astekaria 2020/09/11
arrowItzuli

kultura

«Gu gabe ez dago ikuskizunik»

Itziar Ugarte Irizar

«Gu gabe ez dago ikuskizunik»

Beltzez hartu dute kalea. Ilunpearen ilunez. Hala egon ohi dira maiz: besaulkien atzeko ilunean, argiak itzaltzen eta mikrofonoak pizten, soinua orekatzen eta intentsitatea neurtzen. Dena ondo irten dadin zaintzen; ondo ikus dadila, ondo entzun dadila. Lehenak iristen, eta azkenak joaten. Abaniko zabala da zuzeneko ikuskizunetako eta emanaldietako teknikariena. Kontzertuak, antzerki obrak, askotariko gertaerak, kalekoak, areto handietakoak, soilenak, diruz puztuak. Haziz joan den sektore bat da haiena, eta koronabirusaren krisiak gogor jo dituenetako bat, denbora luzez eten egin baitzaie ia errotik euren lan jarduera. Horri aurre egiteko, Teknikariok sindikatuan antolatu dira sektoreko kide ugari, eta asteak daramatzate bizi duten egoeraren gorriaz ohartarazteko kaleak hartzen. Beltzez.

Badituzte datuak: kultur jarduera %80 jaitsi da pandemia abiatu zenetik, teknikarien %20k ez du inolako diru sarrerarik ordutik, eta %30ek 600 euro jasotzen ditu hilean. Teknikariok-ek bildu dituen kopuruetako batzuk dira. Sortu berria da sindikatua, eta, hain justu, horretarako abiarazi dute: sektorea osatzen dutenen egoera hobeto ezagutzeko, eta aurrez ere haietako asko zamatzen zituzten baldintza txarrak aldatzen hasteko. Hori argi baitauka Gorka Agirre Teknikariok-eko kideak: «Orain oso egoera larrian gaude, baina aurretik ere oso modu prekarioan zegoen antolatuta sektorea».

Soinu teknikaria da Agirre, eta martxotik aldi baterako erregulazioan (ABEE) du enpresak. Dioenez, gutxiengoa dira ABEEan daudenak sektorean: % 13. Gutxi, kontratu finkoak gutxiengoak direlako ofizioan. «Jende asko behin-behineko kontratuekin aritzen da. Horietako asko martxoaren 14an gaixoaldian zeuden, eta, kontsideratu dutenez ez zeudela lanean, ezin izan dute laguntzarik eskatu».

Ez da Patricia Lorenzoren kasua, baina berretsi du lankide askoren egoera dela hori. Produkzioko teknikaria da bera, eta errejidore eta manager lanak ere egiten ditu. Kontratatua duen enpresak aldi baterako erregulazioa ezarri dio hari ere, baina lanaldia beste kontratazio batzuekin osatu ohi du, eta horiek denak «erori» zaizkio. «Zertxobait» egin du lan udan, Bilboko Udalaren Uda2020 programan, baina egina du kalkulua: ohiko urteko irabazien bi heren galdutzat ditu jada.

«Hori da denok dugun egoera, gutxi-asko», aitortu du. Teknikariokeko kideen barruan galdetegi bat pasatu zuten, eta kide batetik bestera egoera berritzen zela baieztatu, hala. «Lan sarea suntsitzen ari da», salatu du. Baina, kontrastean, denbora gutxian lortu duten antolakuntzak poza itzuli diela erantsi du. Zenbat diren ez daki zehazten, baina bada gailentzen den soslai bat: «Gaztea, oro har, 30 urteren bueltakoa, eta maskulinoa. Emakume askoz gutxiago gara zuzeneko ikuskizunetan lan teknikoak egiten aritzen garenak. Eta hor sartzen dut argia, soinua, irudia, baina baita garraioa, muntaketa, zama lanak eta abar ere». Kezkatzen duen beste arazo bat aipatu du horri lotuta: «Izaten ditugun ordutegiek eta lan kargek ia ezinezkoa bihurtzen dute kontziliazioa, eta jakinda zaintza lanak nagusiki emakumeoi egokitzen zaizkigula oraindik ere, eta horrek asko zailtzen digu guri [emakumeei] sektorean jarraitzea. 17 orduko lanaldiak edo egun askotakoak ez dituzu jasaten adin jakin bat edo familia-karga jakin bat duzunean».

Erregulazioa, zero

Hori guztia, baina, ez du orain bizi duten egoeratik aparte ulertzen Lorenzok. Lanbidea prekarizatuz joan izanaren logikan kokatzen du koronabirusaren ondorioz bizi duten egoera. Jatorrian, batik bat, sektoreak azken hogei urteetan izan duen hazkundea sumatzen du hark. «Jaialdi handiak asko ugaritu dira, eta ebentoen kultura ere asko hazi da, etengabe egiten dira. Horrek sektorea profesionalizatzea ekarri du, eta hori bai esan nahi nuke: gu profesionalak gara, eta ardura handiak hartzen ditugu gure gain jendaurrean pisu handiko egiturak jartzen ditugunean edo hiri efimeroak muntatzen ditugunean mendi erdian. Profesionalak bagara, baina korrika asko egin da hemen, eta horrek ekarri ditu lan ordu amaiezinak eta jasan ezin diren lan zamak».

Agirrek ere salatu ditu baldintza horiek, eta «merkatu oldarkor bat» sumatzen du hark oinarrian. «Gero eta baldintza ekonomiko gogorragoak ikusi ditugu, eta oso jakina da nork ordaintzen duen hori: katearen azken begian dagoen langileak. Eskatu ahal dizute lau egun gordetzeko bi hilabete barrurako, eta azken orduan beste enpresa baten bidez zerbitzua merkeago lortu dutelako, zu ezer gabe utzi». Aldizkakotasuna handia dela ere azaldu du, eta, ondorioz, askok autonomo moduan egiten dutela lan. «Enpresentzat ere errazagoa da: inprobisatzea askoz arinagoa zaie horrela».

Erregulazio falta orokortu bat. Horrek ahalbidetzen ditu halako egoera eta lan baldintza kaskarrak, Agirreren ustez. «Gehienez zenbat orduz egin dezakegun lan jarraian, zenbat egunez, zenbat atseden egokitzen den kasu bakoitzean, prezioak... ez dago ezer adostuta». Teknikariaren «lantegia», gainera, askotarikoa dela nabarmendu du, eta hori ere traba dela gutxiengo arau batzuk ezartzerako orduan. «Lantegia izan daiteke BEC, eta makina-erreminta kongresua, edo BBK Live, Errenteriako jaiak, antzokiak, hiru hileko bira bat talde batekin... eta luze jarraitu dezaket. Enpresa handi batentzat edo txiki batentzat lan egiteak, bistan da, ez dauka zerikusirik. Eta horrek denak asko zailtzen du arautzea». Baina, zailtasunak zailtasun, argi du konponbidea noranzko horretan bilatu behar dela. «Hitzarmen bat behar dugu. Agian, hamar urteko lana hartuko digu, baina uste dut, eta tristea da esatea, abagune historiko hau ona izan daitekeela horretarako: denok gaude geldirik, eta denok behar dugu ondokoa aurrera egiteko. Bestela, zer? Nik 40 urte dauzkat, ibilbide bat dut profesioan, eta, orain, agian utzi egin beharko dut».

Euren lan egoerari erantzungo dion akordio propio baten faltan, langile asko beste sektore batzuetako hitzarmenetan daudela gogorarazi du Lorenzok:«Produkzioko jendea askotan bulegoetako hitzarmenean dago, muntaketakoak metalaren hitzarmenean... Noiz edo noiz, industria guztiak izan ziren erregularizatuak. Guk ere lortu behar dugu oinarri batzuk adostea».

Kulturatik at eragin beharra

Hori guztia gogoan hartuta bildu ziren Teknikariokeko kideak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin, aurreko astean. Lorenzo eta Agirre izan ziren, hain zuzen, Bingen Zupiria sailburuarekin. Sentsazio gazi-gozoa agertu dute enkontruaz galdetuta. «Laburrean, gure eskaerak ez direlako onartzen», Agirrek. «Kontziente dira gure errealitateaz, baina oso zaila zaie fitxa mugitzea», Lorenzok.

Sektorearentzako ekintza plan bat eskatzen aritu dira orain arte egindako mobilizazioetan —horien artean, manifestazioa egin zuten abuztuaren 22an, Bilbon—. Bi ardatzetara bildu dituzte orain lehentasunak. Lehena, lanerako itzulera bideratzea. Agirre: «Uste dugu egin diren saiakerak ez direla nahikoa; lan jardueraren %80 galduta egonik, badaude beste modu batzuk jarduera berriro aktibatzeko, neurri txikiagoetan eta beti osasun segurtasunerako beharrezko neurriak hartuta». COVID-19ari berari lotutako ekitaldiak antolatzea ere proposatu du, zuzenekoen mugimendua aktibatuz joateko beste bide posible modura. «Zergatik ez kontratatu pailazo bat maskarari buruzkoak umeei azaltzeko? Zergatik ez hitzaldi bat gertatzen ari denaren inguruan aritzeko?». Horren ordez, beldurraren mezua sustatzen dela uste du. «Badirudi hobeto dela halako ekitaldietara ez joatea, baina gero autobusak eta terrazak beteta daude. Eta ulertzekoa da beldurra, baina gure sektoreak ere badu eskubidea lanera itzultzeko, beste batzuek egin duten bezala, eta horretarako elkarlana eskatzen dugu, arlo ezberdinen arteko auzolana». Jarraian aitortu du, ordea, ez duela horretarako «borondaterik» antzeman orain arte.

Eta hor legoke eskakizunen bigarren ardatza. «Ezin badugu lan egin, orduan oxigenoa behar dugu: laguntzak benetan iristea». Aldi baterako erregulazioak luzatzea, autonomoen jarduera etena luzatzeko baldintzak berrikustea eta gutxieneko soldata bat osatuko lukeen diru laguntza osagarri bat onartzea, esaterako. Aditz batek du garrantzia Agirrerentzat: «Begiratzea». Aztertzea zein den sektoreko jendearen benetako lan egoera. «Hainbeste ere ez gara, eta ezin du izan hain zaila erregistro bat egiteak. Jende asko utzi da laguntza gabe, eta askori subsidioa amaitzen ari zaie».

Kultura Sailarekin bildu ziren, «tradizioz» alor horri lotuta egon direlako, kulturgileen alboan lan egiten dutelako usu. Duda du Lorenzok, ordea, benetan aintzat hartzen dituzten. «Ez gara artistak, baina gu gabe ez dago ikuskizunik. Muntaketan behar gaituzte; zuzenekoan, desmuntaketan. Eta gero ez zaigu ia kontuan hartzen; argi gelditu da laguntza neurrietan». Lanbidera eta beste sail batzuetara heldu behar direla ikusi dute, eta Jaurlaritza elkarrizketa horiek ahalbidetzen saiatuko dela aipatu du Agirrek; «foru aldundiekin, esaterako, haiena delako Ogasunaren eskumena».

Bitartean, irailaren 17a dute gorriz egutegian: sektorearen «aitortza falta» ikusita, teknikarien industria batzearen aldeko Red Alarm mugimenduak protestara deitu du herrialde ugaritan, eta han izango da Teknikariok.

BERRIAn argitaratua (2020/09/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA