astekaria 2020/09/11
arrowItzuli

gizartea

NEKANE BALLUERKA

«Gure erantzukizuna da kutsatzerik ez egotea»

Irati Urdalleta Lete

«Gure erantzukizuna da kutsatzerik ez egotea»

Ikasturtea hasi berri dute Euskal Herriko Unibertsitateko milaka ikaslek. Zalantzarik gabe, COVID-19ak baldintzatuko du. Nekane Balluerka EHUko errektoreak (Ordizia, Gipuzkoa, 1966) eman ditu xehetasunak, baita ikasleen eta langileen lana nabarmendu ere.

Fakultate batzuek hasi dute ikasturtea, baina beste batzuetan atzeratu egin behar izan duzue. Zergatik erabaki duzue hori? Ezin zitzaien lehenago jakinarazi ikasleei eta irakasleei?

Fakultate bakarrak hartu zuen erabaki hori. Berak [dekanoak] hauxe esan dit: astelehenean eta asteartean aurkezpenak bakarrik zeudela, eta zuzendaritza taldeak egin behar zituela; eta irakasleek nahiago zutela ekipamendu teknologiko berria probatu, bete-betean irakasleak joan aurretik. Uste dut pandemia egoera batean gaudela ulertu behar dugula, eta, alde horretatik, ez zait batere larria iruditzen egun batzuk ikasturte bat atzeratzea zentro batean. Irakasleei aldez aurretik abisatu behar zaie, eta horrela egin zen.

Uztaileko dokumentu batean gomendatu zenuten ikasgela bakoitzean gehienez 50 ikasle egotea. Bete al duzue neurria?

Printzipioz, neurri hori bete beharko litzateke. Egun hauetan ikusi beharko da kasuren batean ikasleren bat gehiago dagoen ala ez ezetz uste dut, eta, egongo balitz, egokitu beharko genuke.

Metro eta erdiko segurtasun distantzia bermatuta al dago EHUko ikasgeletan?

Gure kasuan, araua 1,5 metrokoa da; salbuespenak egon daitezke, eta, egotekotan, berriz ere zuzenduz joan beharko dugu.

Eskola presentzialak eta online eskolak emango dituzue. Zeren arabera hartu duzue erabaki hori? Ikasleen aukera berdintasuna bermatuta al dago?

Presentzialtasuna bultzatzearekin, ikasleen aukera berdintasuna bermatu nahi dugu. Izan ere, guztiz online egiten den irakaskuntza batean, aukera berdintasun hori bermatzea zailagoa da, baliabide teknologikoak ez baitaude ikasle guztien eskura.

Ikasketa guztietan egingo dira eskolak presentzialki eta online?

Guztietan egongo dira. Gure gomendioa izan da, eta uste dut ikastegi guztiek horrela egin dutela, laborategietan, mintegietan praktiketan... eskolak presentzialak izatea, ikasle gutxi daudelako. Aldiz, eskola magistraletan, ikasle asko dauden eskoletan, erdiak etxean egongo dira, eta beste erdiak bere ikastegian. Guztietan egongo da presentzialtasun egokitua, baina portzentajea ez da bera izango zentro guztietan.

Ikasleren batek itxialdia egin behar duenean PCRaren emaitzaren zain dagoelako edo positibo eman duelako, faltatzat hartuko al zaio? Aukerarik izango al du eskolak Internetez hartzeko?

Printzipioz, guk ikastegiei eta dekanoei esan dieguna da hori ez litzatekeela faltatzat hartu behar. Izan ere, gure dokumentuetan protokolo bat daukagu esaten duena pertsona batek positibo ematen badu edo kontaktu estua izateagatik konfinatuta egon behar badu babes dozentea eman behar liokeela irakasleak, bere eskolak jarraitu ahal izateko.

Eta irakasle batek positibo ematen duenean, ikasleak eskolarik gabe geratuko al dira?

Positibo baldin bada eta gaixo agiriarekin badago, ezingo ditu eskolak eman; hortaz, sailak saiatu beharko luke beste irakasle batek haren eskolak eman ditzan, baina ez da hain erraza. Beste kasu bat da irakaslea gaixo agiriarekin ez egotea, konfinatuta egotea, adibidez, positibo eman duen baten kontaktu estua delako. Kasu horretan, bera ondo dagoenez, eta gaixo agiriarekin ez dagoenez, gai izango litzateke Internet bidez eskolak emateko.

Eskolak online emateko eta jasotzeko baliabiderik emango al diezue ikasleei eta irakasleei?

Baliabide ekonomiko gutxi dauzkaten ikasleei deialdi bat jarriko zaie, aurreko urtean bezala, eta maileguan utziko zaizkie ekipo batzuk. Irakasleen kasu guztiak aztertuko dira, eta arazoak dituztenei lagunduko zaie, ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Ikasle batzuk kexatu dira goizez eta arratsaldez dituztela eskolak eta ez dutela jantokirik, liburutegirik eta egoteko gelarik. Ikasle horientzako konponbiderik ez al du aurreikusi EHUk?

Liburutegiak badaude, baina edukiera %30era murriztu da. Gure erantzukizuna da kutsatzerik ez egotea; beraz, espazio batzuk egongo dira, baina bermatu behar da distantziak mantentzen direla eta erantzukizunez jokatzen dutela hor dauden ikasleek, eta denbora pixka bat beharko da ikusteko nola antolatzen den.

Ikasle Abertzaleak eta Unibertsitateko Indar Batasunak, esaterako, grebara deitu dute hilaren 15erako. Zer iruditzen zaizu?

Deialdiaren aldarrikapenak ez dakit zein diren, baina uste dut kolektibo guztiek aukera daukatela nahi dutena aldarrikatzeko.

Azken egunetan, hautsak harrotu ditu Leioarako (Bizkaia) autobusetan egon ohi den egoerak. EHUk ba al du horren inguruan ezer egiteko asmorik?

EHUk Bizkaibusi eskatu dio kontuan hartzeko ikasleak Leioara igotzen hasiko direla, eta, beraz, Bizkaibusek hartu beharko ditu dagozkion erabakiak.

Zer gertatuko da ikasleek fakultateetan eta horietatik kanpo egiten dituzten praktikekin?

Praktikak mantendu nahi ditugu, baina pandemiaren egoeraren arabera hartu beharko dira hartu beharko diren erabakiak.

Eusko Jaurlaritza berria osatu dute, eta Jokin Bildarratz izango da Hezkuntza sailburu. Zer iruditzen zaizu irten berriaren kudeaketa, eta zer eskatuko zenioke sartu berriari?

Nik ez dut ebaluatuko beste pertsona baten kudeaketa. Normaltasunez garatu ditugu harremanak Eusko Jaurlaritzarekin, eta orain gauza bera egiten saiatuko gara sailburu berriarekin. Zorterik onena opa diot, eta eskatzen diot inolako zalantzarik gabe hezkuntza publikoa babestu dezala.

BERRIAn argitaratua (2020/09/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA