astekaria 2020/09/18
arrowItzuli

gizartea

'Videri quam esse'

Jose Mari Pastor

'Videri quam esse' Jose Mari Pastor

Gure kaleetako argi koloretsuak pizten direnean hasten dira Eguberriak, festak ailegatu baino dezente lehenago. Eskolara itzultzeak ere badu hasiera data ez-ofiziala. Enpresa eta saltoki handiek ia hilabete lehenago ipintzen dituzte eskola-materiala, tresnak, arropak eta beste salgaiak erakusleihoetan. Gabonak eta eskola sartzea: biak ala biak kontsumoa bultzatzeko kanpainetan sustatuak dira, tamaina desberdinetan bada ere. Gu guztiok eroste-prozesuaren zurrunbiloan modurik samurrenean sarraraztea da helburua.

Aurtengo eskola sartzea lelo honen bidez iragarri du saltoki erraldoi batek: eskolara itzultzearen gauzarik onena zapatila berriak erakustea da. Bai, eskolara joatearen gauzarik onena matematikak ikastea da ez da lelo komertzialik onena umeek gurasoak presionatu eta erostera bultza ditzaten. Hala ere, bazegoen beste mezu edo baliorik hedatzea. Esaterako: eskolara bueltatzearen gauzarik onena ikaskideekin elkartzea dela. Edo lagun berriak egitea. Edo begietan bizipoza pizten dizun ikaskide berezia berriz ikustea. Baina ezer salduko lukete, hala egingo balute?

Zapatila berriak erostea da garrantzitsuena. Hori baino askoz inportanteagoa duzu zapatila berriak eskolako lagunei erakustea. Zapatila horiek egiten zaituzte pertsona, haiek gabe ezer gutxi zara besteen aurrean. Esse quam videri —izan, eta ez itxura izan— dio latinezko esamolde zaharrak. Zizeronek eta bestek aipatu zuten haien lanetan, eta mendez mende iraun du gaur arte. Hitz horiek etxeko horman jartzen zituzten Ingalaterran Viktoria erreginaren garaiko familia aristokratikoek. Antzinako leloa alderantzizkoa dugu egun: videri quam esse. Izan ere, egun inportanteena ez da izatea, itxura izatea eta erakustea baizik. Erakutsi gabe ez gara ezer. Inoiz ez gara izan, baina muga eta neurririk gabeko erakustaldi digitalaren sasoian inoiz baino are gutxiago gara, ezer erakusten ez badugu.

Nola azaldu alaba edo semeari ekainean erositako zapatilak, bere ikaskideek ikasturtea bukatu aurretik ikusi zituztenak, oraindik baliagarriak direla, ez direla berri-berriak, baina bai berriak, hiru hilabete dituztelako? Nola egin hori, umeak kalean gora eta behera joan eta halako iragarkien erasoa jasaten duenean? Erosi eta erakutsi.

Erosi eta erakutsi bai, baina ez edozer. Gure denboran ez zen oso arraroa izaten etxeko txikienak anaia edo ahizpa zaharrenaren arropa janztea, bien arteko adin tartea eta gorpuzkerak oso diferenteak ez baziren. Krisi garaia izan edo ez. Gerra ondoko mentalitatea zuten gurasoek, eta horrela moldatzen ziren. Orain esaiozu haur txikienari anaia nagusiaren prakak janzteko, krisi latzean bizi edo krisiaren ondoko makalaldian. Ez du halakorik onartuko. Eta gutako askok ere ez. Nolatan bidaliko dugu umea eskolara marka ospetsuaren logoa ez duten zapatila arruntak oinetan?

Mota anitzetako erasoez jabetu eta kontra egiteko sentsibilizatuta gaude. Haurtzaroa zaindu eta babestu egin nahi dugu, bizitzaren zati hori gero eta txikiagoa bihurtzen ari den honetan. Alta, apenas altxatzen dugun ahotsa burua eta zentzu kritikoa oraindik osatu gabe dituztenei zuzendutako kanpaina manipulatzaileen aurka. Agian, gu ere horren parte garelako —kontzientea edo ez— eta guk ere horrela jarduten dugulako geure neurrian. Haurrei pentsaera eta jokaera horiek transmititzen dizkiegulako txikitatik.

Umeak geure produktuaren marka bihurtu ditugu, geure etxearen ikurra dira gizartearen erakusleihoan. Ez da denbora luzea erreportaje batean irakurri nituela guraso batzuen kexak. Semea garbi eta txukun joaten zen ikastetxera, baina arropa xumeak jantzita. Horregatik, pobre deitzen zioten zenbait gelakidek. Zapatila berririk ez. Espainia aldean gertatu zen, baina Euskal Herrian pasa zitekeen, lasai asko. Izan ere, pobrea izatea baino gauza lotsagarriagorik ez dago egungo gizartean, antza. Etorri eta erosi da kontua. Zapatila berriak erakutsi. Pobrea ez zarela erakutsi, pobrea izan arren.

BERRIAn argitaratua (2020/09/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA