iritzia
Mugak
Goizalde Landabaso


Horrek duela aste batzuk iparraldeko euskaldun batekin izan nuen solasaldia ekarri dit akordura. Berak ziostanez (eta Iparraldean bizi den Hegoaldeko euskaldun batek berretsi zidan), Iparraldeko euskaldunak ezinbestean jakin behar du espainiera Hegoaldeko euskara ulertzeko. Hegoaldean darabilgun euskarak espainieratik lar ei du. Sor eta lor gelditu nintzen. Alderantziz ere gauza bera gertatuko dela esan nion. Ezetz erantzun zidan, «hitz bakan batzuk baino ez ditugu sartzen». Espainierazko hitz, esamolde eta lokuzio asko erabili ohi ditugu gure euskaran. Harrezkero ariketa egin dut, eta bai, arrazoi du. «Ze gogorra» esamoldea zenbatetan erabiltzen dugu? «Pasada bat», edota gazteen artean barra-barra entzuten den «a sako» hori Iparraldekoentzat ulergaitza da espainierarik ez badakite. Hortaz, espainierarik gabe gaur egungo Hegoaldeko euskara hankamotz legoke? Diglosia handiagoa da Hegoaldean? Beste nazionalitatea izan arren gu bezain euskaldun/basko/euskalherritar edo nahi duzun bezala direla pentsatzen dugunak gutxiesten ditugu? Elkarri bizkarra emanda jarraitzen dugu?
Egunotan ahopean kantatzen dut han eta hemen: ... eta ez, ez, mugak gugan daude.