gizartea
(Euskal) maitasun istorio bat
Jose Mari Pastor
Zergatik eskatu behar diezu gazteei udako maitasuna baztertzeko? Odola behar den lekura behar den bezain azkar eta indartsu jadanik jaisten ez zaizulako? Esaiezu udan maitasuna, sexua, piztea, ligatzea eta antzeko kontuak bizitzeko modu desberdinak asmatzeko, kontuz ibiltzeko, baina ez hil haien bizi gogoa. Ez ahaztu: lehen maitasuna, askotan, udan loratzen da.
Lehen maitasuna du ardatz, hain zuzen, En kärlekshistoria filmak, Roy Andersson zuzendari suediarrak 1970ean sortutako lanak. Berez, pelikulak Maitasun istorio bat izenburua zuen, baina atzerrian suediar hitza gehitu zioten, exotikoagoa edo izango zelakoan, agian: A Swedish Love Story. «Orain egiten ez den film horietako bat da», idatzi du pelikulari buruz Sueddeutsche Zeitung egunkariak, lanaren 50. urteurrena gogoan. Lanak 15 urteko mutil baten eta 14 urte betetzear dagoen neska baten arteko amodioaren berri ematen digu. Filma suediarra izan arren, gaia unibertsala da: maitasun istorio suediarra euskal maitasun istorio bat ere izan zitekeen.
60ko hamarkada amaitu berria da. Olof Palme dugu Suediako lehen ministroa, haren aurrekoak, Tage Erlanderrek, 23 urtean munduko ongizate-estatu sendoenetako bat eraiki eta gero. Giro ederra bizi eta maitatzeko. Eta musika eta motorrekin gozatzeko. Gazteek ez dute besterik buruan. Eta Annika eta Pär gazteak dira, oso.
1970. urtea guztiz bestelakoa izan zen Euskal Herrian. Batez ere, Hegoaldean: diktadura, errepresio odoltsua, Burgosko prozesua... Hala eta guztiz ere, gazteen arteko maitasunak sortzen ziren gurean ere. Gaztetako pasioak eta pultsioak berdinak dira han eta hemen, hori azaltzeko moduak lekuko ohiturek eta kontsentsu eta kontrol sozialek baldintzatzen dituzten arren. Gaztaroa ez dute berdin bizi demokrazia formal garatua duen nazio subirano bateko gazteek eta herri zapaldu batekoek, baina desioak eta bizi nahiak bizirik segitzen dute edonon.
Annika eta Pär hemengo Miren eta Mikel izan zitezkeen, beste testuinguru batean. Udako maitasunak bere lekua du Euskal Herrian ere, beste edonon bezala. 1970eko udan edo 2020koan. Pertsona erreprimitu eta hotzen irudia osatu du euskaldunei buruz espainiarrek hedatu duten estereotipoak. Badirudi 1970ean munduko pertsona liberalenak zirela gure lagunak. Gurasoak egun-pasa kanpora joan eta 13 urteko alaba 15 urteko mutil ezagutu berriarekin etxean bakarrik geratzea onartzen al zuten, bada? Suedian ez dakit, baina Espainian, ez. Pelikulako tarte hori ez zatekeen sinesgarria izango Espainian girotua izan balitz. Suedian kokatuta dago. Akaso Segovian Donibane Lohizunen baino gehiago egiten zuten larrutan 1970ean? Baionako herritarrak autoa hartu eta Madrileraino joaten ziren, Espainiako hiriburuko zinemen aurrean ilarak egiteko asteburuan, film pornoek buztankada eta betekada eragin arte?
Behin batean oso bikote gaztea ikusi nuen Suedia hegoaldean, Malmo hirian sartzen zen autobusetik. 14 urte izango zituzten biek. Mutila zain zegoen, espaloian zutik, eta neskak hara hurbildu eta musu samur bat eman zion ezpainetan. Eskutik helduta urrundu ziren. Ez ziren Pär eta Annika, baina Maria eta Mikael izan zitezkeen. Edo Miren eta Mikel. Hogei urte geroago, batzuetan oraindik gogoratzen dut udako arratsalde hartan gogoa alaitu zidan nerabe parea. Eta elkarrekin segituko ote duten galdetzen diot neure buruari.
Gazteen odola borborrean dago, eta haren jarioa geldiezina da beti. Ez espero haiek maitasuna baztertzea. Ez. Contra natura izango litzateke. Uda joan zaie. Maitasuna eta bizi gogoa, ez.