astekaria 2020/10/09
arrowItzuli

gizartea

ANTONIO SALAS

«Superkutsatzaileen bidez era heterogeneoan zabaltzen da birusa»

Maria Ortega Zubiate

«Superkutsatzaileen bidez era heterogeneoan zabaltzen da birusa»

Compostelako Unibertsitateko (Galiza) ikertzaile talde batek egin duen aurkikuntzaren arabera, Gasteizen agertu zen koronabirusa Espainiako Estatuan baino lehen, eta birusaren mutazio indartsu batek ekarri zuen. Ikertzaileetako bat Antonio Salas (Ourense, Galizia, 1970) genetikaria izan da.

Koronabirusaren lehen agerraldiak ikertu dituzue, eta ondorioztatu duzue B3a deitutako anduia Gasteizen agertu zela. Badakizue nola heldu zen hara?

Ez dakigu ondo. Izan ere, haren arbasoa B3 deituriko anduia da, eta litekeena da hori galdu izana. Baina, dena den, badakigu bien aurrekari zuzena, B, Asiatik datorrela. Gasteizkoa Espainiako Estatuko lehenengo agerraldiaren sorburua izan zen, baina ez zen izan pandemiaren hasiera, ezta gutxiago ere. B3ak arrakasta izan zuen Gasteizen, baina ez zen Espainiako Estatuko bakarra izan. Madrilen egon zen A2a5 anduia, B3a anduiarekin batera, estatuko indartsuena izan zen. Beste horrek jatorria Italian zuela uste da.

Nola egin duzue aurkikuntza hori?

Inoiz ezin gaitezke ezertaz guztiz ziur egon. Guk balorazioak egiten ditugu, ebidentziak hartu ditugu; arbaso gazteenaren adina kalkulatzen jardun dugu. Hainbat andui aztertu ditugu, eta zaharrena, B3a deitua, gutxi gorabehera otsailaren 11n eratu zen, Gasteizen. Birusa identifikatu gabe egon zen hainbat egunez, baina ez dut uste horrek agerraldiaren birulentzian eragin zuenik; lehen olatuaren hilgarritasunarekin zerikusi handiagoa du, nire ustez, aurreikuspen faltak.

Badakizue noraino heldu den andui hori?

Herrialde bakoitzak bere mutazioak ditu, baina behin leinu batek indarra hartzen duenean, beste herrialdeetara esportatzea erraza da: hegazkinez, autoz... Andui hori Latinoamerikako zenbait lekutan aurkitu dugu, eta Ingalaterran eta Europako beste herrialde batzuetan ere bai.

Superkutsatzaileak aipatzen dituzue ikerketan. Zer garrantzi izan dute Gasteizko agerraldi horretan?

Ikerketa honen aurretik egin genuen beste ikerketa batean ikusi genuen superkutsatzaileen eredua zela ohikoena mundu osoan, eta, hain justu, Gasteizen ere aurkitu ditugu kutsatze mota horren adibideak. Nik uste dut agerraldi epidemiologikoak sorrarazten dituzten anduiak gutxi direla; superkutsatzaileei esker indartzen dira. Andui jakin bat denbora gutxian asko ugaritzeak indartu egiten du andui hori. Superkutsaketa badago, eta pertsona bakar bat izan beharrean, pertsona asko kutsatzen badira momentu berean, oso erraza da fenomeno hori haztea, bizkor hazi ere.

Superkutsatzaileak ager al daitezke bigarren olatu honetan ere?

Gaur egungo datuek erakusten dute kutsatze mota horrekin bateragarria dela egoera. Uste dut superkutsatzaileak birusaren berariazko transmisio ereduaren parte direla; aztarna genetikoek erakusten dute nola pertsona bakar batek andui bera pasatzen dion jende askori, oso denbora gutxian.

Bost andui aurkitu dituzue ikerketan. Jokabide desberdinik igarri duzue batetik bestera?

Ez. Ez dugu birulentzia edo intseminazio gaitasun handiagorik aurkitu andui batean edo bestean. Hain zuzen ere, gure hipotesia da pandemiaren zabalkundearen arrakasta ez dela izan mutazio baten edo bestearen menpekoa, baizik eta oso modu heterogeneoan kutsatzen den birusa dela, superkutsatzaileek sortutako agerraldien bidez. Andui batez edo besteaz kutsatzea ausazkoa da.

Bigarren olatuan, orain, kutsatuen eta hildakoen kopuruak gora doaz. Birusaren bigarren olatuko jokaera espero zenutena al da?

Bada, ez dakit. Uste dut hasieratik adierazi genuela birusarekin genuen harremana ez zela hain bizkor aldatuko, gauza hauek ez dute hain bilakaera azkarra. Zientzia ebolutiboak aztertutakoaren arabera, badago joera bat horrelako birusekin oreka batera heltzekoa, baina horrek denbora asko beharko du; eta orokorrean bizitza asko eramaten ditu, orain ikusten den bezala. Patogenoak hor jarraitzen du, eta horrela jarraituko du txertoa lortu arte.

Txertoa da aukera bakarra, beraz? Epe motzean espero daiteke?

Zenbait politikarik diote azaroan egongo dela prest, baina hori guztiz zentzugabea da. Nik, nire aurreikuspenik onenetan, 2021 amaierarako egiten nuen apustu, baina OMEk berak ere 2022rako iragarri du. Bestalde, enpresa farmazeutikoek ere eman dute abisua: litekeena da txertoa ez izatea guztiz eraginkorra, txerto asko ez diren bezala. Baina txertoa da gaixotasun infekziosoen tratamendu eraginkor bakarra; eta ateratzen dutenean ni izango naiz lehenengoa ilara egiten, immunitatea sortu behar dugulako, apurka-apurka egoera honetatik irteteko.

BERRIAn argitaratua (2020/10/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA