kultura
Eta orduan berpiztu egin zen
Iñigo Astiz
Ia bi hamarkada iraun zion loalditik esnatu zenean, triki-popak guztiz bestelako mundu bat topatu zuen begien aurrean. Izan ere, esparru digitaletik abiatuta eta sare sozialek hauspotuta heldu zen Huntza taldearen Aldapan gora abestiaren arrakastaren lehen partea. Plazetara goitik behera XXI. mendeko arropaz jantzita azaldu ziren lehen euskal hit-etako bat izan zen. Akaso lehena. Milaka eta milaka ikus-entzule bildu zituen taldeak Youtube plataformara igotako bideoak lehen unetik, eta bisita kopuru horrek erakarrita eta irrati formulek sustatuta iritsi ziren hedabide tradizionalak taldearen berri izatera, are bisitari gehiago eraman zituen horrek taldearen bideora, eta, ohartzerako, aste gutxi batzuetan edonoren burutan zen doinua. Musikalki, 1990eko hamarkadan Tapia eta Leturiak, Gozategik, Alaitz eta Maiderrek, Maixa eta Ixiarrek eta trikitia rock formatura eraman zuten beste hainbat taldek zabaldutako bidearen zordun zen taldea, baina, iragan horren lekukotza gordetzeaz gain, sasoi musikal berri bat ere inauguratu zuen abestiak.
Abestia hamaika bider entzun ondoren, leloa da oroimenak bereziki gordetzen duena, baina, berez, trikiti pasarte energiko batekin hasten da kanta. Baxuak, gitarrak eta bateriak laguntzen dute segituan pop kutsu nabarmeneko tarte instrumental batez; lehen ahapaldia dator gero, erritmo markatu eta dantzagarriarekin, eta haren azken silaba ahoskatu eta berehala, orduan bai, orduan dator leloa, ahots eta bateriarekin bakarrik hasieran eta talde osoaren babesarekin istantean: «Aldapan gora pausorik pauso...». Hor lehertzen da kanta, eta, are gehiago zehazterik balego, leloko «aldapa» hitzaren bigarren eta hirugarren silabetan jartzen duten tonu bereziki akutuek iltzatzen dute melodia betirako garunean. Denak egiten du bat igoera horretan: letrak, kantaerak eta musikak. Guztira, hamahiru aldiz errepikatzen dute melodia jolas hori kantuko leloetan, tarteka biolina ere gehituz, eta, azkenean, esaldia amaitu gabe utziz bukatzen da kolpean abestia, entzuleari berriz entzuteko gonbita eginez bezala kasik.
«Borobila». Hitz bakar horrekin deskribatu zuen abestia Inaxio Esnaola Aranzadi musika kritikariak BERRIA egunkarian taldearen lehen diskoari egindako kritikan. Taldea «azkenaldiko fenomenoa» bihurtua zela ere esaten zuen, eta haien singlearen arrakastak taldearentzat zekarren desafioaren berri ere ematen zuen testuak, halere. «One hit wonder taldea ez izatea da erronka».
Bilbon ikasten zebiltzala ezagutu zuten elkar taldeko sei kideek: Aitor Huizi, Josune Arakistain, Uxue Amonarriz, Aitzol Eskisabel, Inhar Eskisabel eta Peru Altubek. Bi urtez aritu ziren lokalean entseatzen, eta 2016an erabaki zuten abestiak kaleratzen hastea. Harro gaude izenekoa lehenik, Aldapan gora gero. Ez zuten askorik igartzen orduan etorriko zitzaiena. Huizi: «Pentsatzen genuen diskoa ezagunentzat egitea, eta trikiti mundukoei saltzea. Baina, bat-batean, kanta oso ezaguna egin zen».
Ertzetik deitu zuten lehen diskoa, eta, Aldapan gora-z gain, beste 11 abesti ere bazekartzan. Beste bi disko ere kaleratu dituzte geroztik: bi abestiko Lumak (2017) eta Xilema (2018), bederatzi kantakoa. Egin dute bide bat, beraz; eman dituzte ehunka kontzertu, heldu dira Euskal Herritik kanpo izen bat izatera, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera jotzeko egokitu dituzte beren abestietako batzuk apiril honetan bertan, baina lehen arrakasta hura da oraindik ere taldearen ikur.
Noranahiko tresna
Josune Arakistain abeslariak abestiaren hitzekin jolastuz azaldu zituen arrakastaren ondorioz taldeak ezagututako argi-itzalak, duela aste gutxi batzuk orriotan eskainitako elkarrizketan. «Gu jabetzen gara Aldapan gora abestiak oso aldapan behera utzi zigula arrakastarako bidea. Baina hain hasi berritan eta hain denbora gutxian horrelako arrakasta izateak gure ikaskuntza prozesua askoz azkarrago egitera behartu gintuen. [...] Hori pixka bat aldapan gora egin zaigu».
Berpizte baten pareko zerbait izan zen Huntzarena.
Euskal Herriko trikiti eta pandero eskolen kontaketa egin zuen 2016an Euskal Herriko Trikiti Elkarteak, eta, guztira, 3.845 ikasle zenbatu zituzten. 1980ko hamarkadan boom bat izan zela zehaztu zuten orduan elkarteko kideek, baina musika tresna horrek oraindik «modan» jarraitzen zuela. Eta, hain zuzen ere, erromerietarako trikiti eta pandero bikoteez harago, triki-pop deitutakoaren loraldiaren ostean, eta zirkulu espezializatuagoez gaindi ere, esku artean darabilten musika tresnak publikorik zabalenarengana eraman ditzakeela frogatu zien Huntzaren arrakastak ikasle horiei.
Baina ez hori bakarrik. Hit batek XXI. mendean zer itxura har dezakeen ere erakutsi zion euskarari.