astekaria 2020/09/11
arrowItzuli

ekonomia

Ordu batzuetako eskala delakoan

Imanol Magro Eizmendi

Ordu batzuetako eskala delakoan

Urduritasuna da nagusi hegazkingintzako sektoreko lantegietan. Aldageletan solasgai bakarra dago azken egunetan: kaleratzeak. Koronabirusaren krisiak gogor astindu du jarduna, eta hainbat euskal enpresak lan erregulazio espedienteak egingo dituztela jakinarazi dute. «Tentsio handiko lasaitasun egoera da», deskribatu du Juan Carlos Gomezek. Aernnova enpresak Berantevillan (Araba) dituen 450 langileetako bat da, ELA sindikatukoa, eta, era berean, batzordeko presidentea. «Erabakia oporren aurretik hartu zuten, kezka hedatzeko. Urduritasuna badago. Aurretik saialdi asko egon dira jendea kaleratzeko, baina orain larriagoa dela dirudi». Enpleguaren %20ko murrizketa iragarri dute jabeek, 968 langile, eta horietatik 650 Espainiako eta Euskal Herriko fabriketan.

Aernnovaren lantegi nagusitik 40 kilometrora egiten du lan Cesar Gomezek, MiƱaon, Gasteiztik gertu. Urteak daramatza Alestisen, LAB sindikatuko kidea da, eta bere lantegiko batzordeko burua. Hegazkina egiteko lehen pausoa ematen dute: materialen tratamenduak, piezei bainuak eman... Han, urduritasuna «haserre»bihurtu da aste honetan, 178 langileetatik 87 kaleratuko dituztela jakin dutelako. «Aldi baterako erregulazioari bukatzeko astirik ere ez diote eman. Presaka aritu dira. Neurri hau Gasteizko lantokia desmuntatzea da. Epe motzean dena Aciturrira bideratuko dute, hau likidatzeko». Aciturriz mintzo da, hura baita Alestisen akzioen %76en jabea iaztik. Sektoreko beste enpresa bat da, eta 214 kaleratze iragarri ditu bere lau lantokietan. Horietako bat Berantevillan dago, eta beste bat handik oso gertu, Miranda Ebron (Espainia).

6.000 pertsona inguruk egiten dute lan Euskal Herriko aeronautikako 50 enpresetan. Haien bezero nagusia Airbus hegazkin egilea da, eta hark iragarri du koronabirusaren eraginez ekoizpena %40 murriztuko duela. Krisiarekin, aireko zirkulazioa asko txikitu da, eta hegazkin konpainiek erosteari utzi diote. Euskal sektorearen zati handi bat Araban dago, baina izurria lurralde osoan zabaldu da. Esaterako, Lauak taldeak Aiherran eta Hazparnen (Lapurdi) ditu plantak, eta 528 langileetatik 128 kaleratuko ditu.

95 milioiren irabaziak

Bizkaian dago, dena den, langile gehien dituen sektoreko euskal enpresa: ITP. 1.900 langilek dihardute Zamudion, Derion, Sestaon eta Barakaldon dituzten plantetan. Konpainia osoak 95 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz, baina hark ere galbahea pasatuko dio langile multzoari: %15 Zamudion, Alcobendasen (Espainia) eta Ajalvirren (Espainia. «Oraindik ez dakigu zehazki zenbat kaleratze egingo den bakoitzean, baina ez dugu nahi hirurak mahai berean negoziatzerik. Gurean hartu beharreko neurriak gurean negoziatu nahi ditugu», azaldu du Gaizka Aldazabal Zamudioko langile batzordeko kideak -presidentea bere sindikatukoa da, ELAkoa-. «Negoziatu» dio, ez baitaude kaleratzeak onartzeko prest. «Ekoizpena jaitsi da, badakigu, baina beste neurri batzuk har daitezke lanpostuak ez galtzeko. Gainera, 2019a ekoizpen urte historikoa izan zen, eta horra itzultzea kostatuko da, baina aurreko mailetara ez hainbeste».

Hiru5ak bat datoz krisiaren ezaugarri nagusia nabarmentzean: iragankorra da. Hegazkintzako hizkuntza erabiliz, euren iritziz, ez da eten bat, aireportu batean egin beharreko ordu batzuetako eskala baizik. «Baina, garbiketa egin nahi dute»; gordin mintzo da Gomez Aernnovakoa: «2010etik 2018ra aldi baterako lan erregulazioan egon ginen zortzi urtez. Ez zegoela lan kargarik zioten, eta eutsi zioten. Orain, zergatik ez? Egoera ezberdina da; orain, argiago dago krisia pasatzean egoera aurrekora itzuliko dela». Aernnovan, dena den, hilabete batzuk itxaron beharko dute nola eragiten dien jakiteko. Enpresak Jaurlaritzarekin konpromisoa hartuz zuen 2020ko abenduaren 31ra arte kaleratzerik ez egiteko, eta batzordeak uste du epe horri errespetatuko duela.

Alestisen batzordearen estrategia beste bat da: denbora irabaztea, «egoeraren bilakaera ikusteko». Aukera ezberdinak planteatu dituzte. «Hasteko, aldi baterako erregulazioa luzatu, eta gobernuak zer egiten duen ikusi. Eta gero aukerak aztertu: lanaldiak banatu... Gurean, jende askok ez du lanaldi osorik. 178 langile gara, erdiak emakumezkoak, baina 140 lanaldi inguru dira». Kaleratzea eragoztea da kontua, Gomezek argi baitu: «Krisia igaroko da, eta hegazkinak egiten jarraituko dute, baina igitaia pasatu nahi dute. Sektoreak dio 2023rako itzuliko dela normaltasuna, nik lehenago uste dut. Hemen, 50-55 urteko langile asko dago, eta lan bizitza hiruzpalau urte luzatzea sekulako aldea da haientzat».

«Aitzakia perfektua»

«Garbiketa», «igitaia pasatu»... grafikoak dira langileen alderaketak. «COVID-19a baliatu dute jendea kaleratzeko. Sozialki onartuta dago ez dagoela beste biderik. Aitzakia perfektua da, sekulako aukera», dio Gomezek. Aernnova ondo ezagutzen du, eta badaki azken bi urteetan taldeak irabazi handiak izan dituela: 2019an, 39 milioi euro, eta 2018an, 45 milioi. «Pentsa, zorpetu egin ziren akziodunen artean irabaziak banatzeko». ITPn ere garai onak izan dituzte, 2016tik eta 2019ra bitartean 260 milioi euroren irabazi garbia izan dute taldean.

Alestisen, aldiz, zorra da darabilten arrazoia. Aciturrik Airbusi Alestis erosi zionean, enpresak zuen 285 milioi euroko konkurtso zorra jaso zuen, eta hurrengo urtean 120 milioiko lehen ordainketa bat egin behar du. «Baina negozia daiteke, hartzaileetako bat erakunde publikoa da, eta atzeratuko dute», nabarmendu du Gomezek. Sindikatuek erakunde publikoei eskatu dizkieten laguntza motetako bat da, eta Andaluziako prentsan -egoitza Sevillan du Aciturrik eta planta asko Espainian- ziurtzat jo dute Espainiako Gobernuak neurri bereziren bat hartu beharko duela enpresak porrot egin ez dezan.

ITP Aeron, azkenik, espedienteak adinako oihartzun izan du Rolls Royce jabeak hura saltzeko asmoa duela. Ikusteko dago sektoreko beste enpresa batek erosiko duen ala, Ingalaterrako prentsan zabaldu den bezala, inbertsio funtsen batek. Eragina izan al du erabakian? Aldazabalen kezka beste bat da. «Multinazional bat da, eta badakigu Rolls Royce nola dagoen [6.000 milioi euro galdu ditu pandemian]. Sal gaitzake, baina gure arazoa hurrengo astean ezagutuko dugun espedientea da. Hori goizago iritsiko da».

BERRIAn argitaratua (2020/09/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA