astekaria 2020/10/02
arrowItzuli

bizigiro

Olatua ez da lehertu hondartzetan

Jakes Goikoetxea

Olatua ez da lehertu hondartzetan

Nola antolatu hondartza COVID-19aren izurritean? Nola uztartu hondartzek hartu ohi dituzten milaka bisitariak eta koronabirusaren kontrako segurtasun neurriak? Dena zen zalantza maiatzean. Udalek erabaki behar izan zuten nola egin. Irail bukaeratik ikusita, uda nahiko ondo joan dela diote, hartutako neurriengatik ez ezik, jendearen arduragatik. Dena den, hurrengo udari begira zer hobetu badagoela diote, egoera errepikatuko balitz.

BAKIO
Hondartza dinamikoak ohitura aldaketak eragin ditu


Hondartza dinamikoa. Uda honetan asmatutako, zabaldutako eta indarrean jarritako kontzeptua. Hondartzara joan bai, baina bertan ohi baino egonaldi laburragoak egitea. Bakion (Bizkaia) hondartzak ohiko funtzionamendua izan du astelehenetik larunbatera; dinamikoa, berriz, igandeetan eta jaiegunetan. Aldea? Igande eta jaiegunetan paseoan ibili, bainatu eta kirola egin ahal izan da, baina ez eguzkia hartzen geratu.

Horrek ohiturak aldatzera behartu ditu bakiotarrak eta Bakiora joan ohi diren milaka bisitariak. 2.700 herritar inguru ditu. Udan, 12.000ren bueltan. Horiei eguna pasatzera joaten direnak gehitu behar zaizkie.

Bakion egun bakar batean itxi behar izan dute hondartza, gehienezko jende kopurura iritsi delako. «Beste herri askotan, hondartza dinamikorik izan ez dutenetan, ordea, igande askotan edo gehienetan itxi behar izan dute», babestu du Amets Jauregizar alkateak udalaren erabakia.

Hondartza dinamikoa ezartzeko hautua «eraginkorra» izan dela nabarmendu du. Helburua zen, alde batetik, herritar guztiek hondartzara joan ahal izatea; bestetik, hondartza betetzeak eragin zitzakeen kudeaketa arazoak saihestea. «Zarata handia dagoenean ezin da kudeatu; zailagoa da konponbide on eta justu bat ematea».

Erabakiak burrunba sortu zuen. Jauregizarrek berak uztailean esan zuen uda «gogorra» izaten ari zela eta «tentsioa» nabari zuela. Geroztik, egoera samurtu da. Hori bai, astelehenero erantzun behar izan die kexu izan diren herritarren mezuei, udalaren erabakia azalduz eta babestuz.

Jendeak ohiturak aldatu behar izan ditu, halabeharrez. Ikasi egin behar izan du: «Lehenengo igande eta jaiegunetan kostatu zitzaigun; gero, igande eta jaiegunetan hondartza ia hutsik egon da». Aintzat hartu behar da lehen hondartza egunek konfinamenduaren arintzearekin bat egin zutela, maiatzean, eta jendetza bildu zela hondartzetan, baita Bakion ere.

Jauregizarren iritziz, konfinamendua azkarregi arindu zen: «Herritarrei esan zieten uda ezberdina izango zela, baina gero ekintzekin beste zerbait komunikatu zieten: hauteskundeak, tabernen eta jatetxeen ordutegiak zabaltzea... Eta herritarrek ez dute ulertu. Uste dut hasierako tentsioak-eta horren ondorio izan direla».

Bakion, ordea, esandakoak eta egindakoak bat egin dute, Jauregizarren arabera. «Guretzat garrantzitsua zen normaltasun berri hau sozializatzea, jendeak ulertzea, ez politikariok esaten dugunagatik, baizik eta haien bizipenengatik», jarraitu du. Hondartza dinamikoa izanda, esaterako. «Eta koherenteak izateak badu emaitza».

DEBA
Jende kopurua baino gehiago, eguzkitakoak izan dira buruhaustea


Uda hasi aurretik, Gilen Garcia Debako (Gipuzkoa) alkatea abailduta zegoen, izurrite garaiko udari eta hondartza denboraldiari aurre egin behar ziolako, baliabide gehiagorik gabe eta herritarren segurtasuna bermatzeko ardurarekin. Denboraldia bukatuta, lasaiago dago: «Oro har, asmatu dugu». Ñabardura bat gehitu nahi izan du, ordea: «Oso nekagarria izan da, sekulako ardurak hartu ditugu. Erakunde guztion artean egin beharrekoa zen, baina, azkenean, udal bakoitzaren ardura izango balitz bezala geratu zen».

Hondartza dinamikoaren alde egin dute, eta jendeari egonaldiak gehienez hiru ordura mugatzeko eskatu diote. Garciak aitortu du ez direla oso zorrotzak izan mugekin, besteak beste, hori guztia kontrolatzeak gastu handia eskatzen zuelako: langile gehiago, eskumuturrekoak edo bestelako kontrol tresnak...

Uda hasieran, jende kopurua, edukiera kontrolatzea zen buruhauste nagusia. «Gero», Garciaren esanetan, «ez da hainbesterako izan». Santiagoko hondartza handia da, eta itsasgorak ez du edukiera mugatzen. Bi aldiz soilik itxi behar izan dute, beteta zegoelako. Itxi dutenean ez dute liskarrik izan, alkatearen arabera.

Eguzkitakoak. Eguzkitakoak izan dira udako gatazka iturri nagusia. Debako Udalak debekatu egin ditu, horrela jendeak hondartzan denbora gutxiago pasatzeko. Hondartzainak arduratu dira, besteak beste, eguzkitakoak kontrolatzeaz -segurtasun neurriak jakinarazi eta zaindu dituzte-. «Kexa dezente» jaso dituzte debekuagatik: «Deserosoa izan da, baita gure erabakia babestea ere, baina egoera ez da normala, eta hala jokatu behar izan dugu». Kexak kexa, «orokorrean herriko jendeak oso jarrera ona izan du», nabarmendu du Garciak.

Hondartzari lotuta bai, baina hondartzatik kanpoko beste arazo bat izan dute Deban: garraio publikoa. Uda hasieran asko zabaldu zen bideo bat, non Euskotrenen bagoiak jendez gainezka iritsi ziren Debako geltokira, hondartzara zihoan jendearekin. Maiatzaren bukaera zen, konfinamendua arindu zen garaikoa.

Gilen Garciak berak hitz egin zuen Euskotreneko arduradunekin. Trenek beteta iristen jarraitu zuten: «Euskotrenek zinpeko zaindariak jarri zituen, ordena zaintzeko, baina ez zuten aldatu ez trenen maiztasuna, ez bidaiarien kopuruaren muga. Horretarako diru gehiago gastatu behar da, jakina».

Hondartza denboraldia bukatuta, hondartzen kudeaketari heldu behar zaiola uste du. Garciaren iritziz, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartu beharko luke hondartzen kudeaketa. «Zerbitzua modu justuago batean banatu beharko litzateke», argitu du, «zerbitzua ez baita gure herritarrentzat bakarrik». Ez du uste, ordea, foru aldundiak horretarako borondaterik duenik.

DONOSTIA
Informazio sistemen eraginkortasuna nabarmendu du udalak


Donostia. Hiriburua. Hiru hondartza: Kontxa, Ondarreta eta Zurriola. Kontxako hondartzan, gainera, itsasgorak hondarra jaten du. Horrek zaildu egin du hondartzen kudeaketa. Donostiako Udalak herritarrei eskatu die itsasgora baino bi ordu lehenago eta itsasgora eta bi ordu geroago Kontxan ez egoteko. Marisol Garmendia Gune Publikoetako eta Hiri Proiektuetako zinegotziak uste du, oro har, gomendioa bete dela, eta hondartzako sarrera-irteerak mugatzeak eta berrantolatzeak funtzionatu duela.

Batzuetan izan dira jende pilaketak. Edo jendea pilatuta sartu da hondartzara. «Halako oso gertaera gutxi izan dira», Garmendiaren esanetan.

Jendearen portaera nabarmendu nahi izan du, hain zuzen, zinegotziak: «Jendeak neurriak errespetatu ditu, eta egoeraz jabetu da».

Jendearen jarreraz gain, informazio sistemen funtzionamendua ere goraipatu du: banderak, Nik Hondartzak aplikazioa... «Aplikazioak oso ondo funtzionatu du, eta jende askok erabili du. Udalaren webgunea ere bai. Herritarrek zuzenean ikusi ahal izan dute hondartzen egoera».

Ez du uste aurtengoa salbuespena izango denik, eta, haren iritziz, jendeak ohitu beharko du aplikazioak eta bestelako informazio sistemak erabiltzera, berriro ere hondartzara joateko.

Hurrengo uda aurtengoaren modukoa baldin balitz, hondartzetan mugak ezarri behar izanez gero, «aurrerantzean errazagoa izango da horrelako egoerak kudeatzea, jendeak onartu duelako».

HENDAIA
Hondartzako bitartekarien lana goraipatu dute


Hendaia (Lapurdi). Hiru kilometroko hondartza. Udalak hamar gazte kontratatu ditu, kontrolatzeko hondartzara joan direnek segurtasun distantzia errespetatu dutela eta ez direla osatu hamar lagun baino gehiagoko taldeak. Bitartekariak deitu diete.

Lan asko izan dute itsasgoran, urak hondartza estutzen duenean. «Jendea banatu egin dute, elkarren arteko distantziak zaintzeko», azaldu du Frederic Tranche auzapezordeak. «Lan asko eduki dute, baina saiatu dira, eta jendea oso pozik dago». Herritarren zorion mezuak jaso dituzte.

Tentsiorik? «Sarreraren bat itxi behar izan dutenean». Alegia, sarreraren batean jende asko pilatu denean eta hondartzara beste sarrera batetik sartu behar dutela esan dietenean. «Pixka bat gehiago ibili behar izan dute hurrengo sarreraraino, eta jendeak, haserretzen denean, ez du ulertzen». Jendarmeek ez dute hondartzako tentsio uneetan parte hartu, auzapezordearen arabera.

Bisitari asko izan ditu Hendaiako hondartzak aurten ere. Horietako asko Hegoaldekoak, hango hondartzetako jendetzatik eta edukiera mugetatik ihesi. Lapurdiko eta Landetako kostaldeko sorospen zerbitzuetako arduradunek bilerak egin dituzte udan, eta hondartzetan gaztelaniaz hitz egiten zuen jende asko zegoela aipatu dute guztiek, Trancheren esanetan.

«Balantzea oso ona da», laburbildu du. «Ez dugu krisirik eta kutsatzerik izan». Hala ere, komunikazioa hobetu behar dutela uste du: «Behar baino jende gehiago etorri da batzuetan, eta komunikazioa hobetu behar dugu, jendeak jakin dezan egun batzuetan hobe dela hondartzara ez joatea». Etxerako lan bat jarri du horretarako: Kalilo aplikazioa hobetzea.

BERRIAn argitaratua (2020/09/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA