astekaria 2016/03/11
arrowItzuli

ekonomia

Euriborraren ziaboga, hipoteken giltzarria

Oihan Vitoria

Euriborraren ziaboga, hipoteken giltzarria

Hari baten gainean, zintzilik, egin ditu azken bost urteak, eta oreka mantentzeko ahaleginak ahalegin, hondoa jo du azkenean. Erorikoak, ordea, ez ditu finantza entitateak oharkabean harrapatu. Interes aldakorreko hipoteka mailegu gehienak kalkulatzeko erabiltzen den indizea gain behera doa aspaldian, eta historian lehenbizikoz otsaileko batez bestekoa negatiboan itxi du hamabi hilabeterako Euriborrak. Urtarrila inoizko mailarik apalenean amaitu ostean (%0,042an), jaitsi eta jaitsi jarraitu du, eta otsail hasieran negatiboan kotizatu zuen, estreinakoz (-%0,001). Nolanahi ere, ez zen anekdota hutsa izan.

Orduz geroztik, beheranzko bidea areagotu besterik ez da egin, eta susmoak bete dira: -%0,008an itxi du hilabetea, batez beste, diruaren prezio ofizialaren azpitik. Otsailaren 5etik hona negatiboan dago neurgailua, eta hilabete batzuk horrela segitzea espero dute adituek. Oso litekeena da aurrerantzean ere orain arteko beheranzko joera horri eustea. Atzoko Euriborra (-%0,025) da joera horren isla; egunero kalkulatzen da.

Euroguneko entitateek elkarri ematen dizkieten maileguen batez besteko indizea da Euriborra, hipotekak kalkulatzeko baliatzen dena. Hamabi hilabeteko Euriborra da mailegu horien zenbatekoa zehazteko erreferentzia nagusia Hego Euskal Herrian, eta, 1999an sortu zutenetik aurrenekoz, tasa negatiboarekin bukatu du otsaila. Ipar Euskal Herrian, interes finkoko maileguak dira ohikoagoak.

ZERGATIK AMILDU DA?

Adituen arabera, bereziki bi arrazoi daude: martxoko bileran EBZ Europako Banku Zentralak ekonomia suspertzeko iragarriko dituen neurriek eta merkatuen urte hasierako ezegonkortasunak eragin dute asteotako jaitsiera. Ziurgabetasun horri aurre egiteko, inbertsioak eta hipoteka maileguen kontratazioak bultzatzeko neurriak ere hartu ditu hilabeteotan EBZk. Aspaldi utzi zion bankuei interesak emateari bere kutxetan haien dirua gordetzeagatik: orain bankuak dira %0,3ko interesak pagatu behar dizkiotenak. Nabarmen areagotu ditu horrek entitateen arteko maileguak, errentagarriago irteten zaielako sobera dauzkaten funtsak beste banku batean gordetzea EBZren esku lagatzea baino. Mugimendu horiek aurrekaririk gabeko minimoetara eraman dute Euriborra.

JOERA HORRI EUTSIKO AL DIO?

Baiezkoan dira adituak. Euriborraren bilakaera bistakoa da: urtebetean, bi puntu baino gehiago galdu ditu. Muturreko jaitsierarik ez du espero, hala ere, AHE Espainiako Hipoteka Elkartearen kudeatzaile Lorena Mullorrek. Pilota EBZren teilatu gainean dagoela baliatuz, «berandu baino lehen» esku hartuko duelakoan da. Kutxabankeko EGE Enpresa Gizarte Erantzukizun saileko zuzendari Endika Ruiz de Zaratek, berriz, ez du aldaketa handirik aurreikusi. «Epe laburrean ez dirudi EBZk jarrera aldatuko duenik». Mario Draghi buru daukan erakundeak deflazioaren mamua uxatu guran ari da, baina petrolioaren eta lehengai batzuen merkatzeak zaildu diezaiokete berriro negatiboan den inflazioa (-%0,2) iraultzea.

IGARRIKO DUTE BEZEROEK?

Entitateek mailegudunei ordaintzeko ate bat ireki da, eta debatea puri-purian dago. Horrek, ordea, ez du esan nahi dirua itzuli beharko dietenik bezero orori. Hipoteka gehienak tasa aldakorrekoak dira —sei hiletik behin edo urtero berrikustekoak—, eta nahiz eta negatibora jaitsi, bankuek diferentzial bat ezartzen dute, %0,5etik %1era kasu gehienetan.

Oraindik Euriborra baino handiagoak dira kopuru horiek; beraz, interesei dagokien zatiarengatik dirua jasotzeko, tasa negatiboak maila horretakoa beharko luke gutxienez. Mullorren ustez, oso nekeza da Euriborra -%0,5era jaistea, batuketa negatiboa izateko Euriborra dezente apaldu beharko bailitzake luzaroan. Ruiz de Zaratek ez deritzo logikoa maileguak emateagatik ordaintzeari. «Ezinezkoa izan beharko litzateke: zuzenbidearen izaeraren aurka doa hipoteken truk pagatzea».

«Itxarotea». Beste erremediorik ez du Mullorrek. Zuhurtzia eskatu du: «Ez da erraza baldintza horiek betetzea eta gerta daitekeena iragartzea. Pentsaezina zen hona iristea, eta bankuek irrazionaltasuna alboratu beharko lukete, ekonomian eragin kaltegarriagoak saihesteko». Zalantzarik ez du, edonola ere, sektorea «zerbaiten atarian» egon daitekeela.

BADA EGIAZKO AUKERARIK?

Berez bai, teorian, baina Euriborra eta diferentzialaren batuketa gaindituko lukeen tasa negatiborik ez du inork espero. Eta, horrela balitz ere, ez dago segurtasun juridikoa hori baieztatzeko. Entitateek jada «kontraesantzat» jo dute maileguak emateagatik bezeroei ordaindu beharra, eta adierazi dute interesa ez kobratzearekin nahikoa litzatekeela, hipotekak dirua uzteko egiten direlako, ez gordailu gisa. Horren aurrean Espainiako Bankuak zehaztu du ez duela neurririk hartuko, hipotekak kontratuei lotuta baitaude.

INTERESIK PAGATUKO DUTE?

Interesei dagokien atalari bakarrik eragingo dio tasa negatiboak, eta bezeroek berdin-berdin pagatu beharko lukete zorraren zatia. Aski da? Mullorren hitzetan, bai. «Sektore moduan, hipoteka maileguak ematearen espiritua negozioa egitea delako. Ematen duenak ordaintzea eta jasotzen duenari itzultzea ez da zentzuzkoa». Kontrara, Adicae bankuen bezeroen elkarteko presidenteak, Manuel Pardosek, «motzegi» geratuko litzatekeela uste du. Interesak bakarrik ez, zorra ere gutxitu beharko litzatekeela esplikatu du: «Euriborrak esaten duena esaten duela, bezeroak sekula ez dira kexatu tipoek goia jo eta gehiago pagatzea egokitu zaienean. Oso deigarria da bankuak bakarrik kaltetuak sentitu direnean kexatzea».

Errealitatea asimetrikoa dela erakusten du horrek, AHEko eledunaren arabera: «Bankuek, irabazi asmoko erakundeak direnez, ordainsari baten truke ematen dituzte maileguak». Argudio hori okerra dela dio Pardosek: «Bankuek ez lukete dirua uzteagatik ordainduko, legediak derrigortu egingo liekeelako baizik». Asko jota, interesak ezabatu ditzaketela erantzun dio Mullorrek: «Zorra ez dute ukituko. Era berean kitatu beharko da, sinatzaileek horretarako konpromisoa baitute; hipotekak ez dira doako maileguak». Alegia, baldintzak berritzea dagokienean diferentziala maila negatiboetara erortzean baino ez diotela utziko interesak ordaintzeari.

Zero klausula izenekoen bidez, alabaina, mugak jartzen hasi dira zenbait banku tasa negatiboetatik babesteko. Kutxabank da horietako bat. Euriborraren eta diferentzialaren batuketa zero baino txikiagoa ez izatea jasotzen ari da hipoteka berrietan. Tirabirak, batik bat, aspaldiko hipotekekin sor daitezke, Kutxabankeko eledunak dioenez. Laboral Kutxak, aldiz, argitzeke du jarrera, ez baitaki Euriborraren gainbehera «egiturazkoa edo koiunturala» den.

Hori bai, neurriok «balekoak» izan daitezen eta iraganeko gatazkak ez berpizteko, bezeroek idatzi bat taxutu beharko dute adieraziz ezagutzen dituztela baldintzak, arriskuen jakitun direla eta ez direla aprobetxatuko interesen jaitsieraz, betiere zerotik beherakoak badira. Ruiz de Zaratek badaki klausulek «konnotazio negatiboa» hartu dutela, baina oroitu du legezkoak direla azalduz gero.

Adicaek, ordea, zoru klausulekin parekatu, eta abusutzat jo ditu: «Oligopolioan oinarrituriko neurria da, lehiakortasunaren eta Euriborraren efektua urardotzeko asmoa duena». «Amarru ilunak» egitea egotzi die Pardosek bankuei, eta auzitara jotzeko prest dagoela dio.

HIPOTEKETARAKO UNEA DA?

«Baliabide nahikoak, kaudimen gaitasunak eta premia edukitzekotan, bai, garai ezin hobea da hipotekak galdegiteko». Tipo baxuek epe motzean hipotekaren truke gutxiago ordaintzea ahalbidetuko dutela argi du Mullorrek: «Iraganeko hutsetatik ikasi dute entitateek, eta tentuz ari dira maileguak ematen». Bankuek irizpide zorrotzagoak —irabazien %40 bideratzea hipoteketara; Adicaek %30ean nahi du muga— ezartzen dituztela baieztatu du Ruiz de Zaratek. Kutxabanken iaz izenpetutako hipotekak 2014an baino %38 gehiago izan ziren; horietatik, %21, interes finkokoak. «Hipotekak eskatzeko garai polita da. Interes tasak inoizko merkeenak dira, baina hipoteka bat eskatu behar denean eskatu behar da».

Mullorren arabera, tipoen aldaketengandik babestu eta soseguz pagatu nahi dutenentzat da onuragarria interes finkoko hipotekak kontratatzeko. «Espekulaziorako akaso, ez; baina bizitzeko etxe bat erosi nahi duenarentzat, bai. Merkatua txikituz doa pixkanaka». Aparteko aukerarik ez du ikusten Adicaek. Finantza entitateen tranpa horretan ez erortzeko eta «mezu faltsuei» bizkar emateko eskea egin die kontsumitzaileei: «Berandu baino lehen, Euriborra igo egingo da, eta bezeroek egiaz ikusi beharko dute hipotekak pagatzeko gai diren edo ez».

BERRIAn argitaratua (2016/03/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA