astekaria 2020/10/02
arrowItzuli

gizartea

Zientziaren zereginak

Ugo Mayor

Zientziaren zereginak Ugo Mayor

«COVID-19aren aurrean gure lehen borroka frontea osasun langileak direla esan ziguten. Ba, ez. Lehen lerroa politikariek osatu behar dute. Bigarrena, gizartea berak. Eta azkena, osasun langileek». Bete-betean jo zuen Zigor Aldamak Shanghaitik botatako txio horrekin. Nire ustez, zientzia eta ikerkuntza ere lehen lerroan jarri beharko genituzke, gestioaz arduratzen diren politikarien pare. Baina arazo bat dugu hemen. Frontearen lehenengo lerro horrek ez duela asmatu, ez egindako kudeaketan, ezta zientziaren munduarekiko konplizitate nahikorik bilatzen ere, The Lancet aldizkarian zenbait dei publiko egin badira ere. Ordea, Madrilen orain gu baino okerrago daudenez, geurean dugun kutsatze edota hilkortasun jarioa optimismoz hartu behar dugula diote batzuek.

Badirudi, gainera, bigarren olatu honetan izandako porrot kolektiboa aztertzeko orduan, lehenengo frontearen hutsegiteei begiratu beharrean, norbanakoen ardurari egotziko zaiola orain arte gertatutakoa. Baina porrota geurea ere bada, lehenengo fronte horretan zientziaren munduak izan zezakeen potentziala erabili gabe geratu delako. Besterik lortu ezinean, bigarren lerroari -hain zuzen, gizarteari- babesa emateari ekin diogu, gauden egoeraren dibulgazioa eginez. Arazo bati aurre egiteko, lehen urratsa arazo hori ulertzea delako. Eta gure osasun sistemaren hauskortasunaz behin ohartuta, ez dugulako berriro tentsio guztiak bertan, hirugarren lerroan, bukatzea nahi.

Zer da, beraz, momentu honetan norbanakook egin dezakeguna? Lehengo eta behin, ulertzea birusa soinean daraman orok ez duela sintomarik. Hori alde batetik ona bada ere, itsutu egiten gaitu transmisioa saihesteko. Prekauzio printzipioa erabiliz, bizikide ez diren pertsona ororekin topatzean maskara eta distantzia mantentzen badugu beti, egin beharrekoaren erdia egina dugu.

Horrez gain, ulertu behar dugu arnasketarekin edota hitz egitean sortzen ditugun bi partikula moten arteko ezberdintasuna: tantatxoak (droplets) eta aerosolak, hain zuzen. Lehengoak, handiagoak direnez, lurrera erortzen dira ahotik atera bezain laster, gehienez bi metrora. Horrek zehazten du mantendu beharreko distantzia, berdin dio kalean edo barneko tokietan, musukoa ez badugu jarrita. Bigarrenak, aerosolak, milimetro bat baino 100 edo 1.000 aldiz txikiagoak dira. Eta, hain arinak izanda, gune irekietan haizeak zeharo dispertsatzen ditu, baina gune itxietan suspentsioan gera daitezke, epe luzez. Gero eta froga gehiago dugu aerosol horiek direla kutsatze askoren transmisio bidea. Horrek azaltzen du, adibidez, kutsatze arriskua 20 aldiz handiagoa dela gune itxietan, bi metroko distantziak mantendu edo ez.

Barneko guneetan musukoa kentzeak arriskuan jartzen gaituela ulertuta, hobe dugu kalera atera ahalik eta ekintza sozial gehien, batez ere jatea eta edatea tartean dutenak. Eta barneko guneak erabili behar ditugunean, musukoarekin bada ere, aireztatzeak duen garrantziaz jabetu behar gara. Korronteen bitartez aerosol horiek -kearen antzerako izaera dutenak- leihoetatik aterako direlako, eta kutsatze arriskua gutxitu. Kontuan izan hitz egitean aerosol eta tantatxo gehiago sortzen ditugula; beraz, jendez gainezka dauden guneetan (autobusetan edo metroan, adibidez) isilean bagoaz denok, hobe.

Bakoitzak bere inguruan ahal duena egin dezala, kutsatu eta gaixo larriz satura ez dadin berriz gure azkeneko defentsa lerroa.

BERRIAn argitaratua (2020/10/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA