iritzia
Konfiantza
Jone Uria Albizuri
Azken boladari begiratuz gero, askok pentsa lezake pozik egoteko moduan nagoela. Ez nire zutabeei esker, jakina, baina birusari esker bete dela nik desio nuen horren parte handi bat. Izan ere, martxotik hona inoiz baino presenteago egon da zientzia gure bizitzetan. Irakurri ditugu zutabeak egunkarietan zientziaren garrantzia goraipatuz, ikerlarien lana ia osasungintzakoena beste txalotuz. Dibulgazio lan handia egin da. Badira pozik egoteko motiboak, dudarik gabe.
Pentsa liteke zientziaz ere sekula baino gehiago eztabaidatu dela azken hilabeteotan. Eta eztabaidatuko zen, baina kuestionatu ere bai, eta ez gutxi. Eta ez dira gauza bera eztabaidatu eta kuestionatu.
Ez naiz gauzak kuestionatzearen kontrakoa; aldrebes, zalea ere banaizela esango nuke. Mesfidatia behar du gizakiak, zuhur. Zientzialariak ere bai. Baina fidatzen ere jakin behar du. Zientzialariak eta gizakiak, biek.
Izan ere, ez da posible norbera fisika kuantikoan, biologia molekularrean, aljebra trukakorrean, kriptografian eta programazioan aditu izatea. Ez da posible historiaurretik hona ikasi den guztia norberak ezagutzea. Ulertzen saiatzeko ahalegina egin liteke, gehiago irakurtzekoa. Baina zerbait ez ulertzeak ez du gezur bihurtzen, zerbait eta bere kontrakoa irakurtzeak ez du ezagutza osoa dantzan jartzen.
Ezagutza zabaldu nahi badugu, gizarte hobe bat eraiki, pandemia honi aurre egin, elkarlanean aritu beharko dugu. Eta elkarlanak elkarrekin fidatu beharra ere badakar. Ez itsu-itsuan eta kriteriorik gabe. Norberak hautatuko du zerekin eta norekin fidatzen den. Baina etengabe mesfidantzan dabilenak bide motza du.
Ni zientziaz fidatzen naiz. Eta zientziaz fidatzen naizela diodanean, zientzialariez fidatzen naizela esan nahi dut. Zientzialariak ahal beste ulertu eta jakin nahi du zerbaiten inguruan. Eta horretarako dihardu lanean. Horretarako behatzen du, eztabaidatzen du, irakurtzen du, hausnartzen du. Horretarako eta horregatik dago prest frogatu nahian zebilena gezurra zela onartzeko. Hanka sartu duela aitortzeko. Behar duen denbora eskaintzeko problema bati. Jakin nahi duelako, ez arrazoia izan. Nik sinisten dut zientzialarien gehiengoak hala jokatzen duela eta hala eraikitzen dela ezagutza zientifikoa.
Bartzelonan izan nuen irakasle batek zioen maila batetik gora ikertuko duen matematikariak sinistu egin behar dituela emaitza batzuk. Ezin duela bere ikerketa oinarri dituen emaitza denak banan-banan frogatzen jakin. Ezin duela dena oinarri-oinarritik hasi eta puntaraino ulertu eta bere arkatzez frogatzeko gai izan. Bizitza osoa pasatuko lukeela horretan.
Premia bat ere bada, beraz, fidatu behar izatearena. Ezagutzak aurrera egingo badu, elkarrekin fidatzen asmatu behar dugu. Epidemiologoari sinistuko diot nik egungo datuen irakurketa egiten duenean, eta sinistuko dit berak niri matrize baten balio propioak nola kalkulatu jakin behar duenean. Horrela ere eraikitzen baita ezagutza, ez edozer zalantzan jarriz bakarrik, baita elkarrekin fidatuz ere. Fidatzeak ez baitu engainua inplikatzen. Ez fidatzeak engainurik eza inplikatzen ez duen era berean. Zerekin fidatzen garen aukeratzean dago gakoa.
Eta gizartea ere hala eraikitzen dela esango nuke. Mesfidati, baina fedez. Zuhurtziaz eta konfiantzaz. Oreka aurkitzea da zaila, eta beldur naiz denok ere mesfidatiegi ez ote gabiltzan azken boladan...