen zaionean infekzioa zer momentutan daukan ere esanguratsua izan litekeela. «Negatibo faltsu batzuk gerta litezke, adibidez, lagina gaizki hartu delako, edo hartu zenean birusaren ARN nahikorik ez zegoelako. Eta positibo faltsu batzuk gerta litezke gaixoa osatu ondoren birusa desagertu daitekeelako baina ARNaren arrastoren batzuk gera litezkeelako».

Emaitza faltsu gutxiago

Hala ere, PCRei buruzko zalantzarik ez du batere Quindosek, emaitza faltsuak bakanak izaten direlako: «Kopurutan, beste test batzuek baino akats gutxiago ematen dituzte». Adibidez, azaldu du antigenoak -birusaren zatiak- eta antigorputzak -gaixoak birusari emandako erantzuna- detektatzeko testek emaitza faltsu gehiago eman ditzaketela. Basarasek gehitu du diagnostiko horiei kontrolak egiten zaizkiela, eta emaitzak baliogabetu egiten direla zerbaitek gaizki funtzionatzen duenean.

Negazionistek ahotan hartzen dute PCRen teknikaren sortzailea, ustez hark ere zalantzan jarri zuelako test horien eraginkortasuna, baina Reuters berri agentziak egiaztatu du berak ez zuela sekula halakorik aipatu. Quindosek jakinarazi du iaz hil zela Kary Mullis, teknika hori garatu zuen zientzialaria; PCRak koronabirusa detektatzeko eraginkorrak ote diren ere ezin izan du esan, beraz. Mullisi buruzko datu gehiago ere eman ditu: «Kary Mullis, beste Nobel saridun batzuk bezala, zientifiko oso kontraesankorra izan zen. Hain baliagarria den teknika hau garatzeko lan bikaina egin zuen, baina klima aldaketaren eta hiesaren negazionista zen, eta astrologian fedea zuen. Eta Zientzia ebidentzietan, datuetan, metodo zientifikoan oinarritzen da, eta ez iritzietan, nahiz eta iritzi horiek eminentzia gisa hartutako pertsonenak izan, eta are gutxiago eminentzia horien ezagutza alorra eta iritzia ematen ari diren alorra ezberdinak badira».

Basarasi eta Quindosi ez zaie iruditzen PCR proben emaitzak puzten direnik larritasun handiagoa sortzeko, baina datuak irakurtzen jakin behar dela uste du Basarasek: «Egunero ematen diren datuak kautelaz hartu behar dira. Izatez, ez dute esaten zein den pandemiaren egoera, baizik eta egun bakoitzean zer gertatu den. Pandemiaren eboluzioa zein den ikusteko, askoz hobea da positiboen datuak asteka, hamabostaldika edo hilero ikustea». Administrazioek eta hedabideek ez dute beti lan hori egiten, eta eguneko positiboen datuari ematen diote atentzioa, bilakaeraren interpretazio argia egin gabe. Hortik etor liteke okerra: «Egia da positiboak ugaritzen ari direla entzuteak kezka handiagoa sortzen duela gizartean, baina, bestalde, bakoitzak hartu beharreko neurriek zorrotzagoak izan behar dutela ere ohartarazten dute datuek». Seinale bat dira, hortaz.

Udatik udaberrirako koska

Bigarren olatuan, egun jakinetan, udaberrian baino positibo gehiago agertu dira, eta batzuetan nahasmena sortu dute datu horiek, egoera udaberrikoa baino okerragoa izan zitekeela ondoriozta zitekeelako. Testuingurua falta izan zaie datu horiei. Udaberrian, osasun zerbitzu publikoek apenas egiten zuten PCR probarik; ez zegoen horretarako baliabiderik. Gaixoak detektatu, haien kontaktuak aurkitu, eta konfinamendu indibidualak ezartzearen estrategiak horregatik egin zuen porrot udaberrian. Udan, aldiz, materiala eskuratu dute osasun zerbitzuek, eta gaitzaren jarraipena egiteko baliabide gehiago jartzen hasi dira. Horrek eman die aukera udaberrian egin ez zutena egiteko: birusa zuen ahalik eta jende gehien detektatzea -asintomatikoak izan arren, horiek ere birusa transmiti baitezakete-, kutsatze kateak ahalik eta azkarren eteteko. Eta, horretarako, ezinbestekoa izan da PCR probak egitea. Hori da bi olatuen arteko diferentzia nagusietako bat.

«Ez dut uste administrazioei interesatzen zaienik osasun arazo honetan gezurretan ibiltzea», adierazi du Basarasek. «Azken finean, denon kalterako litzateke, eta birusak sortu dituen arazo sozial eta ekonomikoak itzelak dira». Ez dira kalte sozialak eta ekonomikoak soilik. Koronabirus honek zehatz-mehatz zenbat pertsona kutsatu dituen eta zenbat hil dituen ezingo da «inoiz» jakin. «Baina denok ikusi izan dugu senide edo lagun bat nola kutsatu den, eta, zoritxarrez, nola batzuk hil diren». Pandemiaren ustezko gezur hori mantentzea oso garestia dela ere zehaztu du: «Gaixotasun honetara bideratzen den diru kopurua itzela da. Kutsatu eta hildako kopuru hori gutxitzeko txerto bat izango bagenu, oso berri ona litzateke».

Emaitza horien atzean gobernuen konspirazio bat ikustea burugabea iruditzen zaio Quindosi ere. «Gobernuen kontrolari edo ez-kontrolari buruz, gauza bat komentatu nahiko nuke: horrek eskatuko luke osasun arloan eta ikerketa zientifikoaren arloan lan egiten duten milioika pertsona sartzea konspirazioan. Eta hori esatea da mundu medikoa eta zientifikoa ez ezagutzea batere, mundu horietan ez baitago pentsamendu bakar bat, eta kritika, zalantza eta eztabaida baitira garatzeko tresna ohikoenak».

Quindosi harridura sortzen dio horrelako teoriak zabaltzeak, eta, aldi berean, horrelako konspirazioetan sinisten dutenek ez pentsatzeak haiek ere kontrolatuko lituzketen taldeak egon litezkeela, «adibidez, interesak izan ditzaketen talde batzuk, herritarren gehiengoak ez dezan izan aurrerapen zientifiko eta medikoen onurarik». Horrelako teorietara jo gabe ere, gobernuen politikak fiskalizatzeko «mila modu» daudela iruditzen zaio, eta eraginkorrena, herritarrek «kultura handiagoa izatea, horren barruan kultura zientifikoa sartuta». Basarasek galdera bat erantsi die gogoeta horiei: «Historian, arazo berri bat sortu izan denean, beti egon izan dira negazionistak, arazoari uko egin nahi izan diotenak. Agian euren buruari galdetu beharko liokete beldurra ez ote den ukazio horren erantzuna».

BERRIAn argitaratua (2020/10/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA