astekaria 2020/09/25
arrowItzuli

mundua

«Errusiak ez du gutxiengoen beharrik»

Alex Bustos

«Errusiak ez du gutxiengoen beharrik»

Espainiako Estatuak 32 hizkuntza. Murtziak gehiengoa budista. Andaluzia, argi eta garbi, musulmana. Aragoik xamanak ditu. Halakoxea izango litzateke Espainia Errusia bezalakoa balitz, herrialde bat ezin askotarikoagoa etnia aldetik. Hizkuntzak baditu ehun baino gehiago, eta, horietatik, gutxienez berrogeik dute lege babesa eskualde mailan. Herrialde osoan, hizkuntza bakarra da ofiziala: errusiera.

Hizkuntza horietako gehienak Errusiako Federazioaren mugapetik etorritakoak dira, salbuespen bat izan ezik: ukrainera. Horixe dute hizkuntza ofizial Krimean, de facto Errusiak kontrolaturiko lurraldean, nahiz eta ez daukaten halakotzat onartua Ukrainak, Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak. Jatorriz beste herrialde batekoak diren beste zenbait komunitate handitan, berriz, vietnameraz, georgieraz, azerbaijaneraz eta armenieraz mintzo dira, baina hizkuntza horiek ez dira ofizialtzat aitortzen herrialdean.

Errusia barruan gutxiengo asko dago, baina Errusiako herritarren %78 errusiarrak dira etnia aldetik, eta %71, berriz, kristau ortodoxoak. Islama da herrialdeko bigarren erlijioa, eta haren jarraitzaileak dira, nagusiki, Uralen eta Volgaren arteko eremuan. Erlijio xamanistek, direnak direlakoak izanik ere, batik bat, Siberian eta Uraletako zenbait alderditan dituzte sinestunak. Eta erlijio budistak Txinako mugaldean eta Mongolian ditu jarraitzaileak.

ERRUSIA, BAT ETA HANDIA

Bai Sobietar Batasuneko presidente izandako Mikhail Gorbatxovek -Perestroika garaian- eta bai Moskuk -jada Errusiako Federazioko hiriburu bihurturik- herrialdearen deszentralizazioa bultzatu zuten. Baina 1990eko urteetako ahalegin hori eginagatik ere, Errusiako Gobernuak federazioaren uniformetzea bultzatu du 2000. urteaz geroztik, herrialdean dauden gainerako kulturen kaltegarri.

Vladimir Putinek, bere lehenbiziko agintaldiari ekin ziolarik, zera adierazi zuen: «Errusian, errusiarrak bizi dira. Norbaitek Errusian bizi nahi baldin badu, Errusian lan egiteko eta jan ahal izateko, edozein gutxiengok, edonongoa delarik ere, errusieraz hitz egin beharra dauka, eta Errusiako legeak errespetatu [...] Errusiak ez du gutxiengoen beharrik. Gutxiengoek dute Errusiaren beharra, eta ez diegu pribilegiorik emango, ez diegu utziko gure legeak aldatzen beren gogoa asebetetzearren; ez dio axola diskriminazioaren kontra aldarrika badabiltza ere».

2017an lege bat onartu zuten, zeinaren bidez ikasleei errusiera baino ez baitzitzaien eskatuko derrigorrezko hizkuntza bakartzat. Putinek hitzok erabili zituen hura aldezteko: «Onartezina da gizon bati berea ez duen hizkuntza bat ikasaraztea». Zenbait eskualdetan, besteak beste, Tatarstanen, Udmurtian eta Txetxenian, neurri horien kontra ere protesta egin zuten, bereziki hezkuntza komunitatean.

Estatuaren laguntzarik eza, baina, ez da sumatzen soilik Tatarstanen, Udmurtian eta Kalmukian. Eta ez da hori Errusiako kultura aniztasuna murrizten duten eragileetako bakarra. Desberdintasunak eta aukerarik ezak ere eragiten die gehiengoa ez-errusiarra duten errepubliketako zenbaiti, besteak beste Txetxeniari, Dagestani eta Altairi, hango kulturak gero eta ahulago egiteraino. Gazteek herrialdeko beste norabait alde egin behar izaten dute, eta galdu egiten da hizkuntzaren transmisioa.

Diskriminazioa da, bestalde, Errusiako kultura aniztasunari erasaten dioten arazoetako bat. Esate baterako, alokairuan jartzen dituzten etxeen iragarkietan, ohikoa izaten da jabeak «eslaviarrak bakarrik» eskatzea. Etiketa hori, eskuarki, Asia Erdialdeko immigranteentzat izan ohi da (Tajikistan, Kirgizistan, Uzbekistan), baina baita dagestandarrentzat eta txetxeniarrentzat ere, Kaukasoko herri horietakoak ere Errusiako herritarrak izaki.

Moskuren boterea sendotzeko eta eskualdeko gobernuen laguntza txikitzeko asmoz, estatuko gobernuak gehiengoaren nahiaren kontrako zenbait neurri harrarazten dizkie errepublikei, hala nola laguntza sozialak murriztea, herritarrak gero neurri horien kontra ager daitezen. Adituek nabarmendu izan dute, hain zuzen, Errusiako 60 hizkuntza inguru daudela galzorian.

TATARSTANDARREN KONTZERTUAREN AMAIERA

Tatarstandarrek indartsu ospea dute. Haien kultura eta hizkuntza osasuntsu daude, zinez; Errusiako eskualde hizkuntzetan hiztun gehien duena da. Tatareraz 4 milioitik gora hiztun mintzo dira, nahiz eta errepublikan 3,8 milioi pertsona bizi diren. Auzoko eremu batzuetan (Baxkortostan) eta hiriburu handietan ere (Mosku eta San Petersburgo) tatarstandarren komunitate handiak daude.

Tatarstango Errepublika Volga ibaiaren ertzean dago, Mosku ekialdean, eta EAEk duen eremua halako 8,5 hartzen du.

Artemi erdi tatarstandarra eta erdi errusiarra da, eta Moskun bizi da. Hark dioenez, tatareraren egoera «euskarak Espainian duen egoeraren antzekoa» da. Badio, halaber, 2017ra arte tatarstandarrak gai izan zirela beren baliabideak kudeatzeko.

«Tatarstandarren forutasuna» izan zen Errusian edozein eskualdek sekula izandako autonomiarik handiena, bai eta galtzen azkena ere. Gaur egungo presidente Vladimir Putin 2000. urtean hautatu zutenez geroztik, gainerako subjektu federalek beren autonomia galdu zuten pixkanaka.

Egia da baduela askatasun tarte bat, baina boterea galdu du Moskuren aldean, hura baita Errusiaren erdigunea, eta gero eta pisu handiagoa izan nahi du federazioaren barruan.

Besteak beste, eragile bati esker eutsi zioten autonomia horri eta iraunarazi zioten baturik tatareradunen komunitateari: eskualdeko baliabide energetikoen ustiapena. Gutxiengo handiak dituzten beste errepublika batzuen aldean, Tatarstanek ekonomia ahaltsua du, eta hori eragile garrantzitsua da hizkuntza bati eta kultura bati eutsi ahal izateko. Garrantzitsua da, halaber, Tatarstango biztanlerik gehienak tatar etniakoak direla.

Zenbait herri kantari ezagunek -esate baterako, Tatarka izenekoak (tatar esan nahi baitu errusieraz) eta Findus Tiamaevek- milaka jarraitzaile eta erreprodukzio dituzte Interneten. Errepublikako zenbait komunikabide, berriz, hala nola Mende Berria katea eta estatuko telebista bera ere tatareraz eta errusieraz aritzen dira.

Autonomia galdu badute ere, ez dago jarrera politikorik bidea emango duenik aurrerantzean ere errepublikaren eskubideak aldezteko egitasmo bat babestu ahal izateko. Artemik azaldu du hori ezinezkoa dela Errusian, independentismoarekin edo separatismoarekin lotuko bailukete; eta, hurrengo, «terrorismoarekin». Estigma hori Txetxeniaren kasutik eratorria da. Kaukasoko errepublika txiki horrek Errusiatik bereizi nahi izan zuen 1990eko urteetan, eta bi gerratan borrokatu zen Errusiako armadaren kontra.

Tatarstango eskualde parlamentuak kontra bozkatu zuen, hain zuzen, tokiko hizkuntza propioa derrigorrez ikastea mantentzeari dagokionez, eta, gaur egun, edozein gurasok aukera du eskatzeko beren seme-alabek astean bi orduan bakarrik ikas dezatela tatarera eskolan.

MONGOLIA TXIKIA

Kalmukia kasu bakana da Europan. Eskualde bakarra da budistak gehiengoa direna, eta, Europako kontinente osoan, hantxe daude erlijio horretako tenplurik handienak. Kalmukia, jatorriz, Txina mendebaldetik etorritako herri bat da, eta gaur egungo bizilekua XVII. mendean ezarri zuen. Aspaldian uko egin zion bere tradizio nomadari, Errusia hegoaldean ezarri zirenez geroztik, Kaspiar itsasertzean. Hizkuntza, berriz, mongoliarren familiakoa du, eta alfabeto zirilikoaren aldaera moldatu bat darabil.

Errepublika txiki bat da, Aragoi eta Katalunia baturik bezain handia, eta 300.000 biztanle bakarrik ditu. Hilean, batez beste, 387 euro baino ez da hangoen gutxieneko soldata; Kalmukia da Errusiako eskualderik txiroenetako bat, Txetxeniaren eta Dagestanen azpitik.

Aukerarik eza dela eta, eskualdeko gazteek herrialdeko beste zenbait tokitara emigratu behar izaten dute; bereziki, hiriburu handietara: Moskura eta San Petersburgora. Hala egin behar izan du Victoriak, zeinak irakasle baitihardu Moskuko eskola batean. «Urtean pare bat alditan baino ez naiz itzultzen Elistara, familia ikustera». Erantsi du, halaber, bere kasua ohikoa dela; izan ere, aukerarik ez dagoenez, jende askok lan egiten du Kalmukiatik urrun.

Viktor, berriz, historialaria da Kalmukiako hiriburuan, Elistanen, eta tamalez dio 2000tik hona jaiotako haurrek ez dakitela kalmukeraz. Viktorren belaunaldiko jendea, 1980ko eta 1990eko hamarkadetakoa, kalmukeraz mintzo da oraindik ere; baina, historialariak nabarmendu duenez, kopuru aldetik, «hutsaren hurrengoa» dira kalmukeradunak.

«Tradizioak gordeko badira, hurrengo belaunaldietakoei zer transmititu eduki behar da; bestela, ezinezkoa da». Azken erroldaren arabera, 80.500 pertsona inguru mintzo dira tokiko hizkuntzan, nahiz eta kalmukiar etniako 183.000 bizi diren Kalmukian, hots, biztanle guztien erdiak baino gehixeago.

Kalmukiarren kulturak estigma bat dakar aspaldiko urteetatik. 1940ko urteetan, Stalinek kalmukiarren herria ia osorik deportatu zuen, Alemania naziarekin kolaboratzeagatiko zigor gisa. Egia da etnia horretako kide batzuek okupazio indarrekin kolaboratu zutela, baina ez zuten izan gehiengoaren babesik. Nolanahi ere, den-denak deportatu zituzten, inolako bereizkeriarik gabe, bai Siberiara eta bai Ekialde Urrun errusiarrera, Alaska ingurura. Sobietar Batasuneko beste toki batzuetatik etorritakoak eta errusiar etniakoak zirenek okupatu zuten Errusiaren hegoaldeko eskualde hori, eta hor bizi izan ziren kalmukiarrekin batean, horiei beren sorterrira itzultzen utzi zitzaienean.

Kalmukiarrek etiketa hori izan dute beren bizkar urte askoan, bai eta beste herri batzuetakoek ere, Volgako alemaniarrek, adibidez, eta beste behaztopa harri bat izan da tokian tokiko kultura gorde ahal izateko.

LEINUAREN IZENEAN, BERE BURUARI SU

2019ko irailak 10. Albert Razin, tokiko kulturaren aldeko unibertsitateko irakasle eta aktibista batek bere buruari su eman zion Udmurtiako Errepublikako Parlamentuaren atarian, Izhevsk hiriburuan. Zer arrazoik bultzatu zuen erabaki hori hartzera? «Errusiako hizkuntza indigenen galerak».

Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak atlas bat du egina galtzeko arriskuan dauden hizkuntzekin, eta, hor ageri diren datuen arabera, udmurtera «galtzeko arrisku larrian dago», eta hizkuntza horretan mintzo direnen kopuru bat dakar: 463.000 hiztun. Errepublikan, guztira, 1,5 milioi pertsona inguru bizi dira. Eskualdea txikia da, Suitzaren tamainakoa gutxi gorabehera, eta Volgaren eta Uralen artean dago kokatua, Europaren eta Asiaren arteko mugaldetik oso gertu.

Andrei Perevoztxikov udmurta da, eta udmurten kulturaren aldeko aktibista bat; haren ustez, kaleen izenak bikoiztu egin behar dira, eta bi hizkuntzatan jarri. Horrez gainera, dio beharrezkoa dela tokiko komunikabideen babesa, eta horiek ere finantzatu egin behar direla, hartara gero eta argitalpen gehiago egon daitezen hizkuntza natiboan. Udmurtian Internet bidez gehien kontsultatzen diren hamar hedabideetatik bakar bat irakur daiteke udmurteraz.

Eskualdean badute erlijio propio bat, baina, Perevoztxikoven iritziz, areago da «sinesmenen multzo bat». Fede horri Udmurt Vos deritzote, eta sinesmen animisten multzo bat da, Errusia bera ekialderantz hedatu baino lehen lur horietan bizi ziren herriek utzitakoa; besteak beste, Inmar, Kildisin, Kuaz eta halako jainkoetan sinesten dute.

Udmurt Voseko xaman ere bada Perevoztxikov, eta, azaldu duenez, bere jendeak zenbait zeremonia eta festa ospatzen ditu, «nagusiki, naturan, baso barreneko tokiren batean, eta Udmurtian oraindik ere gordetzen dituzten leku sakratu batzuetan». Jendearen sinesmenek ideia nagusi bat dute oinarri: natura gurtzea eta gordetzea. Fede horren errituetako bat da, egokiera batzuetan, animaliak sakrifikatzea ere.

Gaur egun, herritarren %2 bakarrik dira Udmurt Vosen jarraitzaile, eta galtzeko zorian dago. Perevoztxikovek adierazi du estatuak ez duela babesten: «Areago esango nuke, oztopatu egiten du tradizioei eutsi ahal izatea.

BERRIAn argitaratua (2020/09/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA