mundua
PAU PEREZ
«Europako kanpamentuetan tortura dago»
Iñaki Agirre
Zergatik abiatu zenuten Moriako ikerketa?
Jendeari eta erabaki politikoak hartzen dituztenei azaltzen badiet 12.000 pertsona baldintza torturatzaileen pean ditugula, demagogo bat naizela esango dute, eta Moria harreragune bat dela erantzungo dute. Hortaz, eztabaida politikoetan ez sartzeko, mediku, psikiatra eta psikologo gisa egin dugun lana zenbakiak modu zientifikoan jartzea izan da.
Modu akademiko batean erakutsi dugu Morian gertatzen zena tortura dela, adierazi Europak, herrialde multzo eta iparralde global gisa, metodo torturatzaileak erabiltzen dituela hegoalde globaleko jendeari burutik kentzeko mugak gurutzatzeko ideia.
Europako kanpamentuetan tortura dago, eta jendea asaldatu egiten da hori entzuten badu, soilik Libian gertatzen dela uste duelako. Baina ez da egia. Hemen ere gertatzen da, eta hori argi geratzen da Moriako biztanleen trauma osteko sintomei edo ideiagintza suizida duten kasu kopuruari begiratzen badiezu. Halako kanpamentuetan, jendea guztiz onartezinak diren baldintzetan bizi da, eta hori ezin da arrazoi ekonomikoekin azaldu.
Greziak ezin du esan ez duela nahikoa dirurik asilo eskatzaileei baldintza duinak eskaintzeko: gezurra izango litzateke. Kontua da intentzionalitate garbi bat dagoela jendeari hona etortzeko ideia burutik kentzeko, eta, horretarako, sufrimendua sortzen dute. Moriaren kasuan, irizpide ugari ditugu bertako ingurua torturatzailea dela adierazteko.
Nola izan daiteke inguru bat berez torturatzailea?
Objektibatzeko zaila da, torturaren arloan aritu den jende gehienak tortura metodoak zerrendatuz egin duelako lan, baina inguru torturatzaile bat tortura fisikoa bezain kaltegarria edo okerragoa izan daiteke.
Pertsona bat behar den moduan elikatzen ez baduzu, higienerik gabeko baldintzekin mantentzen baduzu, etengabe umiliatu eta iraintzen baduzu... Pertsona hori azkenean apurtu egingo da. Agian, faktore horietako bakoitza berez ez da tortura metodo bat, baina, batu eta nahasten dituzunean, torturaren irizpideak betetzen dituen egoera bat sortzen duzu.
Zeintzuk dira Morian identifikatu zenituzten baldintza torturatzaileak?
Hasteko, oinarrizko beharren aldetik, gabeziak sekulakoak ziren. Moriako 160 biztanle elkarrizketatu ditugu: %100ek adierazi dute goseagatik sufritu dutela, eta ia denek aitortu dute arazoak izan dituztela ura lortzeko. Ez zuten babesik hotzarekiko eta beroarekiko; zaborraren artean bizi ziren, eta ia ezin zuten lorik egin. Elkarrizketatuen artean, etenik gabeko batez besteko loaldia ez zen lau ordura iristen.
Horrez gain, jasan duten biolentzia izugarria dago. Kanpamentuko emakumeen laurdenek genero indarkeria eta sexu abusuak jasan dituzte, eta komunitateen arteko liskarrak ere oso ohikoak dira, baliabide eskasia dagoenean talkak sortzen direlako.
Eta horri guztiari indarkeria instituzionala eta tortura psikologikoa batu behar dizkiogu: informaziorik ez jasotzea, atzerapen administratibo bidegabeak, umiliazioak... Faktore guztien pilaketak inguru torturatzaile bat aurkezten digu, eta Moriako biztanleen koadro depresiboek, trauma osteko estresek eta buruko arazoek berretsi egiten dute.
Nolakoa da Moriako biztanleen buru osasunean identifikatu duzuen inpaktu hori?
Ikuspuntu desberdinak ditu. Batetik, inguru honetara heltzeak izugarrizko inpaktua sortzen dio pertsona migratzaileari, amesturiko Europara iristerakoan, bere arazoak nola desagertzen diren ikusi beharrean, berriak nola sortzen zaizkion ikusten duelako. Horren ondorioz, munduan duen konfiantza galtzen du. Segurtasunak zentzua galtzen du, eta baita justiziaren ideiak ere. Askoren kasuan, une horretan bizitzak logika bat izateari uzten dio, eta oinarrizko sinesteak apurtu egiten dira; pertsona gisa hondoratu egiten dira.
Bestetik, ez dugu ahaztu behar kasu askotan ere pertsona horiek aurretik beste trauma batzuk dakartzatela, izan migrazio prozesutik, izan jatorrizko herrialdetik, eta Moriaren moduko leku batera heltzeak trauma hori handitu egiten du. Psikiatra gisa, ausartuko nintzateke esatera hemen ikusi ditugun koadro psikotikoak ez ditudala beste inon ikusi.
Kasu hauek ez dira, ordea, ziega ilun batean gertatu, denon begien bistan baizik. Zergatik kostatzen zaigu tortura mota hau tortura gisa ikustea?
2017an argitaraturiko EAEko tortura eta tratu txarren txostenaren kasuan ikusi genuen tortura fisikorik jasan ez zuen jende askok arrasto larriak agertzen zituela baita hamar urte igarota ere. Agian ez zieten poltsa ala bainuontzia egin, baina bost egunez egon ziren inkomunikaturik, lorik egin gabe eta oihuak entzuten. Eta ea torturatuak izan ziren galdetzen zenienean, ezetz erantzuten zizuten, tortura min fisikoarekin lotzen zutelako.
Ez ziren gai euren burua torturaren biktima gisa ikusteko, torturatuak izan ziren arren. Baina, askotan, kolpearen mehatxuak kolpeak berak baino min handiagoa egin dezake.
Txostenean Europako migrazio politikak sostengatzen dituen «torturaren arkitektura» bati buruz hitz egiten duzue.
Hala da. Batetik, gure muga hirugarren herrialdeetan eraikitzen dugu, Libian eta Marokon torturatu egiten dela ongi dakigun arren. Baina lan zikin hori azpikontratatu egiten diegu hala ere. Eta, bestetik, harresi guztiak gainditu eta gurera heltzea lortzen dutenentzat kontzentrazio esparruak sortu ditugu, atxikitze administratiboaren aitzakia baliatuz. Eta Europa guztian zehar gertatzen den zerbait da; ez da soilik Greziaren kontua. Sistematikoa da, eta herrialde ezberdinetan errepikatzen diren patroiak ikusi ditzakegu, atzean erabaki politiko orokor bat dagoela erakusten dutenak.