astekaria 2020/09/18
arrowItzuli

bizigiro

BECKY SIEGEL

«Kontatzeko nuena ulertu zuten hemen, New Yorketik etorri nintzen arren»

Iker Tubia

«Kontatzeko nuena ulertu zuten hemen, New Yorketik etorri nintzen arren»

Bizitza dantzan eman du Becky Siegelek (Denver, Colorado, AEB, 1959). Dantzaria, koreografoa eta zuzendaria da. New Yorken ikasitakoarekin egin du bere ibilbidea, batez ere koreografo gisa, sortzea baita gehien maite duena. 1992tik Iruñean bizi da. Dantza ulertzeko ikasketek eraman dute dantzaren alde terapeutikora, eta horretan ari da buru-belarri.

Zerk eraman zintuen dantza ikastera? Zure inguruak?

Familian ez zen dantzaririk, baina denak musikariak ginen. Bat-bateko maitemina izan zen. New Yorken hazi nintzen, eta, diru askorik ez izan arren, ama saiatzen zen gauzak ikus genitzan. 6 urterekin, joan den mendeko klasikoaren bi erraldoi ikusi nituen Romeo eta Julieta ballet obran: Rudolf Nureyev eta Margot Fonteyn. Kolpean maitemindu nintzen. Hori egiten ikasi nahi nuen.

Amari dantzari izan nahi zenuela esan, eta izena eman zenuen?

Bai, lehenbizi Queens auzoko eskolan. Gero, klasiko eskola handietara eraman nahi ninduten, baina bihurria nintzen, eta garaikidea nahi nuen. Nire heziketa ez zen oso ortodoxoa izan: oso gazte hasi nintzen garaikidearekin, Merce Cunninghamen eskolan, baina, klasiko eskolak falta nituela eta, itzuli egin behar izan nuen.

Zer giro zegoen garai hartan New Yorken?

Artearen alorrean, oso garai interesgarria zen. Dantzan, garai zirraragarria eta sortzailea izan zen, eta dantza garaikideko eta inprobisazioko teknikak ikasi nituen. Gogo handia zegoen esperimentatzeko eta gauzak egiteko.

Oso ezberdina da dantza han eta hemen?

Dagoeneko ezin dut hangoaz hitz egin; bizitza erdia daramat handik kanpo. Iruñean oso gutxi zegoen etorri nintzenean, baina orain asko dago. Dena den, niretzat interesgarria zen, gauzak ikusi eta jaso baino gehiago, gauzak egin nahi nituelako: nire konpainia sortu, irakatsi, sorkuntzan aritu...

AEBetan nolakoa izan zen zure ibilbidea?

Klasikoa eginda, garaikidearekin tematurik segitzen nuen. Are, ez nuen dantzari izan nahi, koreografo baizik. Baina, horretarako, asko jakin behar nuen dantza teknikei buruz, eta konpainia anitzetan aritu, ikasteko. Cunninghamen eta Martha Grahamen eskoletan ikasi nuen, eta 18 urterekin bizkarrean min hartu nuen. Esan zidaten ez nuela berriro dantzatuko. Ez nuen sinetsi; ezinezkoa zen. Orduan, Columbiako unibertsitatean dantza titulua atera nuen.

Zer ikasi zenuen lesio hartatik?

Hobeto lan egiten lagundu zidan, eta teknika berriak ikasi nituen. Esperientzia horrek indarberritu egin ninduen, eta dantzatzeko, koreografiatzeko eta gauzak probatzeko gogoa bizitu zidan. Denbora luzez Cynthia Novacken eta Richard Bullen inprobisazio konpainian aritu nintzen, eta nire heziketako gauza garrantzitsuenetako bat izan zen hori. Inprobisazio teknikek izugarri lagundu ninduten koreografo eta zuzendari gisa.

Dantza eta sakrifizioa loturik daude?

Niretzat ez da sufrimendua izan. Bide zaila da, baina maite dugu sakrifizio hori. Are, sakrifizio handiagoa litzateke hori ez egitea. Noski, oso prekarioa da; oso zaila da ekonomikoki duina den bizitza orekatu bat aurrera eramatea.

Zerk eraman zintuen Bartzelonara 1987an?

Mikel Esparza senarrak Arte Ederrak ikasten zituen New Yorken, baina Iruñera itzuli nahi zuen. Niretzat Iruñea txikiegia zenez, Bartzelonara joan ginen.

Zer aurkitu zenuen han?

Bizimodu mediterraneoa maite nuen: castell-ak, eguzkia, hondartza... Arkitektura maite dut, eta horrek txunditu ninduen; hiri ederra da. Baina banekien ez nintzela han geldituko.

Iruñera 1992an ailegatu zinen. Ez dirudi dantzari baten helmugarik egokiena.

Askotan galdetu didate horri buruz. Nire izaeragatik, toki ezin hobea da. Ez dut borroka maite, eta hiri honek neurri humanoa du. Komunitate baten parte sentitzen naiz. Une hartan sortu egin nahi nuen, eta lan egiteko jende ezin hobea aurkitu nuen, aurreiritzirik gabekoa. Izan ere, Bartzelonan eta New Yorken esnobismo pixka bat dago. Sorpresa ederra izan zen: New Yorketik heldu nintzen, baina, hemen, kontatzeko nuena ulertzen zuten. Saiatzen naiz denek ulertzeko moduko lengoaia bat garatzen. Publikoarengana ailegatu nahi dut.

Nola bilatzen duzu lotura hori?

Lanean ari naizenean, ez dut pentsatzen ea hau ulertuko ote den. Saiatzen naiz kontzeptu unibertsalak lantzen, eta obrak egitura koreografiko ulergarrien gainean osatzen. Horrekin batera, dantza izan dadila indartsua, erraietan sortua, zirraragarria, osoa... Dantzaren lengoaia erraietatik ateratzen da, eta estetikoa da; gorputzetik gorputzera doa. Ongi dantzatzen baduzu, ikuslea astinduta aterako da. Dantza eskura ematea, dantzariaren eskuzabaltasuna, grabitatearen kontra buru-belarri borrokatzea... esfortzu horrek beti ukitzen du ikuslea.

Gaztetatik nahi zenuen koreografo izan. Zergatik?

Sorkuntzak zoratu egiten nau; sormen energia hori liluragarria da. Dauden plazeretan handienetako bat da. Batzuetan asko sufritzen dut; ez da deus ateratzen, blokeatu egiten zara, baina sortzen ari zarela sentitzea sekulakoa da.

Tempomobile konpainia sortu zenuen Iruñean. Sormen gogoak bultzatu zintuen horretara?

Toki batean errotzeko aukera izan nuenean, erabaki nuen jendea bilatu eta talde bat osatzea. 1994an hasi ginen, eta amets bat izan zen, oso aberasgarria. Sortzeko eta ikasteko baliatu nuen, lanbidea ikasten ari bainintzen.

Nafarroako Antzerki Eskolan irakasle hasi zinen, gainera. Zer moduz?

Hemengo nire lehenbiziko lanetako bat izan zen, eta iaz utzi nuen. Tarteka aparteko talentua zuen landu gabeko dantzariren batekin egiten nuen topo. Dantzari iturri bat izan zen niretzat. Gainera, efikazia handiz irakasten ikasi nuen, hilabete gutxi batzuetan dantzan defendatzeko moduko oinarrizko pautak eman behar nizkielako. Ez zuten Bolshoin dantzatuko, baina dantza garaikideko zenbait alorretan oso ongi defendatzeko gai ziren.

Ikasitakoa transmititzea garrantzitsua izan da zuretzat?

Dantzariok normalki aukera gehiago ditugu irakaskuntzan. Ni ere hala hasi nintzelakoan nago, baina, urteak pasatuta, irakasteak txoratu egiten nau. Gero eta gehiago eman dezakedala uste dut.

Nolatan hasi zinen esklerosi anizkoitza zutenekin lanean?

Zailtasun eta frustrazio handiko garai bat izan nuen. Dantzari buruz hausnarketa egin nahi nuen: Zer da dantza? Zergatik da hain indartsua? Master bat egin nuen Madrilen; Sakratua eta profanoa dantzan izan zen bukaerako lana. Dantzaren historian eta haren atal guzietan bidaia zoragarria egin nuen, eta uste dut hor piztu zitzaidala besteak dantzaren bidez laguntzeko gogoa. Izan ere, edozer zela ere, dantzak beti salbatu ninduen ni. Esklerosi Anizkoitzaren Nafarroako Elkartearekin hasi nintzen, kontu handiz, informatuz eta psikologoen eta fisioterapeuten laguntzarekin. Sekulakoa izan zen: ongizatea eta mugikortasuna hobetu zituzten. Gero hasi nintzen parkinsona zutenekin, elbarriekin, ikusmen arazoak dituztenekin, zaharrekin...

Zer sentitzen du elbarri batek dantzan jartzen duzunean?

Batzuk ari ziren; Tuterako LUA konpainia, adibidez. Bazekiten ez zela hesirik, ezerk ez zituela geldituko. Teknika irakatsi nien, oso zorrotza bainaiz zuzendari eta irakasle gisa. Edozein pertsona bultzatzen dut egiteko gai den horretaraino. Beste pertsona batzuei mundu bat ireki zaie, eta gorputza berriz ere lotu dute harmoniarekin eta gozamenarekin.

Beraz, dantza guziendako da?

Bai, guztiz.

Baina askok esanen dizute ez dakitela dantzan. Lotsagatik?

Lotsarena oso hemengoa da; niretzat gauza berri bat zen. Lotsa ikaragarria da irakaskuntzan. Dantzan hasieran ezin okerrago ateratzen zaizu dena, baina hortik pasatu behar duzu. Horregatik maite dut zaharrekin edo gaixotasunen bat dutenekin aritzea, ez baitute astirik lotsatzen ibiltzeko.

Masterrean zer ondorio atera zenuen? Zer da dantza? Zergatik da hain indartsua?

[Irri egin du]. Gai sakona da. Garai hartan amak Mircea Eliaderen Sakratua eta profanoa liburua eman zidan, eta hau irakurri nuen: «Espazio bat antolatzea jainkoen lan paradigmatikoa errepikatzea da». Orduan ulertu nuen dantzaren indarra: espazio baten sorkuntza. Dantzari bat estudio batean sartzen denean eta kontzienteki bere gorputza espazio batean sentitzen duenean, dantza dago. Berdin aulki gurpildunean: beren gorputzaren kontzientzia dute espazioan; beraz, espazioa eraldatzen dute. Dantzariak hori egiten du: bere gorputzarekin espazioa eraldatu.

Gorputza, espazioa eta musika.

Oso-oso garrantzitsua da hori. Gainera, dantza terapia gisa lantzen hasi nintzenean, musikaren hautaketa oso garrantzitsua zen. Mozart edo Beethoven aditzean haien gorputzak zabaldu, askatu, erlaxatu eta eraldatzen dira.

Euskal dantzak ikasi dituzu?

Hona ailegatu bezain pronto ikasi nituen, kultura baten parte izateko modurik onena kultura horretako jendearekin dantzatzea baita.

Eta zer moduz?

Ederrak iruditzen zaizkit. Baina jotak oinetako mina ematen dit, eta, gero, gorputzaren zurruntasuna... Gorputza eusteko modu hori miresten dut, baina nik egiteko ez da gehien maite dudana.

BERRIAn argitaratua (2020/09/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA