astekaria 2020/09/11
arrowItzuli

mundua

Mobilizazioak, geldialdian

Ander Perez Zala

Mobilizazioak, geldialdian

Koronabirusak eraginda, Kataluniako mugimendu independentistaren aldarrikapenak bigarren mailara pasatu dira, bai politikagintzan, baita arlo mediatikoan ere. Pandemiaren aurretik, mobilizazioak indartsu zeuden, U-1aren epaiketaren sententziaren eragina eta horrekiko haserrea fresko zegoen oraindik, eta parlamenturako hauteskundeak begien bistan zeuden, besteak beste, Junts Per Catalunyaren (JxC) eta Esquerra Republicanaren (ERC) arteko tentsioen harira; Espainiako Gobernuak eta Kataluniakoak bien arteko elkarrizketa mahaia ere martxan jarria zuten. Egun, ordea, egoera erabat aldatu da, eta ziurgabetasuna da nagusi auzi gehienen inguruan; are, independentistak egungo errealitatera egokitu behar izan dira, eta horrek eragin du urteotako protagonista garrantzitsuetako batekin zer egin hausnartzea: kaleko mobilizazioak.

Kataluniako mugimendu independentistak urteotan erakutsi du jende andana biltzeko gaitasuna duela, eta horrek balio izan dio bere aldarrikapenei ikusgaitasuna emateko. Diada eguneko manifestazioak, 2017ko independentzia erreferendumaren asteetako mobilizazioak, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurrean izandako erreakzioa; hainbat dira adibideak herritarrak kalera ateratzeko gaitasunaren erakusle direnak.

Urte hasieratik, baina, ez da halakorik ikusi. Jordi Muñoz politologoarentzat, independentziaren aldekoak «esku hartze politikorako tresna garrantzitsuenetako bat» gabe geratu dira: «Agerikoa da independentismoarentzat kalean egindako protestak direla presio egiteko duten tresnetako bat. Pandemiak ez badu uzten edo ahalbidetzen protesta jendetsuak egiten, ikusgaitasunaren galtzea eragingo du».

Errealitate horrek eragin du mugimendu sozialak egoera berrira egokitu behar izatea, jakitun baitira, oraingoz bada ere, ezingo dutela azken urteetan bezalako jendetza elkartu. Horren adibide da Omnium Culturalekoek iragan uztailaren 17an Jordi Cuixarti egin zioten ongietorria, hirugarren gradua eman ziotenean, Marcel Mauri elkarte horretako presidenteordearen arabera: «Kataluniako Gobernuak emandako gomendioak bete ditugu, horretan oso arduratsuak izan gara. Cuixarti ongietorria eman ahal izan genion, eta ez zen ezer gertatu. Pertsonak babestu behar ditugu, baina, aldi berean, manifestatzeko eskubidea defendatu behar dugu. Biak bateragarriak dira».

Diada eguna, erakusle

Egoera horren adibide bat da datorren ostiralean egingo duten Diada eguna. Ez da ohikoa izango, baldintzak ez baitira ohikoak: 107 elkarretaratze antolatu dituzte Kataluniako 82 herritan, herritarrek aurrez izena eman beharko dute horietan parte hartzeko eta denera 48.000 lagun elkartu ahalko dira. Herriaren araberakoak izango dira: Lleidan, esaterako, gehienez hamabi lagun batu ahalko dira; Badalonan, 1.700; eta Bartzelona hiriburuan, 10.000, lau tokitan banatuta. Kopuruen konparaketa egitearren: jendetsuena 2014koa izan zen, bi milioi lagun inguru elkartu zirenean, eta iragan urtean milioikoa izan zen.

Hori bai, protesta tokian bertan egin beharko dute, eta manifestariek bi metroko distantzia mantendu beharko dute euren artean; maskara soinean eramatea, noski, baitezpadakoa izango da.

Testuinguru horretan, Maurik aitortu du egoera «kezkagarria» dela mugimendu sozialentzat, baina «arduratsuak» izatera dei egin die herritarrei, eta protesta egiteko aukera dagoela nabarmendu du, betiere osasun gomendioak beteta.

Konfinamendua amaitu denetik hona, Omnium Culturalek eta Biltzar Nazional Katalanak (ANC) protesta txikiak antolatu dituzte, mobilizazioen metxak piztuta jarrai dezan, su apalagoan bada ere. Muñozen iritziz, horren helburua da protestak oinarri dituzten «sare formal eta informalak ez haustea»; etorkizunera begirako estrategia bat litzateke, orainari begirakoa baino: «Modu batera esatearren, makineria koipetuta mantendu nahi dute».

Hori bai, pandemiak eta aurreko urteetan bezala mobilizatzeko aukerarik ez izateak ez dute independentisten aldarrikapenen desagertzea eragingo. Agenda aldatu behar izan dutela, horretan ados da Omnium Culturaleko presidenteordea: «Pandemiak dena aldatu du, baina gure eskarien garrantzia ez du aldatu, bere horretan jarraitzen baitute. [Espainiako] Estatuari aurre egiteko beharra dugu, osasun larrialdia erabili baitu oinarrizko eskubideak urratzen jarraitzeko». Adibidetzat jarri du Cuixarten egoera; egunean 23 ordu pasatzen ditu ziegan.

Ikusteko dago, gainera, datorren hilabetean nolakoa izango den osasun egoera, U-1aren eta Espainiako Auzitegi Gorenaren sententziaren urteurrenak baitira. Berez, egoerak hobera egingo balu, mobilizazioak berpizteko egoera egoki baten aurrean egongo lirateke mugimendu sozialak, baina aurreikuspenek ez dute horretarako tarte handirik ematen.

«Zaila da Tsunami Demokratikoaren gisako mobilizazio handietan pentsatzea», gehitu du Muñozek; Mauri ados da horrekin, nahiz eta datozenak «indartsuagoak» izatea gustatuko litzaiokeen: «Hori bai, politikaren ikuspuntutik ez da udazken lasaia izango».

Krisiek sortzen dute aukera

Independentismoarentzat, osasun larrialdia eta krisi sozioekonomikoa aukera ezin hobea dira mobilizazio indartsuak berriz ere sustatzeko; finean, hilabeteotan galduriko protagonismoa berreskuratzeko, eta prozesu subiranista berpizteko.

Orain, krisi orok sortzen dituen aukerak baliatzea dute erronkatzat Kataluniako independentistek. Omnium Culturaleko presidenteordearentzat, independentismoak egin behar duen lehen gauza «bere burua aurkitzea» izan behar da, estrategia bateratu bat zehazteko. Horren helburua litzateke «[Espainiako] Estatuaren errepresioari aurre egitea» eta «autodeterminazioaren bidera joatea».

Pandemiak mobilizatzeko aukera murritzarazi dien arren, Maurik uste du mugimendu sozialek modua aurkituko dutela iragan urteetan bezalako eragina izateko: «Independentismoak urteotan erakutsi du ausarta izan daitekeela. Aurkituko dugu geure burua adierazteko modu bat». Muñozentzat, aldiz, independentziaren aldekoen lehentasunak «beren egiturak eta sareak babestea» izan behar du: «Prozesu subiranista eta aurreko krisi ekonomikoa elkarrekin bizi izan ziren; bada dioena krisiak prozesua elikatu zuela».

Mobilizatzeko aukera gutxi izanda, Quim Torra Kataluniako presidenteak deitu behar dituen hauteskundeetara begira jarri dira eragile guztiak. Agintariak oraindik ez du datarik jakinarazi, eta litekeena da hauteskunde horien atarian, eta batez ere kanpainan azkartzea egoera. Maurirentzat, kalean «hoberena» jendea gehiago elkartzea izango da, eta politikan botoen %50 baino gehiago lortzea datozen hauteskundeetan: «Independentismoak, alderdi independentista guztiek diotena da».

Mobilizazio faltaren ondorioz independentismoa ikusgaitasuna galdu duen arren, Mauri eta Muñoz bat datoz horrek ez duela eraginik izango hautetsontzietako babes kopuruan. GAD3 etxeak La Vanguardia egunkariarentzat egindako azken inkestaren arabera, parte hartzea hamahiru puntu jaitsi arren, independentistek botoen erdiak baino gehiago lortuko lituzkete lehenengoz; eta, horri esker, Kataluniako Parlamentuan duten gehiengoa handituko lukete, 77 eserleku lortzeraino. ERCk 42 diputatu eskuratuko lituzke (hamar gehiago); JxCk, 31 (hiru gutxiago); eta CUPek 4 (egun bezala).

BERRIAn argitaratua (2020/09/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA