kultura
Eriek ere txalotu zuten idazlea
Iñigo Astiz
Berez, Mario Orlando Hardy Hamlet Brenno Benedetti Farrugia zuen gurasoek jarritako izen osoa, baina izen eta abizen bakarreko bertsio laburtua hautatu zuen berak sinaduratzat. Italiarrak zituen bi gurasoak, baina kultura germaniarraren zale porrokatua zuen aita, eta, horregatik, Montevideoko alemaniar eskolan hasi zituen eskolak. 1933an, ordea, atera egin zuten handik, eskolako arduradunek haurrei goizero nazien agurra eginarazten zietelako. Bere hitzez deskribatuak ditu pasarte horiek idazleak berak: «Deutsche Schulen ikasi nuen alemanez/ eta rrtum (itz. oker) txikienarengatik/ derbe Ohrfeige (itz. zaplaztekoak) jasotzen ere bai,/ nazien modura agurtzeko agindu zidatenean/ aitak belarritik atera ninduen/... /gero kontable izan nintzen, ordezko piezen zein liburuen saltzaile, kutxazain, eta, batez ere, takigrafo».
1943an Marginalia aldizkaria zuzentzen hasten da haren literatur langintza, eta ipuin bilduma, poema liburu, nobela eta saiakera liburu jario etengabea izango da haren bizitza geroztik. 45eko belaunaldiko kide izendatzen dute kritikariek, besteak beste Idea Vilariño eta Juan Carlos Onettirekin multzokatuta. 1960. urtean argitaratutako La Tregua eleberriak izandako arrakastak jarri zuen haren izena mapan lehen aldiz, eta Nobel sarirako hautagai izatera ere heldu zen 1985. urtean.
Literatura eta bizitza
Etengabe elikatuko dute elkar bizitzak eta idazketak Benedettiren sorkuntzan.
Martxoak 26 izeneko mugimendua sortu zuen 1971n, tupamaro mugimenduko kide batzuekin batera, eta erbestera joatera behartuta ikusi zuen bere burua horregatik 1973an, Juan Maria Bordaberry Arocena presidenteak estatu kolpea eman eta gero. Hamabi urte eman zituen deserrian, Argentinan, Perun, Kuban, Herrialde Katalanetan, zein Espainian, harik eta 1985ean diktadura militarra amaitu, eta sorterrira bueltatzeko aukera izan zuen arte. Erbestea bilakatuko zuen geroztik bere testu askoren ardatz nagusietako bat. Hori da Aiora Jaka itzultzaileak euskarari ekarritako Udaberri kantoi-hautsia eleberriaren kasua, adibidez. Bere bizipen pertsonalekin tartekatuko ditu bertan idazleak erbesteak zauritutako fikziozko bost pertsonaiaren ahotsak.
Idatzi, genero guztietako testuak idatzi zituen, baina haietako bakoitzari zion maitasunaren araberako sailkapena egin zion 1978. urtean Espainiako Telebistako kazetariari. Poesia lehenik, ipuinak ondoren, saiakerak, eta soilik gero eleberriak.
Izan ere, poesiaren rock izar moduko bat ere bada Benedetti, eta bere ahots hutsez irakurritako poemak biltzen dituzten diskoak dira horren froga. Ehunka poema grabatu baitzituen boz gora, biluz, 1970eko hamarkadatik hasi, eta 2002ra arte. Maitasunari buruzkoak dira haietako asko eta asko, eta zahartzen entzun daiteke haren ahotsa diskoz disko: sendotzen, urteekin, eta hasierako indarra galtzen. Ahots hori eta poemak irakurtzeko modu melodiatsu eta erritmiko hori ere bada haren testuen hedapenaren kausetako bat.
Musika da bestea. Batez ere, ezker giroetan arrakasta izan baitzuten Benedettiren hitzekin osatutako abestiek. Joan Manuel Serrat abeslari kataluniarrak ere abestu zituen, esaterako, testu horietako batzuk, eta, ez da debaldekoa, beraz, Benedettiren mendeurrenaren aitzakian, Alfaguara argitaletxeak harengana jo izana poetaren antologia bat atondu eta aurkezteko. «Ziurrenik, gure hizkuntzan [gazteleraz] gehien irakurritako autoreetako bat da Benedetti», dio bertan Serratek, «eta, erabat ziur, baita gehien kantatua ere».
Abeslariak dioenez, 200 baino gehiago baitira, haren testuak oinarri hartuta sortutako kantuak, eta euskarazkoak ere badira, tartean. Eñaut Elorrieta musikariak bere bakarkako lehen diskoan grabatutako Non dago nire herria?, kasu.
Lotsa moduko bat
Gerardo Markuletak itzulita, Benedettiren ipuin hiperlabur sorta bat ere irakur daiteke euskaraz. Pedro eta kapitaina antzezlana ere euskaratu zuen Iñaki Alberdik Intxixu taldearentzat. Eta hogei poemako sorta bat itzulia dio Iban Laka itzultzaileak Booktegi.eus atarirako. «Hotzikara eta freskura» nabarmentzen dizkio Benedettiren poesiari Lakak. Haren hitzetan, uruguaitarrak apurtu egiten dituelako eskolan zabaltzen zen poesiari buruz zabaldu ohi den «astun» irudia.
Baina horrek ere izan du bere kostua, Julen Gabiria idazleak, Benedetti hil berritan,egunkari honetan bertan gogoratu zuenez. «Irakurleen artean, inork ez du lotsarik, damurik edo birritan pentsatu beharrik, haren literatura zeinen barruraino heldu zaion aitortzeko. Idazleen artean, berriz, asko bilatu behar da Benedetti eragintzat hartzen duen norbait aurkitu ahal izateko». Klinika atarian jasotako txaloek ez baitute beti oihartzunik izan literatur zirkuluetan.