astekaria 2016/03/11
arrowItzuli

gizartea

EEPko presidente, baliabiderik gabe

Ekhi Erremundegi Beloki

EEPko presidente, baliabiderik gabe

Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidente izendatu zuten, atzo, Mathieu Berge (Baiona, 1976) Eskualdeko Kontseiluko hautetsi sozialista. 2011tik karguan zen Frantxua Maitiaren lekua hartuko du. Eskualdeko hauteskundeetan sozialisten zerrendatik kanpo gelditu zen Maitia, eta, beraz, eskualde kontseilari kargua galtzeaz gain, EEPko presidentetzatik kanpo ere gelditu zen. Bergek urtebeteko agintaldia izanen du gutxi gorabehera, EEPren barne araudiaren arabera Euskal Kulturaren Aldeko Herri Arteko Sindikatuko kide bati baitagokio ondoren EEPren buruzagitza.

Politikako belaunaldi gaztearen ikurretako bat da Berge. 2008. urtean lortu zuen lehen kargu publikoa, sozialisten zerrendan Baionako Herriko Etxeko oposizioan sartuz. 2010ean Eskualdeko Kontseilurako hautatu zuten. Geroztik, Akitania-Euskadi euroeskualdearen arduradunetako bat izan da.

«Pozik eta ohoratua» agertu da Berge presidentetza eskuratu izanagatik. Denbora tarte laburra duela «kontziente», hiru helburu nagusi markatu ditu bere agintaldirako, EEPko biltzar nagusiari aurkeztu dizkionak: euskararen irakaskuntza hobetzea, bereziki sare publikoan, ama ikastoletan murgiltze eredua indartzeko «borondatearekin»; euskal hedabideen baliabideak indartzea, EEPren barnean adar berezi bat «sortzeko aukerarekin»; eta eskola orduetatik kanpo herriko etxeek proposatu behar dituzten aktibitateetan euskararen presentzia bermatzea, bereziki ikasketak euskaraz egiten ari diren ikasleentzat.

Sortzear den Ipar Euskal Herriko elkargo bakarrean EEPk izan beharreko lekuaz ere mintzatu da: «Biak batera ikusten ditut. Alde batetik, hizkuntza politika garatzeko zinezko eskumena izanen lukeen elkargo bat, eta, bestetik, EEP, orain arte hizkuntza politika garatzen lagundu duten aktoreek —estatuak, eskualdeak eta departamenduak— bakoitzak bere eskumenekin lan horretan segi dezaten».

Lehen erronka, aurrekontua

EEPren aholku batzordea uzten zuela iragarri zuen joan den abenduan Euskal Konfederazioak, lurralde kontratuan hizkuntza politika garatzeko baliabiderik ez zutela jarri salatzearekin batera. Besteak beste, EEPren aurrekontua bikoiztea ari ziren eskatzen. Hiru milioi eurokoa da gaur egun, eta sei urterako izoztea erabaki zuten. Negoziazio mahaian Eskualdeko Kontseilua izan zen bere diru ekarpena handitu nahi izan ez zuena. «2017an hizkuntzaren atala berrikusteko klausula izenpetua da, Mathieu Bergeren ardura izango da Alain Rousset [Akitaniako Kontseiluko presidentea] konbentzitzea sos gehiago eman dezan», azaldu du Paxkal Indo Seaskako presidenteak. Bergek defendatu du jadanik lanean ari dela, eta Eskualdeko Kontseiluaren bidez euskarazko irrati eta telebistentzako diru laguntza gehigarriak lortzeko bidean dela. «Hori da nire egitekoa, instituzioak diru gehiago ematera bultzatzea».

BERRIAn argitaratua (2016/03/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA