bizigiro
Orekari eusten ortzi mugan
Amaia Igartua Aristondo
Azken urteetan ugaritu den slackline kirolaren irudi orokorra da hori. Hala ere, deskribapena oinarrizko modalitateari dagokio, Mikel Fernandez Bereziartuak dioenez. Highline-an aritzen da hura: alegia, oreka ariketa hori hogei metro edo gehiagoko altuerara dagoen zintan egiten du. Baina lurretik gertu eman zituen hark ere lehen urratsak: «Denok hasten gara slackline-an. Bost zentimetro zabal den soka batetik bi zentimetro eta erdikora egiten dugu jauzi lehenengo, eta aukera dago gero zintok jartzeko distantzia, altuera edo tentsio ezberdinetan». 2010ean probatu zuen lehen aldiz slackline-a, eta, hamar eta hogei metro bitarteko altueran ibili ondoren, 2013an aritu zen estreinakoz highline-ean, Amezketako Zazpi iturrin (Gipuzkoa), 30 metrora zegoen eta beste horrenbeste luze zen zintan.
Artean «umemokoa» zen kirol horretan, eta, lekua ikusi zuenean, hara gora nola helduko ote ziren pentsatzen hasi zen Fernandez Bereziartua. «Oinarri pixka bat banuen egina, eskalatzen ibilia bainintzen eta altueren kontua apur bat landua bainuen, baina ez da gauza bera». Pareta baten bermea izan beharrean bi hormaren artean zintzilik egoteak «beldurra, tentsioa eta urduritasuna» eragin zizkion, «nahiz eta materialean konfiantza» bazuen. Izan ere, segurtasun neurri zorrotzak betetzen dituzte kirol hori egiten dutenek: zinta nagusi bat izaten dute, baita bigarren bat ere, back up deitua, lehenengoak huts egingo balu. Bestalde, beste bi soka ere egoten dira, ainguraketak aseguratzeko eta bertan uztaiak sartzeko, eta bosgarren soka bat, eskaladakoa, funda berezia daramana. Kirola bera ez ezik, hura egiteko materialen muntaketa ere «erronka» dela dio Fernandez Bereziartuak, batzuetan droneak ere erabili behar izaten baitira zintak kokatzeko.
Segurtasun neurriak gorabehera, buruak «aurka» egin diezaioke kirolariari, lehen aldian berari gertatu zitzaion bezala. Hala ere, sentsazio hori highline-aren «alde politena» dela dio: «Gorputzak zerbait ez egiteko esaten dizunean horri aurre egitea. Pausoka-pausoka ikasten duzu beldur horiek joan egiten direla, eta gai zarela halako erronkei aurre egiteko». Urteak igaro dira ordutik, eta, hasierako beldurra galdu dion arren, «errespetua» dio beti kirolari.
Tamara Traversok, aldiz, beldurra baino gehiago «urduritasuna» sentitu zuen highline-a lehen aldiz probatzean. Eskalatzen ari zen, eta, gora heldu zenean, kirola praktikatzeko dena prest zuen talde batekin egin zuen topo. «Bat-batean» hasi zen, haiek animatu baitzuten. Slackline-a ere egina zuen, baina urteak ziren ez zela zinta batera igotzen. «Ez nengoen ikaratuta, beti gustatu izan zaidalako adrenalina sentitzea». Eskalatzearekin ohituta, «errazagoa» egin zitzaion soka batetik zintzilik geratzea horma baten laguntzarekin jaitsi behar izatea baino. Aldiz, zintaren gainean zutik jartzea beste kontu bat izan zen, ez baitzekien egiten lurrak ematen zion bultzada hartzeko aukerarik gabe: «Azaldu zidaten bi modu daudela: bata, bi hankak gainean izanda indarra egiten; bestea, chongo izenekoa, hanka bat ipurdiaren azpian eta bestea aurrean duzula astiro-astiro zutik jartzea».
Azalpen horiei jarraituz, zortzi hilabete behar izan zituen «trankil» igotzen ikasteko. «Esperientzia lasaia izan dadin, praktikatu egin behar duzu». Guztira, urte eta erdi darama horretan, eta, inoiz beldurrik izan ez duen arren, hasierako urduritasuna kudeatzen ikasi du hilabete horietan zehar: «Orain arnasa hartzen dut, jesartzen naiz, soka geldi dagoela konprobatzen dut, beste hanka igotzen dut eta bultzada batekin, astiro, zutik jartzen naiz». Helburu hori lortuta, hurrengoa du jopuntuan: lasaitasun berarekin ibili ahal izatea zintaren gainean. «Pauso bat eman, ez tolestu gerria, besoak orekan mantendu, mugimenduak astiro egin». Hori du buruan orain zintara igotzen den bakoitzean. «Praktikarekin, zure gorputzak inkontzienteki orekatzen ikasten du». Dagoeneko hogei pauso ematea lortu du jausi gabe.
«Trantzea»
Highline-a aire zabaleko kirola denez, paisaia ugaritan praktika daiteke, eta zinta ere altuera edo luzera ezberdinetan koka daiteke, tokiko formakuntzek ahalbidetzen dutenaren arabera. Jakina, baldintza aldakor horiek izaten dute eraginik orekariarengan. «Lasaitzeko eta kontzentratzeko orduan» nabaritzen ditu metro gehigarriak Fernandez Bereziartuak: «Buruarentzat ez da berdin hogei edo 30 metrora egotea edo 100 metrora». Altuera zenbat eta gutxiago izan, «erosoago» sentitzen dela dio.
Traversori zintaren luzerak baldintzatzen dio jarduna, altuerak bainoago. 30 metro luzeko soketan, beste aldera hel daitekeen ustearekin aritzen da; alabaina, lagunek urte gehiago daramatzatenez, 100 edo 200 metroko zintak jartzen dituzte. «Errazagoa dela diote; distantziarekin orekatzen omen da. Baina niretzat oztopo psikologikoa da sokaren amaiera ez ikustea». Nolanahi ere, Fernandez Bereziartuaren iritziz, jendea gertu izatea da bereziki lasaigarria: «Garrantzitsuena da sokaren oinean zure lagunak egotea. Beti ari dira animatzen, ondo egiten ari zarela esaten... Nahiz eta kirol indibiduala izan, asko eskertzen da talde babesa».
Behin lasaitasun eta konfiantza egoera lortuta, «trantzean» sartzen dela dio Fernandez Bereziartuak: «Hor egiten duzu benetako yoga edo meditazioa. Burua hutsik geratzen zaizu, oinez zoaz naturaren eta itsasoaren soinuak entzuten. Zaila da sentsazioa azaltzea». Traverso ez da erosotasun maila horretara heldu oraindik, eta mugimendu bakoitza pentsatu behar du, ez zaio zuzenean ateratzen. «Eduki ditut momentu batzuk zeintzuetan oso ondo ibili naizen, baina bat-batean zeozer pasatu, ipurdia albo batera mugitu, eskua bestera, eta jausi egin naiz». Hala ere, yoga formakuntza izanik, identifikatu izan ditu meditazio zantzuak berarekin batera ari diren beteranoengan.
Zintaz gaindiko oztopoak
Babes neurriak bermatuta, norbera lasaituta ere, oraindik badago zeri aurre egin. Izan ere, highline zaleek arazoak izaten dituzte batzuetan. Zenbaitek Poliziari deitu izan diote, arriskuan daudelakoan edo ingurune naturalari kalte egin diezaioketelakoan, eta horiek sokak kentzeko agindu izan diete. Fernandez Bereziartuari behin jazo zitzaion, eta «ezjakintasunari» egozten dio egoera: «Gauza da jendeak ez dakiela zer den hau, eta uste du bizitza arriskatzen ari garela». Esan du kontuz ibiltzen direla, euren babesarekin ez ezik, baita ingurunearekin ere: «Natura gure ingurua da; ez dugu arazorik sortu nahi. Alderantziz, dena txukun eta zuzen egiten ahalegintzen gara. Gure esku dagoen heinean zaintzen dugu ingurua: baldin badakigu gune batean ezin dela zinta kokatu txoriak edo putreak daudelako, ez gara joaten».
Oinarri legalak ezartzeko lanetan ari da, besteak beste, Nazioarteko Slackline Elkartea. Gertuago, Fernandez Bereziartua ikus-entzunezko bat egiten dabil, eta Slackherria elkartea sortzeko tramiteetan ari da. «Ezagutu dadila nahi dugu; ez da bi txororentzako kirola, edonork egin dezake». Bestalde, Traversok Oreka enpresa sortu du aurten, highline egitera animatu zuen Eder Alvarezekin (www.orekatu.com). Beste kirol jarduerez gain, highline ikastaroak ere ematen dituzte.