kultura
Ripsteinen urrezko aroa
Mikel Lizarralde
2000. urtean, ordea, oso bestelakoa zen Ripsteinen eta Zinemaldiaren arteko harremana. Haren filmari Urrezko Maskorra eman zion Stephen Frears, Jorge Arriagada, Andrea Ferreol, Angela Molina, Jim McBride, Juan Ruiz-Antxia eta Stephane Tchal Gadjeffek osatutako epaimahaiak.
Zuzendaririk onenari emandako Zilarrezko Maskorra Reza Parsarentzat izan zen, Före Stormen ekoizpen suediarrarengatik, eta aktore onenak, berriz, Carmen Maura (La comunidad) eta Gianfranco Brero (Tinta roja). Epaimahaiaren Sari Berezia Nicolas Klatzen Paria filmak irabazi zuen, eta epaimahaiak beste bi sari ere banatu zituen urte hartan: Argazki onenaren saria Nicola Pecorinik jaso zuen, Harrison's Flowers filmagatik, eta gidoirik onenarena, Paz Alicia Garciadiegok, La perdición de los hombres-en egindako lanagatik.
Sail Ofizialean gaur egun ospe handia duten beste zuzendari batzuk ere lehiatu ziren. Horien artean nabarmentzekoa da, ezinbestean, François Ozon. Zuzendari frantziarra ohikoa bilakatu da azken urteetan Donostian: 8 Femmes eta Swimming Pool zinemaldiko sail banatan eman zituzten; 2012an, Urrezko Maskorra irabazi zuen Dans la maison filmarekin; 2014an, Une nouvelle amie aurkeztu zuen Sail Ofizialean, eta aurten ere film bat du Urrezko Maskorra lortzeko lehian (Ètè 85). 2000. urtean, ordea, Sous le sable-rekin lehiatu zenean, oharkabean igaro eta saririk gabe gelditu zen.
'Parasite'-ren aurretik
Ozon ez zen Donostiatik esku hutsik joan zen zinemagile bakarra. Gauza bera gertatu zitzaion Kathryn Bigelow zinemagile estatubatuarrari The Weight of Water filmarekin. Ordurako itzala lortua zuen Bigelowk akziozko filmekin, baina molde intimistago batean egindako filmak ez zuen harrera ona izan Donostian. Mathieu Kassovitz aktore eta zuzendari frantziarra Les rivières pourpres filmarekin lehiatu zen, eta hura ere saririk gabe gelditu zen. Eta Donostiako 48. Zinemaldi hartako Sail Ofizialean lehiatu zen, aurrenekoz, Bong Joon-Ho ere. Parasite laudatu eta sarituaren zuzendariak bere opera prima ekarri zuen Donostiara: Barking Dogs Never Bite. Saririk gabe gelditu zen, baina handik hiru urtera itzuli zen, Memories of Murder-ekin, eta orduan bai, zuzendari onenari dagokion Zilarrezko Maskorra irabazi zuen.
2000. urteko Zinemaldian bi Donostia sari eman zituzten; bata Michael Caineri, eta bestea Robert De Nirori.