astekaria 2020/10/02
arrowItzuli

bizigiro

Nafarroako bizkaitarrak

Iker Tubia

Nafarroako bizkaitarrak

Isiltasuna da nagusi ezker-eskuin pinudiak hazten diren lur haietan. Hondakin bihurturiko harriak, lehen herriak ziren tokietan. Eta sasiak, sasi mataza erraldoiak garai batean bizkaitarren oinek zapaltzen zituzten bideetan. Bizkaitarrak ez dira soilik mendebaldekoak. Zangozako merindadean, Oibar herritik gertu (Nafarroa), Bizkaia deitutako haran bat zegoen. Sakelan sosik ez, baina aurpegian irria eta ahoan kantua izaten zuten bertako biztanleek. Naturak berreskuratu ditu bizkaitar haien etxeak, eta isiltasunak ordezkatu ditu haien doinuak.

 

Ez da harritzekoa. Nafarroako Bizkaian ez zen inoiz argindarrik izan, ezta iturriko urik ere. «Hemen ez zuten urtegirik egin, baina berdin alde egin behar izan genuen». Hala uste dute handik alde egin behar izan zuten bizkaitarrek. Herriak hustu ahala, bizkaitarrak geroz eta zokoratuago ziren. Garapen teknologikorik ez, bizilagunik ez, aurrera egiterik ez, eta, hala ere, 1965era arte norbait bizi izan zen Bizkaian. Urte hartan alde egin zuen Sabaitzako azken biztanleak, Iruñera. Gaur egun, Gardalainen baizik ez da bizirik: duela hamar urte herria okupatu baitzuen talde batek.

Florentina Armendariz Zuazu XIX. mende bukaeran sortu zen, Julion, Bizkaiko herririk ezkutuenean. Bi etxe baizik ez zituen herriak, eta 1940ko urteetatik sasiak baizik ez daude han. Delfin Armendariz izan zen bertako azken biztanlea: 1943an, eritu, eta bere familiak San Martin Unxera eraman zuen (Nafarroa). Florentina Armendarizen ondorengoak ez dira bizkaitarrak, baina ez dituzte moztu arbasoen sustraiak. Hain zuzen ere, bere biloba Juan Rekalde arduratu da Bizkaia haranaren memoria liburu batean biltzeaz: La Bizkaia de Navarra. Memorias de un valle en silencio (Nafarroako Bizkaia. Haran isil baten memoriak) izenburuko lana (Lamiñarra, 2020).

Rekalde Etniker Euskalerria elkarteko kidea da, eta 2008tik lanean aritu da Orbaibarren (Nafarroa). «Galdetegiekin trebatu nintzenean, gaia bukatu zen. Orduan konturatu nintzen Bizkaian bizitako jendea bizirik gelditzen zela, eta hasi nintzen galdetegiekin», azaldu du. «Memoria ona aurkitu nuen, jende burutsua, eta, batez ere, bizitakoa kontatzeko gogo handia. Beti sentitu baitute haran horretatik bota zituztela». Berrogei lagun elkarrizketatu zituen. Zaharrenak 102 urte zituen, eta handik urtebetera hil zen. «Azken unean aritu naiz lanean».

Bizkaia 6.300 hektareako haran bat da, eta zortzi herrik osatzen zuten: Sabaitza, Gardalain, Usunbeltz, Getadar, Julio, Arteta, Irangote eta Loia. Rekaldek uste du beste bi herri ere bazirela: Usaregi eta Eizko. Gaur egun bizirik direnek ez zuten Usaregi bertatik bertara ezagutu. Eizkorekin zalantzak daudela dio Rekaldek, Ibargoitiko Izkorekin nahastua izan baita. Dena den, horiek mapan zehatz-mehatz ezin dira jarri.

Haraneko egoera berezia zen: han bizi zirenak ez ziren etxeen eta lurren jabeak. Herriak nobleen esku ziren; beraz, biztanle guziak maizterrak ziren. «Etxea eta lurrak errentan ematen zieten, eta, batzuetan, familiak herri batetik bestera aldatzen ziren, etxeko gauzak bizkarrean, ez baitziren deusen jabe». Horregatik, Euskal Herriko beste toki batzuetan gertatzen ez den bezala, etxea ez zen bizkaitarren ardatza. «Haran guztia zen familia handi bat bezalakoa».

Bizkaitarrak pobreak ziren, eta baliabide falta nabaria izan zen azken urteetan. Aurrerapen teknologikoak ez ziren haranera iritsi, eta nekazaritza eta abeltzaintza gogorra zen. Hala ere, Rekaldek dio alaitasuna zela haien ezaugarri nabarmenetako bat: «Oso pobreak ziren, bai, baina haietako askok gitarra edo beste musika tresna batzuk jotzen zekiten, eta beti ari ziren kantuan eta dantzan». Ohikoa zen haien artean koplen bidez solastatzea ere, inprobisatuz. «Deigarria da zenbat jendek idatzi zituen poesiak, handik inoiz atera ez ziren arren. Kantak, poesiak eta koplak egitea barrutik ateratzen zitzaien».

Gazteak erromerian, Irangoten

Urtean behin, erromeria

Dirudienez, besta zaletasuna odolean daramate bizkaitarrek, urtean behin sorterrira bueltatzen baitira elkartu eta besta egiteko. Hala egin dute 1966tik. Halakoetan ez da koplarik falta. Sabaitzan jartzen duten elkartzeko tokia, eta ehun lagunetik gora biltzen dira: batzuk Bizkaian sortutakoak, beste batzuk bizkaitarren ondorengoak. «Bizkaitik Tafallara joandako gizon batentzat hain zen garrantzitsua egun hori, familia guzia goiz esnarazi eta 06:00etarako Sabaitzan egoten baitzen. Herri guziei itzulia emateko denbora izaten zuen, eta hamaiketakorako bueltatzen zen».

Baina urtero aurkitzen zuen irudia tristea zen: elizak eta etxeak botata daude, eta urtetik urtera okerrera egiten zuten hustutako herriek. «Min handia egiten die herriak horrela ikusteak; gogorra da, baina hori da errealitatea», azaldu du Rekaldek. Azken hamar urteetan herri horietarako sarbidea irekita dago, baina, herri batzuetara ailegatzeko, sasiek jandako xendak igaro behar dira.

Ordura arte, ez zegoen sarbiderik. 1944tik aurrera hasi ziren herriak Nafarroako Diputazioari saltzen, eta pinudiak landatzeari ekin zioten. «Herriak saldu ahala, pinuak landatzen zituzten; beraz, han bizi zirenak zokoratuz joan ziren, eta lurrak kentzen». Nafarroak Arteta, Julio, Getadar eta Usunbeltz erosi zituen lehenbizi, eta, geroago, Sabaitza 1960an, Loia 1963an, Gardalain 1964an eta Irangote 1969an.

Azken urteak tristeak izan ziren han bizi zirenentzat, egoera zein zen ohartzen baitziren: geroz eta gutxiago ziren. Eskola Getadarren egoten zen, hori baitzen erdian zegoena, baina azken urteetan ez zenez haurrik Getadarren, Sabaitzara aldatu zuten. «Haranean geratzen ziren gainerako haur gutxi horientzat egunero haraino joatea odisea bat zen». Erlijioak garrantzi handia zuen haranean, eta hor ere atzera egin zuten: azken urteetan apaiz bakarra zegoen Getadar, Gardalain eta Sabaitza herrientzat, eta astero meza herri batean zen.

Gazte talde bat Artetako bestetan

Familiak tantaka joaten ziren, eta exodo hori ez zen erraza, Rekalderen arabera: «Getadarretik Amatriainera joatea hirira joatea bezala zen, eta, pentsa, 50 lagun bizi dira! Lekualdatzeko, bi idirekin familiaren gauza guztiak kargatu, eta atzean zaldiak anda batekin amatxi arrastaka. Eta hori xenda estuetan barrena. Jende hori bizi da, eta kontatzen du».

Azken unean erreskatatutako bizipen horiek xehe-xehe bildu ditu Rekaldek liburuan. Orain, beste proiektu bat dago martxan: museoa. Lanetan ari dira, eta espero dute heldu den urtean irekitzeko aukera izatea. Han, jasotako testigantzez gainera, objektuak-eta izanen dira ikusgai. Horrela, itzalitako bizimodu eta bizitza horiek ez dira ahanzturan eroriko, nahiz eta urte batzuen buruan ez den Nafarroako bizkaitarrik izanen.

BERRIAn argitaratua (2020/09/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA