kultura
JOSE LUIS REBORDINOS
«Kezka garaiak izan arren, uste dut beti sinetsi izan dugula jaialdia egingo zela»
Ainhoa Sarasola
Uneren batean planteatu da aurten jaialdirik ez egiteko aukera?
Uste dut ezetz. Une jakin batean, apirilean edo maiatzean, aurrera egin edo ez erabaki beharrean izan ginen. Orduan geldituz gero, jaialdiak ez zuen jasango eragin ekonomiko negatiborik, baina bai hiriak. Orduan Eneko Goiarekin bildu nintzen, eta berak oso argi zuen, gero hiriko jaialdi guztiei jakinarazi zigun moduan, aurrera egin beharra zegoela. Eta orduan erabaki genuen aurrera egitea, ondorio guztiekin. Zein ziren ondorio horiek? Bada, orain, astebeteren faltan, jaialdia bat-batean bertan behera utziko bagenu, gainbehera ekonomiko erabatekoa litzatekeela; gastuaren zati handi bat egina izango genukeen, eta ez zen ez babesleen ez leihatilaren dirurik sartuko -aurrekontuaren %42 inguru izaten da-. Zorionez, badirudi normaltasunez egin ahalko dugula. Ez egitearen beldur izan al garen? Ezetz uste dut. Kezka garaiak izan dira; duela bi aste agerraldi bat egoteak, adibidez, beldur apur bat eman zigun, baina uste dut beti egon garela sinetsita jaialdia egin egingo zela.
Sarean egiteko aukera ez duzue planteatu, ezta?
Ez, ez da sekula planteatu. Ea hau ongi azaltzen dudan: gu ez gaude online jaialdien aurka; festibal mota horrek badu bere zentzua, baina uste dugu Cannes, Berlin, Venezia edo Donostiakoaren gisakoek soilik jaialdi presentzial gisa dutela zentzua, aurkezten duten material motagatik -munduko edo Europako premier-ak, plataformetara heldu aurretik bide bat egiteko asmoa duten film handiak-. Eta, gainera, uste dugu jaialdi bat topagune bat dela, jendea elkartzeko gune bat, zinemaz eztabaidatzeko, iritziak trukatzeko, gogoeta egiteko, negozioa egiteko... Eredu horren alde gaude, eta hori defendatzen jarraituko dugu. Ez, ez dugu inoiz planteatu online jaialdi bat egiteko aukera.
Aipatu dituzun jaialdiek zinema aretoak aldarrikatu dituzte.
Bai; Venezian, Europako zortzi jaialdi nagusiek elkarrekin aldarrikatu dugu film bat ikusteko lekurik onena aretoa dela, eta jaialdiek hor egon behar dugula zinemari hedatzen laguntzeko.
Azkenean jaialdia egitea erabaki zenuten, ohi baino bertsio murritzagoan bada ere. Zer balorazio egiten diozu aurten eskaintzen dituzuen filmen aukeraketari?
Urte oso arraroa izan da, arrazoi batengatik: Cannesko jaialdia egin ezin izana ikaragarria da zinema industriarentzat eta zaleentzat, hura baita munduko lehiazko jaialdi eta filmen merkatu garrantzitsuenetako bat. Cannes ez egitea izugarria da, eta eragin negatiboa baino ezin du izan. Baina egia da Donostiari aukera eman diola hainbat film berreskuratzeko, jaialdiak aukeratu zituenak baina proiektatu ez zirenak. Eta horrek eragin du Sail Ofizialean hiruzpalau film egotea, batez ere horietako pare bat, nire ustez lasai asko izan zitezkeenak Urrezko Palmaren irabazleak. Alde horretatik, sail batzuen maila zerbait igotzea ekarri du. Kontrara, kalte egin digu Espainiako zinemari eta Latinoamerikakoari dagokionez. Aurten espero genituen Latinoamerikako film handienetako batzuk, eta Espainiakoren bat ere bai, ez dira egiten hasi ere egin, edo erdibidean geratu dira. Beraz, haien aukeraketa egitea zailagoa egin zaigu.
Errodaje ugari geratu ziren udaberrian, estreinaldiak atzeratu... Asko eragin du hautaketan?
Bai; film batzuei buruz bi urte generamatzan hizketan, eta espero genuen udan bukatuta ikustea. Horietako asko erdibidean geratu dira; urte amaierarako bukatuko dituzte ziurrenik, eta litekeena da Berlinerako prest egotea. Horretan bai nabaritu dugu kaltea; beste urteetan baino zinema latinoamerikar eta espainiar gutxiago ikusi dugu. Baina Cannes ez egiteak balio izan digu hara joatekoak ziren eta oso garrantzitsuak diren hainbat film berreskuratzeko.
Cannesek hautatutako zazpi lan daude Sail Ofizialean; sei lehian, eta bat lehiaz kanpo. Zeren arabera erabaki duzue hala egitea?
Guk Cannesko filmak ikusi ditugu beste edozein film ikusten dugun bezala; batzuk gustatu zaizkigu, eta beste batzuk ez; ez dugu zertan gustuetan bat etorri, eta asko gustatu zaizkigunak hartu ditugu. Bestetik, lehian edo lehiaz kanpo, zergatik? Itxierako filmaren kasuan, tira, [Fernando] Trueba jada ongiaren eta gaizkiaren gainetik dagoen norbait da; Oscar bat irabazi du, Donostian lehiatu da... Zerbait berezia egin nahi genuen filmarekin, eta oso ongi zetorkigun itxierarako. Eta gustatzen zitzaigun ideia bat zen esatea jaialdia handi batekin hasiko genuela, Woody Allenekin, eta beste handi batekin amaitu, Truebarekin.
Euskal zinemari dagokionez, Zinemiran ez ezik, beste sail batzuetan ere badira euskarazko filmak. Aurtengo uztak zer dio euskal zinemaren egoeraz?
Niretzat oso positiboa da. Uste dut polita dela ikustea laugarren urtez euskal film bat dugula Sail Ofizialean. La trinchera infinita egon zen iaz, eta ez zen euskaraz, baina aurrekoak euskaraz izan ziren. Eta berriro dugu Akelarre-ren moduko film bat, erdia euskaraz eta erdia gazteleraz dena, hizkuntzen logika errespetatzen baitu -Espainiako Gortetik datozen inkisidoreak gazteleraz mintzo dira, eta sorginak eta Euskadiko herrietako jendeak, euskaraz-. Oso film berezia da, eta badu niretzat oso interesgarria den zerbait: egungo munduaz hitz egiten du, eta, hainbatek uste dutenaren aurka, Euskadi oso ireki bati buruz ere bai. Argentinar batek zuzendu du, eta bi euskal herritarrek ekoitzi, Argentina eta Frantziarekin koprodukzioan. Hau da egun bizi garen mundua, elkarrekin harremanetan gauden mundu bat, non gure zinemak euskaraz, gazteleraz, islandieraz... egiten duen. Zinemira ixten duen filma, Lobster Soup, adibidez, Islandian eta islandieraz eginiko lan bat da, eta %100 euskal ekoizpena da. Gure zinemagile eta ekoizleak mundura ateratzen dira, eta egin dezakete zinema euskaraz argentinar batekin. Zer esan nahi dut? Berezko ezaugarriak ditugula, baina ez gaudela burbuila batean itxita. Uste dut euskal zinema frogatzen ari dela mundua kontatzen badakiela, eta Zinemaldiak hori islatzen duela proposamenen aniztasun horrekin.
Gero, bi film daude Zuzendari Berrietan, eta hori oso garrantzitsua da; jende hori da urte batzuk barru Sail Ofizialeko filmak egingo dituena. Hil kanpaiak da lanetariko bat, inor harritu ez duena, Imanol Rayoren lan berria baita; Bi anai egin zuen aurrez, eta bere garaian jende asko kexatu zen ez genuelako Sail Ofizialean eman, eta orain oso ongi eginiko film batekin itzuli da. Bestetik, Ane daukagu, niretzat aurtengo ezustekoa izan dena, David Perez SaƱudori buruz entzun bai, baina ez bainituen bere laburrak ezagutzen, eta Ane oso film berezia iruditu zitzaigun. Hil kanpaiak euskaraz da, baita Ane ere, hizkuntzen logikagatik gazteleraz den zatiren bat salbu. Beraz, euskarazko zinema indartsu dago.
Aipatutako hiru filmek maila izugarria dute, nire ustez. Baina Zinemiran ere oso proposamen interesgarriak daude, Pablo Ibarri buruzko telesailetik hasi, El Drogas, Nora, Non dago Mikel? eta Caminho longe-ren gisako filmetatik pasatu, eta Islandian eginiko itxierakoraino... Oso lan ezberdinez osatutako sorta bat dago. Uste dut Zinemaldiak frogatzen duela geure zinema osasuntsu dagoela, eta forma, gai eta ikuspuntu ideologikoen aldetik proposamen oso ezberdinak daudela; horrek egiten du niretzat gizarte bat sanoa eta orekatua izatea, ikuspuntu ezberdinak egoteak eta normaltasun osoz erakutsi ahal izateak.
Aurten, film, saio eta sarrera gutxiago izango dira. Zaila izan da ikusleentzako eta akreditatuentzako lekuekin oreka lortzea?
Saiatu gara ehunekoak aplikatzen. Areto batzuetan edukieraren erdia egongo da, %60koa beste batzuetan, baina Kursaal, adibidez, jende gehien biltzen duen aretoa, ez da %40ra helduko: 600 lagun baino ezingo ditugu sartu. Kalkulatu dugu %38-40 sarrera inguru atera ahal izango ditugula guztira; saiatu gara publikoak ehuneko hori izaten, eta akreditatuek ere bai. Konplikatua da. Eta tristeena guretzat da jende asko geratuko dela kanpoan. Lehen 40 film ikusten zituenak hamar ikusiko ditu aurten, eta hamar ikusten zituenak, bi. Baina horrela behar du aurten, eta uste dut hobe dela horrela izatea, jaialdia ez egitea baino.
Sarrerak salgai jarri aurretik beldur zineten ea jendea uzkur egongo zen aretoetara joateko? Lehen egunean %90 saldu dira.
Bai, hiru egunetarakoak. Baina pentsa, iaz 100.000 sarrera saldu genituen, eta aurten 30.000 inguru izango dira. Beraz, uzkur dagoen jendea egonda ere, denetarako publikoa dago. Nik ezagutzen ditut jaialdira asko joaten diren pertsonak, adin batetik aurrerakoak batez ere, aurten joango ez direnak. Baina uste dut gutxi gorabehera dena beteko dela; dugun lekuaren arabera, noski, askoz gutxiago baita. Jendea zinemara ez joateko beldurrik ez genuen; arazoa justu kontrakoa da: joan nahi duen baina kanpoan geratuko den jende asko dagoela. Horrek pena izugarria ematen digu. Bagenekien gertatuko zela, eta gertatzen ari da, zeren atzo [igandean] sarreren %90etik gora saldu ziren, baina hainbat pelikulatarako, hala nola Rifkin's Festival, Akelarre, Limbo... saldu ziren sarrerak halako lau saldu ahalko ziren. Pena ematen digu, baina ezin dugu ezer egin.
Donostia sariari dagokionez, Viggo Mortensenenaz gain beste bat banatzea zen zuen asmoa. Ez da posible izan.
Ez, ez da posible izan. Viggorena oso goiz itxi genuen. Baina, beste sari batzuk ixten saiatzen ari ginela, batez ere errealitate bihurtzetik oso gertu zegoen bat, pandemia berriro hazi zen, eta pertsona horrek esan zuen ezin zuela konpromisoa hartu. Jaialdirako bizpahiru egunen faltan konfirmatu ahal izango zutela esaten ziguten. Eta, azkenean, uztea erabaki genuen, bizpahiru egunetan ezin baituzu Donostia sari bat behar bezala antolatu. Gainera, gero ez balitz aterako, saio bat hutsik geratuko zen, eta arrisku handiegia iruditu zitzaigun. Sari bat egongo da aurten; datorren urtea beste urte bat izango da.
Uda hasieran aurreikusten zenuen leihatilaren eta babesleen artean diru sarrerak 1,2 milioi euro inguru gutxituko zirela aurten. Hala izango da azkenean?
Leihatila oso baxua izango da azkenean, eta ziurrenik 1,5 milioi eurotik gora ibiliko gara sortuko ez den diruari dagokionez. Baina lanean ari gara askoz ere gastu gutxiago sortzeko; jende gutxiago etorriko denez, gastua ere gutxituko da. Hemen egunero aldatzen dira gauzak, baina, gaur-gaurkoz, espero dut azkenean [kontuak] orekatu ahal izatea, edo behintzat defizita oso txikia izatea, datorren urtean bideratzeko modukoa.
Jaialdia murriztu beharrak gauza askori uko egin beharra ekarriko zuen. Zerk eman dizu pena gehien? Eta zer lortu edo mantentzeaz zaude harroen?
Niri pena handia ematen dit publikoak, jende asko kanpoan geratzeak. Badira jaialdira etortzeko oporrak hartu eta estatu osotik, Frantziatik edo Londrestik etortzen diren zinemazaleak, eta aurten ez dute festa handi hori izango, edo beste era batekoa izango dute. Pena ematen didate sinadura biltzaileek, zeinak gehienak dagoeneko lagun ditugun, Maria Cristina inguruan hizketaldiak izaten baititugu; aurten ezin izango dira han egon, eta ezingo ditut agurtu. Horrek guztiak ematen dit pena handia, azken batean jaialdi bati kaleko jendeak eusten baitio; hori da gero beste gauza asko egitea ahalbidetzen dizun oinarria. Pena handia ematen dit, halaber, Belodromoa egin ezin izateak.
Eta zertaz nagoen harro? Ba, ni oso harro nago jaialdiko langileez. Lantalde izugarria da, eta uste dut urtero frogatzen duela hori, baina aurten bereziki. Eta, gero, oso harro nago aurten jaialdia egoteaz, nire bizitza profesional osoko erronka handiena baita.