astekaria 2020/09/18
arrowItzuli

gizartea

Paradoxetan katigatuta

Arantxa Iraola

Paradoxetan katigatuta

Maskara ez zen beharrezkoa aurrena; handik hilabete batzuetara, derrigortu egin zuten erabilera. Txertaketari buruzko iragarpenak usu ozentzen dira, datak ere ematen dira maiz, baina oraindik ez da guztiz segurua txertoren bat lortuko den ere. COVID-19aren izurria hasi zenetik, tankerako kontraesanak maiz hedatu dira, eta askotan instituzioen partetik, gainera. Nahasmena, haserrea eta ezinegona eragin ditu horrek sarri. Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea da Ana Galarraga, eta paradoxen ondorioez ohartarazi du. «Halakoek batez ere mesfidantza sortzen dute», azaldu du: «Dena zalantzan jartzea dakarte, eta konfiantzarik ez izatea aginduetan, edo aginduak ezartzen dituzten horietan». Irakaslea da Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatean Ramon Salaberria. Bat dator: «Argi dago: gizartean badago mezu kontrajarrien pertzepzioa. Kaltegarria da hori herritarren artean hainbat portaera orokortu nahi badira».

Kontraesan horien zergatia azaltzeko badira argudio funtsezkoak, zientifikoak, guztiz arrazoizkoak: SARS-CoV-2 birus berria da, haren inguruko ezagutza oraindik ere urria da, eta arian-arian ari dira ikertzaileak zer den ulertzen. Hori oso ondo esplikatu behar dela gogoratu du Galarragak. «Adibidez, apaltasun handiz aitortu behar da hasieran zeuden uste batzuk okerrak zirela». Maizegi halakoek oihartzun apalegia izaten dutela badaki: «Komunikazioan ez dute saltzen». Hain justu, beti lorpenak eta aldeko goiburuak nabarmentzeko atondutako politika komunikatiboentzat, albistez jositako amaraunean bisitak naro erdietsi nahi dituzten hedabideentzat, aski mezu deserosoak dira. Nabarmendu du, ordea, «pentsamendu zientifikoaren» oinarriak aintzakotzat hartzen ez dituzten mezuak antzuak direla halako krisi batean. Bat dator Salaberria ere: «Pazientzia izan behar da zientziarekin, eta hori adierazten jakin behar da».

Adjektibo ezinbestekoak

Izurri honen gisako ataka zail batean, ematen den informazioak lau adjektibo ezinbestean eraman behar dituela uste du Galarragak: «Gardena, argia, apala eta horizontala izan behar du». Beste ezaugarri bat ere erantsi du Euskampus fundazioko Zabalkunde Zientifikorako arduradun Uxune Martinezek: «Larrialdia aitortu behar da, baina larritasuna beharrean lasaitasuna bideratuz eta argitasuna emanez. Esaten denak konfiantza islatu behar du; hori bai, betiere kritikoa izateari utzi gabe». Instituzioen partetik ikusitako jarreretan, Galarragari ez zaio gustatu maiz erakutsi duten «harrokeria». Arbuiagarritzat du: «Errieta egite hori, kontu eske ibiltzea, noiz eta zeuk onartu behar duzunean agian ez dituzula garaiz hartu neurriak, ez duzula asmatu, eta, gero, zer eta gizarteari leporatzen dizkiozu zure gabeziak. Zeu izan zara baimendu dituzuna jarduera jakin batzuk, esaterako, tabernetan-eta egitekoak, eta hori egin delako etorri zara gero kontu eske... Uste dut hori ez dela onargarria».

Instituzioei, oro har, begirada zabaltzeko eskatu behar litzaiekeela adierazi du Martinezek ere: «Eguneko datuak, gomendioak eta arauak zabaltzen aritu dira, epe laburrera begira, konplexutasuna eta epe luzerako begirada erakutsi gabe. Eta gizarteari motz gelditu zaio, ez dutelako aurreikusi publikoak urrunago begiratzen zuela, biharamunera».

Horrelako krisi batean, ororen gainetik, izurriaren eragina apaltzeko neurriei atxikiko zaizkien herritarrak behar dira, eta, horretarako, ematen diren mezuetan «kasu negatiboetan» oinarritutako goiburuez harago egin behar dela adierazi du Salaberriak. «Izan ere, bai erakundeen partetik, bai hedabideen partetik informazio pila bat ematen da kasu negatiboen inguruan, baina jarraitu beharreko ereduen falta dago». Bat dator Martinez, eta iraganean egin ziren hainbat esperientziatatik ez dela ikasbide egokirik atera esan du. «2009an A gripearen pandemia izan genuen. Telebistan zuzenean eman zen lehen pandemiatzat jotzen da. Komunikazio arloko adituek kolokan jarri zuten birus pandemiko horri telebistan egin zitzaion jarraipen masiboa. Esaterako, Frantzian, telebistako albistegiek denboraren %64 eskaini zioten hiru hilabetez jarraian gaixotasunari. Hildakoen kopuruak emanez hasi zituzten saioak hiru hilabetez jarraian, eta alerta egoera bat itzelezko alarma bihurtu zuten. Kalte egin zioten osasun krisiei aurre egiteko behar den soseguari». Orain kritika horiek berriz ozendu daitezkeela uste du: «Hamarkada bat geroago, harri berarekin egin dugu estropezu. Gaitzaren zuzeneko jarraipena egiten ari gara: gaixoak, infektatuak, positiboak, intzidentzia tasa... Datuen berri jasotzen dugu egunero, eta egunkarietako orrialdeek eta ikus-entzunezkoen emanaldiek koronabirusari eskaintzen dizkiete tarte asko. Baina informazio kopuruak ez digu laguntzen erantzunak aurkitzen. Izan ere, kantitatea eta kalitatea ez dira gauza bera». Halakoen ordez, mezu «eraikitzaileak» sustatzera egin behar dela esan du Salaberriak: «Guk eredu gisara har ditzakegun jarduteko erak erakustea garrantzitsua da: gauzak hobeto egiten lagun diezaguketen jarduteko moduak».

Gainezka

Aintzat hartu beharreko beste fenomeno bat ere badagoela adierazi du Nafarroako Unibertsitateko irakasleak: une batetik aurrera, krisiaren lehen faseetan iritzi publikoak informazioa eskuratzeko duen egarria apalduta, «gainezka» ere egiten du informazioak hartzaileengan: ezin dute gehiago irentsi. Martinezek, hain justu, hilabeteotan «datu gaindosiaren» ondorio kaltegarriak argi ikusi direla ohartarazi du. «Publikoak ahalegin berezi bat egin behar izan du ulertzeko zer gertatzen den eta zer eskatzen zaion, eta horrek haserrea, jarrera negatiboak eta ezezko erantzunak piztu ditu. Neurri handi batean, horri egotzi ahal zaizkio, esaterako, ikusten ditugun jende pilaketak edo asteburuetako ezkutuko elkarretaratzeak».

Hedabideek «autokritika» ere egin behar dutela argi du Galarragak, eta gai baten inguruan agertzen ari diren albisteen taxuak zinetan arduratuta dauka. «Txertoari dagokionez, adibidez, ari gara horren berri ematen kirol lehia baten berri ematen ariko bagina bezala. Aldiz, ez da ongi esplikatu txertoaren garapenerako faseak zein diren, zertan oinarritzen diren, eta zertarako diren, baina oinarrituta egian, eta ez Trumpen nahian, edo asmo komertzialetan». Horrek goiburu errazegi asko ekarri dituela uste du, eta hautu desegokia dela: «Zientziaren erabat kontrakoa».

BERRIAn argitaratua (2020/09/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA