kultura
LARA IZAGIRRE
«Hizkuntzak badu beste funtzio bat pelikulan: etxea da Norarentzat»
Itziar Ugarte Irizar
Ikuslea irribarre batekin ateratzea nahi zenuen lan honekin. Zergatik zen hori inportantea?
Un otoño sin Berlin egin eta gero, zerbait argitsua egin nahi nuen. Behar nuen pertsona moduan eta sortzaile moduan. Hasierako helburu txikia hori zen: pelikula eder bat izatea eta ikuslea irribarre batekin ateratzea. Zine esperientzia hori ematea ikusleari.
Badago kontraste bat. Izenari zor, noraezean da protagonista, baina atmosfera argi, berde, eder batean agertu duzu hori.
Bizitzari oso lotuta daukadan sentsazio bat da hori: momentu ederretan ere badagoela zerbait tristea, eta momentu tristeetan badagoela zerbait alaia. Orduan, nahi nuen erakutsi gure paisaia, Euskal Herriko paisaia ederra, baina ez ikusgarritasunetik, baizik eta Noraren esperientziatik. Bizitzen duenaren arabera paisaia eta ingurua modu ezberdinean ulertzen da. Inoiz ez da guztiz tristea, ez guztiz alaia, beti dago tarteko tonalitate bat, filma zuritik eta beltzetik urruntzen duena.
Norak ere jolasten du tonuekin bere marrazkietan. Mundu berriak pintatu nahi horrek ere ezaugarritzen du pertsonaia.
Bai. Eta, gainera, pelikulan ez da oso nabaria, baina haren irudiek ere badaukate garapen bat: hasieran kolore asko dute, oso beteak dira. Bukaeran daudenak askoz ere sinpleagoak dira, zer nahi duen ikusten hasten denekoak. Haren irudietako koloreak dira gero arte eta argazki zuzendariak landu dituzten koloreak pelikularako: urdina, gure itsasoaren antzeko urdin bat, eta noizean behin kontrastea, horia, magenta.
Dyane 6 zahar urdinean egiten du zeharkaldia Zornotzatik Ziburura Norak. Road movie asko egin dira, eta egon daiteke arriskua higatutako eskemetan erortzeko. Kezkatu zaitu horrek?
Ez. Guk, nolabait, anti road movie bat balitz bezala planteatu dugu. Road movie-ak luzeak izan ohi dira, dimentsio handiagokoak. Gurean, Norak autoz egiten duen bidaia ez da hain garrantzitsua. Oso kilometro gutxi dira. Ideia zen egitea road movie bat baina Noraren neurrikoa. Ez dut izan horrelako beldurrik, baina bai generoak dakartzan arazoak: road movie batean, abiadura ezberdinetan, baina beti zoaz aurrera, eta pertsonaiak agertzen dira behin, ez dira agertzen berriro; hori bai izan da zailtasunetako bat.
Aktore talde indartsua bildu duzu horretarako, ordea.
Bai, eta uste dut oso orekatua geratu dela. Pertsonaia bakoitzak ematen dio tonu ezberdin bat, eta aberasten du lana. Ikuslearentzat ere uste dut polita dela. Emanaldiaren ondoren beti dator eztabaida, eta ikusten ari naiz jendeak oso ezberdin bizi dituela pertsonaiak. Anerekin nago oso pozik, baina talde guztiarekin, oro har.
Nabarmentzekoa da, bai, Ane Pikazaren lana.
Bai. Ni oraindik harritzen naiz. Esperientzia oso gutxi du zinemaren munduan, eta harrigarria da nola mantentzen duen pelikularen pultsua denbora guztian. Badu zerbait berezia, nire ustez, eta da freskura. Esperientzia asko dutenek keinuak neurtzen dituzte. Anek ez.
Aurrez ere esan izan duzu interpretazio ahalik eta finena dela gakoetako bat zuretzat. Nola zuzentzen dituzu aktoreak? Nola ulertzen duzu lan hori?
Entsegu asko egitea gustatzen zait grabaketa baino lehen. Aktoreei eskatzen diet nik idatzitakoa adibide modura hartzeko, eta gero eraiki dezatela pertsonaia beraien izaeratik, aktore lanetik, baina beraiek ere sortzea pertsonaia. Hartu-eman hori mantentzen dugu grabaketara arte. Eta orduan ere aldatuz goaz eszenak, energiaren arabera ohartzen zara pentsatu zenuenak balio duen edo ez, tonua hori den edo beste bat. Edizioak ere asko txukundu dezake aktoreen lana.
Grabaketara nahiko irekita joan arren, zer mantendu nahi zenuen idatzi bezala eta zer aldatu da zazpi asteko filmaketan?
Saiatu nintzen aske-aske joaten, eta esperientzia oso polita izan da; lehenengo pelikulan baino lasaiago egon naiz, gehiago gozatuz. Uste dut lortu dudala argi izatea zer behar nuen, eta, hortik aurrera, lekua egin diot inprobisazioari.
Zer zen behar zenuen hori?
Esaterako, pelikularen komedia puntua zaintzea. Ez da komedia oso handia, eta interpretazioan neurtu behar genuen hori.
Eman dezake film arin bat dela, (inongo konnotazio negatiborik eman gabe arin horri), baina gordetzen ditu hari lodiagoak: benetan egin nahi denari begiratzea, galtzen uztea, ausartzea..
Gidoiarekin lagundu didan lagun frantses batek esaten zuen légèreté [arintasuna]. Esaten zuen pelikula zela horrelakoa, eta aurrera horrekin. Baina nahi nuen bigarren irakurketa bat ematea hala nahi zuenari, eta hor sartzen dira askatasuna, maite dugunen heriotza, nola erabaki zer egin nahi dugun gure bizitzarekin... Niretzat oso gauza potoloak dira, baina, bai, modu arin batean kontatuta daude, eta hori polita iruditzen zait. Batzuek esango dute «ba, polita!», eta beste batzuek egingo dute gogoeta sakonago bat, konektatu beste toki batetik, eta hori bai zen pixka bat asmoa.
Idatzi da «emakumeen road trip» bat dela. Zer uste duzu?
Nik ez nuke esango halakorik. Bera emakumea da, eta emakume lantalde batek sortu du proiektua. Baina horrek ez du esan nahi emakumezko ikusleentzat denik, eta gai unibertsalak jorratzen ez direnik.
Aipagarria da, bai, ageri diren emakumeen arteko harreman sarea. Ama eta lagun mina ditu hurbilen, baina badirudi haien eredua ukatzen duela. Bidean gurutzatuko ditu bere adin antzeko alaba bat duen baserritarra, gasolindegiko langilea, Hendaiako liburuzaina... Badago konplizitate hari bat hor.
Bai. Oso gauza garrantzitsua da hori nire bizitzan, eta nahigabe ere hor dago. Saiatu naiz filmetakoak baino, ezagutzen dudan jendearen antzekoagoak diren pertsonaiak sortzen. Baina berdin gizonezkoekin ere. Azken eszena txikitxoak asko esan nahi du, eta zuk esaten duzun horren harira doa. Emakumea gu izaten, aske.
Aireportura bidean, aitak galdetzen dio Norari zergatik ez duen autobidea hartzen. Hark erantzuten dio bigarren bideak politagoak direla, eta, gainera, denbora dutela.
Filmak arrakastaz ere hitz egiten du, eta horrek asko esaten du. Badirudi arrakasta izatea dela autopista hartu, eta heltzea ahalik eta arinena, ahalik eta urrunena, eta ez, badira beste modu batzuk. Ez soilik profesionalki, bizitzan diot.
Hizkuntza nahaspila dago filmean, baina euskara da nagusi. Erabaki bat izan da?
Bai, Un otoño sin Berlin-etik nuen gogoa. Eta nahi nuen euskara filmean egotea bizitzan ikusten dudan moduan: beste hizkuntza batzuekin batera bizitzen. Hizkuntzak badu beste funtzio bat pelikulan: Norarentzat etxea da, galduta dago, baina ez hain galduta, zeren hizkuntza hor dago: etxea.
Udan kritiko agertu zinen BERRIAn industriaren denbora eta moduekin. Bidea libreago balitz, zer egingo zenuke gustura?
Datozen hiletan nahiko nuke Nora-k bide polit bat egitea, eta hori disfrutatzea; bost urte eta gero, behar dugu. Disfrutatzeko film bat da, eta nahi dut hori jendearekin konpartitu. Gero, betiko moduan, hasiko naiz zerbait pentsatzen, geldi ezin naiz egon. Baina orain Nora.