politika
Aldaketa nabarmena
Edurne Begiristain
Aldaketarik esanguratsuena sailburu berrietan dago. Bost dira izen berriak: Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua izango da; Gotzone Sagarduik hartuko du Osasun sailaren ardura; Jokin Bildarratzek, Hezkuntzakoa; Olatz Garamendi arduratuko da Gobernantza eta Autogobernu sailaz; eta Javier Hurtadok kudeatuko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila. Eta izen berriekin batera, gobernua utziko dute beste bost sailburuk: ez dute jarraituko Cristina Uriartek (Hezkuntza), Jose Antonio Retortillok (Turismoa), Estefania Beltran de Herediak (Segurtasuna), Nekane Murgak (Osasuna) eta Maria Jesus San Josek (Lana eta Justizia).
Ia elebiduna izango da gobernu berria. Aurreko gobernuarekin alderatuta, bederen, euskaldunagoa izango da: Beatriz Artolazabal jeltzalea eta Javier Hurtado sozialista kenduta, gainerako sailburuak euskaldunak dira. Hain justu, duela hamar egun 350 kazetari euskaldunek baino gehiagok Jaurlaritzari eskatu zioten hurrengo sailburuak euskaldunak izan zitezen, kazetariek euskaraz lan egin eta informatu ahal izan dezaten. Joan den legealdian, hiru ziren euskaraz hitz egiten ez zekiten sailburuak.
Bi lehendakariordetza
EAJren eta PSEren artean banatu dituzte gobernuko departamentuak: jeltzaleentzat izango dira horietako zortzi, eta sozialistentzat hiru. 11 sail ditu gobernu berriak, aurreko legealdian adina, baina aldaketa nagusia da lehendakariordearen figura berreskuratu duela Urkulluk. Zehazki, bi lehendakariorde izango ditu, bana EAJrentzat eta PSErentzat. Josu Erkorekak hartuko du lehen lehendakariordetza, eta Idoia Mendiak, bigarrena. Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren gobernuetan egon zen lehendakariordearen figura azkenekozIdoia Zenarruzabeitiak bete zuen kargu hori eta, aurretik, soilik Jose Antonio Ardanzaren bi gobernuetan egon zenJon Azua eta Fernando Buesa izan ziren lehendakariordeak. Lehendakariaren ondokoa da lehendakariordea, eta, beraz, erabakimen handia izango dute hemendik aitzin Erkorekak eta Mendiak.
Lehen lehendakariordetzarekin batera, Segurtasun Sailaren ardura ere izango du Erkorekak, Estefania Beltran de Herediaren tokia hartuta. Asteon iragarri du EAJk Beltran de Heredia Espainiako senatari izateko proposatu dutela, eta haren hutsunea nork beteko zuen jakitea baino ez zen falta.
Erkorekak gobernuko bozeramaile izateari utziko dio legealdi berrian, eta haren tokia hartuko du Bingen Zupiriak, orain arte Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu izandakoak. Legealdi honetan ere departamentu berbera kudeatuko du Zupiriak, baina, ardura horren kargudun ez ezik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile ere izango da.
Gobernantza eta Autogobernu sailaren ardura izan du azken lau urteotan Erkorekak, baina sail hori Olatz Garamendik kudeatuko du hemendik aurrera. Haren esku geratuko da, besteak beste, Gernikako Estatutuan jasota dauden transferentzien eskualdaketa negoziatzea Espainiako Gobernuarekin, bai eta estatutu berriaren kudeaketa.
Sozialisten pisu politikoa handitu egingo da gobernu berrian Idoia Mendiarekin. Izan ere, bigarren lehendakariordetza ez ezik, Lan eta Enplegu sailburua ere izango da PSEko idazkari nagusia. Joan den legealdian bi sailetan banatuta zeuden ardura horiek: Beatriz Artolazabal jeltzalearen esku zegoen Enplegu eta Gizarte Politika saila, eta Maria Jesus San Jose sozialistaren esku, berriz, Lan eta Justiziarena.
Artolazabalek, aurrerantzean, Gizarte Politikekin batera, Berdintasuna eta Justizia ere kudeatuko ditu. Berdintasun politiken kudeaketa Lehendakaritzaren barruan egon dira orain arte, Emakunde instituzioaren bidez. Ikusteko dago hemendik aurrera nola uztartzen diren Artolazabalen sailaren eskumenak Emakunderen lanarekin.
Sail gatazkatsuenak
Azken legealdian, Hezkuntza eta Osasun sailak izan dira gatazkatsuenak, eta bi sail horietan egin ditu aldaketak Urkulluk, sailburuak aldatuta: Jokin Bildarratzek hartu du Cristina Uriarteren tokia Hezkuntzan, eta Gotzone Sagarduik Nekane Murgarena Osasun Sailean.
Joan den legealdian, hezkuntza legerako proiekturik ez zuen aurkeztu azkenean Uriartek, eta hainbat lan gatazka kudeatu behar izan ditu. Gainera, ikasturte berriaren atarian, harremana tenkatuta amaitu du hezkuntza eragileekin eta sindikatuekin. Izatez, haren ordezkoak, Jokin Bildarratzek, hezkuntza greba bat izango du aurrean kargua hartu eta astebetera. Bildarratz EAJko senatari izan da azken zortzi urteetan, baina badu eskarmentua hezkuntza alorrean. Irakasletzako diplomaduna da, eta Tolosako alkate izan aurretik ikastolako irakaslea izan zen.
Murgari ere garai zaila kudeatzea egokitu zaio. Legegintzaldi erdian hartu zuen kargua, Osakidetzako lan eskaintza publikoan izandako filtrazioen ondorioz Jon Darponek dimititu eta gero, eta pandemiari aurre egin behar izan dio. Kritika asko jaso ditu, besteak beste, komunikazio gaitasunarekin lotuta, baina segitzeko prest agertu zen duela egun gutxi.
Bestalde, aurreko gobernuarekiko jarraitutasuna bermatuko dute karguan segituko duten hainbat sailburuk. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailburua izango da, eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua. Iñaki Arriolak ere jarraituko du gobernuan, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu karguan. Polemikoa izan da oso Arriolak Zaldibarko auzian egin duen kudeaketa, eta gobernu berrian Ingurumen Saila jada ez da bere esku egongo. Arriolak gobernu berrian ez zuela jarraituko zabaldu dute hainbat iturrik azken asteotan, baina Urkulluk gobernuan mantentzearen alde egin du.