bizigiro
OIHANA BARTRA
«Bellik agerian uzten du gerra garaietan ere maitatzen dela»
Amaia Igartua Aristondo
Zergatik aukeratu duzu?
Normalean liburuak ahaztu egiten zaizkit. Irakurri, eta badakit gustatu zaizkidan edo ez, baina hori bakarrik. Honen kasuan, gogora datorkit liburua zer egoeratan irakurri nuen; momentu batekin lotzen dut. Bidaiatzea asko gustatzen zait, eta, Nikaraguara joan nintzenean, lagun batek liburu hau utzi zidan.
Bellik aipatutako lekuetako batzuetan egon zinen zeu ere, beraz.
Oso berezia izan zen leku batera joan eta hango gauza batzuk jada jakinak izatea. Adibidez, Masaya herrian egon ginenean, justu irakurri nuen bertako gerrillaren inguruko pasarte bat. Eta Leon hirira joan ginenean ere, antzeko: Iraultzaren museoa dago han, fronte sandinistan ibilitakoek eramaten dutena. Gogoratzen dut bertako gida, gerrillari izandakoa, harrituta gelditu zela nekizkien gauzekin: garai batean egondako korronte ideologikoak, talde eta azpitaldeak... Fresko-fresko nuen horiei buruz irakurritako guztia.
Gaur ere gogoratzen dituzu xehetasun horiek?
Ez. Gaur egun galdetzen badidazu, talde eta azpitaldeen inguruko guztiak ahaztuta dauzkat.
El país bajo mi piel. Tituluak jada iradokitzen du pertsonalaren eta politikoaren arteko uztarketa.
Bai, guztiz. Azken batean, bere bizipenak kontatzen ditu, baina lotuta daude Nikaraguan bizi izandako gatazkarekin eta egoera politikoarekin.
Zeharkakotasuna ere badago. Eragile politikoa zein feminista da.
Momentu bakoitzeko gertaerak emakume gisa bizi ditu, modu berezi batean. Azaltzen du, baita ere, nola uztartzen diren bere kontzientzia politikoa eta feminista.
Alegia, emakume izateak bere jardun politikoa baldintzatu dio.
Bai, noski. Hain maskulinoa den gerrillaren munduan, zer esanik ez.
Gerraz dihardu, baina baita maitasunaz ere. Ez da paradoxikoa?
Azkenean, agerian uzten du gerra garaietan ere maitasuna oso presente dagoela. Bellik bere maitasun istorioak modu biziago batean bizi zituen, hain justu gerra egoera batean jazo zirelako. Bizipen pertsonal horrek indarra hartzen du.
Ertz asko ditu liburuak. Nori gomendatuko zenioke, bereziki?
Justu Nikaraguara bidaiatzera doan pertsona bakoitzari gomendatzen diot liburu hau, eta esaten diet bertan daudela irakur dezatela, ahal izatekotan. Edonola ere, bertako historian interesa duen edonorentzat izan daiteke aproposa.
Gioconda Belliren beste libururik irakurri al duzu?
Honen aurretik, irakurria nuen La mujer habitada [Emakume habitatua]; erreferentzia batzuk gurutzatzen dira bien artean. Eta justu ondoren El país de las mujeres [Emakumeen herrialdea] irakurri nuen. Belliren hainbat liburu irakurri nituen bolada motzean.
Nola aukeratzen duzu zer irakurri? Afera politiko edo sozial bat izan behar dute beti liburuek?
Ez. Adibidez, udan eleberri beltzak eta asko pentsarazten ez duten horietakoak irakurtzea gustatzen zait, normalean. Orokorrean, niri gomendatzea gustatzen zait, eta baita besteek gomenda diezadatela ere.
Historia liburuen zalea zara?
Esango nuke normalean gutxi irakurtzen dudala genero hori. Historia liburu hutsak direnak asko kostatzen zaizkit. Hau, berriz, erraz irakurtzen da, baina, aldi berean, asko ikasi eta hausnartzen duzu, denetik baitauka. Ez da asko irakurtzen dudan liburu mota bat, baina hau bereziki gustatu zitzaidan.
Autobiografikoa izateak ere egiten du, nolabait, gainerako historia liburuetatik ezberdin?
Bai. Azkenean, benetako istorio bat da. Eleberriek ere badute beren indarra, baina honek beste indar mota bat dauka.