astekaria 2020/09/11
arrowItzuli

bizigiro

Euskarazko 'avisua' Uruguain

Ion Orzaiz

Euskarazko 'avisua' Uruguain

Republica guçia harmetan causicen delacots eta nola hemengo semiac oro cerbiçurat galdeginac bactira, penarequin ichusten dugu badela ainhits orai artean casuric egin estutenac». Ortografia arkaikoa gorabehera, aise uler daiteke Jose Antuña Montevideoko poliziaburuak sinatutako testua. Le Messager Français egunkariaren lehen orrialdean azaldu zen oharra, 1842ko irailaren 4an. Amerikan euskara hutsean argitaratutako albiste zaharrena da orain arte katalogatuta daudenen artean, eta Uruguaiko Agiritegi Nazionalean daukate gordea.

Nevadako Unibertsitateko (Reno, AEB) Center for Basque Studies-eko Xabier Irujo eta Alberto Irigoien ikerlariek egin dute aurkikuntza, eta urteetan eginiko inurri lanaren fruitua da: «Hogei bat urte daramatzagu Amerikan argitaratutako euskarazko idazkiak aztertzen», azaldu du Irujok.

Horretarako, oinarritzat hartu dute Adriana Patron ikerlariak eta Irigoienek berak sortutako Euskal Diasporaren Hemeroteka: «Ameriketan idatzitako euskal prentsaren bilduma digitala da. 1877. eta 1977. urteen artean agertutako guztia jasotzen du. Irigoienek eta Patronek digitalizatu zituzten dokumentu guztiak (350.000 inguru), eta kontinente osoko artxibategiak arakatu zituzten horretarako». Horri esker izan dute Montevideoko Le Messager Français egunkarian agertutako idazkiaren berri.

Montevideoko setioa

Gatazka betean argitaratu zuten Antuña poliziaburuaren euskarazko oharra: Fructuoso Riveraren Colorados edo gorrien eta Manuel Oriberen Blancos edo zurien arteko Gerra Handiaren erdian (1839-1851). Zurien erasoa espero zuten hiriburuan, eta horretarako prestatzen ari ziren: besteak beste, armadan sartzeko deia egin zieten gizonezko guztiei. Atzerritarrak ziren salbuetsita zeuden bakarrak.

Egoera horretan, soldadutzari uko egiten zion herritar oro atxilotzeko agindua eman zuen Montevideoko poliziaburuak, eta, hain zuzen, atzerritarrak atxilotze horietatik libratze aldera argitaratu zituen hainbat ohar, estranyer horien jatorrizko hizkuntzetan: «Poliziaco chefac [buruzagiak] ordenatcen du egutetic hasiric estranyer guciec beren nacionaco cocarda [ikurra] ibil deçaten, guisa hortan ecaguciaatic nor diren herrico semiac eta nor es». Irakur daiteke euskarazko bertsioan.

Idazkerari erreparatuta, Antuña buruzagiaren mezua Ipar Euskal Herriko euskaldun batek itzuli zuela ondorioztatu dute Nevadako Unibertsitateko ikerlariek. «Adierazgarria da, besteak beste, poliziaburua izendatzeko chefa hitza aukeratu zutela, edota ainhits eta estranyer formak erabili zituztela. Hortaz, litekeena da hori idatzi zuena Iparraldekoa izatea», azaldu du Irujok.

Izan ere, garai hartan, giza talde handia osatzen zuten euskaldunek Montevideon eta horietatik, gehienak Ipar Euskal Herritik joandakoak ziren. «XIX. mendeko lehen hamarkadetan, Uruguaiko euskaldun gehienak Iparraldeko etorkinak ziren; hala ere, 1839tik aurrera, nabarmen handitu zen Hegoaldeko erbesteratuen eta migratzaileen kopurua ere».

Uruguaiko Gerra Handian, esaterako, lubakiaren bi aldeetan borrokatu ziren euskaldunak: Donibane Garaziko Juan Bautista Brie de Laustan izendatu zuen gobernuak Chasseurs Basques izeneko euskal batailoiaren buru. Bestalde, Oriberen aldean ere izan zuten euskal soldaduen unitate propio bat: Santurtziko (Bizkaia) Ramon Bernardo Artagabeitiak gidatutako Oribe Boluntarioen Batailoia. Irujoren esanetan, «karlista ohiak» ziren soldadu horietako asko, eta Oribe Erri zuen izena euren kanpalekuak.

Argitalpen gehiago

Montevideoko Le Messager Français egunkarian argitaratutakoa ez zen izan euskaraz emandako albiste bakarra. 1843an, esaterako, euskaldunak borrokara «erakartzeko» abisua argitaratu zuten Le Patriote Française berripaperean. Hiriaren defentsara batuz gero «lursailak eta abereak» emanen zizkietela promes egin zieten iragarki hartan. Bestalde, euskaraz hitz egiten zekiten beharginen iragarkiak ere usu argitaratu ziren hamarkada horretako egunkarietan.

«Idazki horiek guztiek erakusten digute Uruguain euskaldun talde handi bat bizi zela, eta pertsona horiek euskaraz bizi zirela beren egunerokoan. Hori da ondorio garrantzitsuena», nabarmendu du Irujok.

Orain azaleratutako argitalpenak are ageriago utzi du errealitate hori, baina, Renoko Basque Studies Centerreko adituen aburuz, asko dago oraindik ikertu gabe: «Hori da, oraingoz, ezagutzen dugun dokumenturik zaharrena, baina ez dakigu zer aurkitu dezakegun etorkizunean».

BERRIAn argitaratua (2020/09/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA