bizigiro
QUAN ZHOU WU
«Umoreak digestioa errazten du»
Iker Tubia
Jan duzu inoiz gazpatxo gazi-gozorik?
Ez nekien bazenik ere, baina aurrekoan lagun baten amak prestatu zidan: gazpatxoa zen, baina frutarekin. Komiki autobiografikoaren izenburu gisa oso intuitiboa da gazpatxo gazi-gozoa: berehala ulertzen da zeri buruz ariko naizen.
Ironiaz marrazturiko zintak sortzen dituzu. Mezua hobeto jasotzen da horrela?
Nire izaerari loturik dago: alaia naiz, eta beti ari naiz irriz. Zerbait kontatzen dudanean, umorez kontatzen dut; beraz, oharkabean atera zen. Arrazakeriaren gisako gai serioagoak aipatzean, uste dut garrantzitsua dela diskurtso guziak ez izatea zigortzaileak edo salaketazkoak. Arrazakeriari buruz pentsarazten duen diskurtso atsegin bat ere behar da.
Beraz, umoreak ez die garrantzirik kentzen gai serioei?
Ez, umoreak digestioa errazten du. Gogorra da hau esatea; beraz, beste ikuspegi batetik eta modu atseginean, agian batzuek hausnartuko dute.
Txinatarra zara zure ingurukoen begien aurrean?
Saihetsezina da hori: ez daramat NA kopetan itsatsita, eta, nire aurpegiagatik, aurreiritzietan erortzen dira. Baina, non jan, hangoa izan.
Zenbat aldiz esan dizute: «Zeinen ongi egiten duzun gazteleraz»?
Pila batetan, eta aspergarria da [irri egin du]. Marmotaren eguna da.
Nola erantzuten zenien halakoei zintak marraztu aurretik?
Zintetan bezala: irri eginez, batzuetan hezteko asmoz erantzuten, baina baita txantxetan ere: esanez bederatzi hilabete daramatzadala Espainian, eta oso azkarra naizela.
Arrazakeria askotan ageri da zure zintetan. Eguneroko ogia duzu?
Kultura talka eta eguneroko arrazializatua kontatzen dut, eta eguneroko horretan ezinezkoa da arrazakeriarik ez egotea. Arrazakeria asko ikusezinak dira gehienentzat, ez baitago gogoeta sakonik.
Pandemiaren ondoren arrazakeria handitu dela sumatu duzu?
Nik, zorionez, ez, baina lagunek bai. Ezjakintasun handia dago, eta dena deshumanizatzen da: txinatarren errua dela eta abar. Baina, batzuetan, uste dugu Twitter errealitatea dela, eta ez da hala.
Nola bizi duzu ez nora ez hara bizitzearena?
Nik zubi belaunaldi deitzen dudan horretan gauden guzioi gertatzen zaigu hau. Espainian sortu, helduarora iritsi eta zerbait argitaratu duen lehenbiziko belaunaldikoa naiz ni. Lehen ez zegoen biderik; ez genuen gidaririk. Inork ez zigun esan ez genuela zertan txinatar edo espainiar izan, gure identitatea ez zela okerra. Jende ez-binarioaren egoeraren antzekoa da, baina etnizitatearen gaira ekarrita.
Komiki hauek xenda ireki diete beste batzuei?
Bai, hori gertatzen ari da; esker mezu asko jaso ditut. Irudikapena oso garrantzitsua da, bestela pentsa dezakezu errealitate hori zuk baizik ez duzula bizi, eta bakarrik sentitu.
Estiloa finduz joan zara?
Lehenbizikoak Asiako eragin handia du, mangarena, txikitan hori ikusten bainuen. Gero, estilo propioa landuz joan naiz, eta erabaki dut nola kontatu denborak, bineten forma eta abar.
Sare sozialetan ere zinta asko argitaratzen dituzu.
Modu horretan irakurleekin konektatzen dut. Aktualitatea eta gertatzen zaizkidan gauzak lantzen ditut, batez ere.
Lizarran hurrengo lanaren zati bat dago ikusgai. Nolakoa izanen da?
Azaroaren 26an argitaratuko da, eta saiakera grafiko bat da espainiar migranteei buruz. Pop soziologia deitzen diot nik: gauza konplikatuak umorez eta denek ulertzeko moduan kontatzen saiatuko naiz.