iritzia
Izurria
Onintza Enbeita
Planeta agortu egin dugu ia. Baliabideak gero eta urriagoak dira, eta gu, gizakiok, gero eta gehiago. Animalia gehienei mugak jartzen dizkie naturak: hiltzeko adin goiztiarra dute askok; landareek ere behin ugaldu eta gero hiltzera jotzen dute. Guk ez daukagu halakorik ordea. Gero eta gehiago bizi gara. Berdin dio zein baldintzatan, baina bizitza luzatzearekin tematuta gaude. Zahar etxeak bizirik daudela sentitzeko gai ez diren pertsonaz beteta daude, eta oraindik bizirik daudela sentitzen duten askok dirutza ordaintzen dute gorputza gazte mantentzeagatik. Ez dugu hil nahi. Eta bitartean berriak jaiotzen ari dira: munduaren hegal honetan gutxi, baina beste leku batzuetan asko. Eta horrela ari gara munduan inoiz izan den izurririk handieneko protagonista bihurtzen. Hori bai, naturak mehazteko mugak jartzen dizkigunean ez dugu halakorik ikusteko gaitasunik erakusten. Errazagoa da musturrekoak salbatu egingo gaituela pentsatzea, edo bakuna baten zain gelditzea.