kirola
LUCA VILDOZA
«Nire bizitzako unerik onenetariko bat izan zen ligako finalaren eguna»
Iñigo Lasa
Berriz ere martxan zaudete. Nola joan dira lehen egunak?
Oso ondo, egia esan. Orain ari gara pixkanaka erritmoa hartzen. Lehenengo bi asteetan kostatu egin zitzaigun bai niri, baita beste guztiei ere. Erritmoa hartu dugu, eta orain falta zaigun bakarra ofizialki lehiatzea da.
Gogorra egiten ari zaizue denboraldi-aurrea?
Duskorekin [Ivanovic] entrenamenduak gogorrak dira; bereziki, lehenengo bi asteak izan ziren gogorrenak. Lan saio bakoitzean ezartzen duen intentsitatearekin eta korrikaldiekin disfrutatu egiten dugu jokalariek, fisikoki gustura sentitzen baikara. Entrenatzen ari garen moduan jokatuko dugu: defendatu, korrika egin, ordenatuta jokatu… Lehiatzen gozatu nahi dugu.
Txapeldunak izanda, lanera buelta ez zitzaizuen hain gogorra egingo, ezta?
Bai, askoz errazagoa da. Aurpegian irribarre batekin etorri nintzen, taldekideak ikusteko gogoz. Ia talde berri bat gara, baina aurreko sasoian txapeldun izanik, beste modu batera hasten duzu denboraldia.
Aurreko denboraldia arraroa, baina polita izan zen Baskoniarentzat.
Zalantzarik gabe. Denboraldi gogor bat izaten ari zen guretzat. Lesio larri asko izan genituen taldean, eta, halere, taldekideek sasoi osoan borrokatzen jarraitu zuten. Azkenean, kolpe hori eman ahal izan genuen, eta gure denboraldirik onenetako bat izan ez zen arren, irribarre batekin amaitu genuen.
Denboraldia nola hasi zen ikusita, inor gutxik espero zezakeen horrela bukatzea, ezta?.
Bai, guztiz ados nago. Lesio asko eduki genuen denboraldiko lehen hilabeteetan, eta min handia egin ziguten Patoren [Garino] eta Jayson [Granger] lesio larriek. Atzera begira jarrita, oztopo horiei buelta nola eman genien ikustea oso pozgarria da. Jaysonek lehen jardunaldian hartu zuen min, eta Pato oso jokalari garrantzitsu bat zen guretzat, eta oso lesio itsusia izan zuen. Horrek guztiak lanean jarraitzeko eta aurrera egiteko motibatu gintuen. Ez genuen amorerik eman, eta hori sasoiko azken txanpan erakutsi genuen: lesioak, pandemia eta beste hainbat oztopo izan arren, denboraldia aurrera eramatea lortu genuen.
Zuk ere izan zenuen lesioa. Eskuin sorbaldaren gorabeherekin, denboraldi erdia galdu zenuen. Ebakuntza egin zizutenean, denboraldi amaierarako itzuliko zinela uste zenuen?
Berrogeialdia ondo etorri zitzaion pertsona bakarrenetakoa izan nintzen ni. Lesiotik osatu, eta erritmoa hartzeko balio izan zidan. Eskerrak eman nahiko nizkioke bai taldekideei, bai Duskori, hilabete batzuetan kanpoan egon arren berriz ere jokatzeko aukera emateagatik.
Dusko Ivanovic. Hura ez zen denboraldi hasieratik zuekin egon. Zer aldatu zuen Ivanovicek?
Lehen egunetik ezarri zigun pentsamolde jakin bat. Iritsi zen lehen egunetik aurrera jarraitzeko motibatu, eta geneukan taldearekin zerbait polita lortzeko aukera geneukala esan zigun. Lan saio bakoitzean hori errepikatzeari eta bete-betean entrenatzeari esker, sinetsita genuen irabazteko gai ginela.
Zeuen buruan sinestea egin zizuen Ivanovicek, hortaz?
Bai, hori da. Oso bolada txarra ari ginen pasatzen, eta joko aldetik ere ia inor ez zebilen fin. Tokok [Xengelia] bakarrik ateratzen zuen taldea aurrera, partidako 35 minutu, eta bi egunez behin jokatuz. Dusko etorri zenean larrialdi momentu bat ari ginen pasatzen, eta handik ateratzen lagundu zigun.
Ez zineten Valentziako azken fasea irabazteko hautagai nagusiak, eta zuek irabazteko gai zinetela sinistuta joan zineten. Nola lortu zenuten konfiantza maila horretara iristea?
Lan egiten. Lana egiteari, eta lan hori burutzen duzun mentalitateari esker ateratzen dira gauzak. Berrogeialdiko lehen egunean Duskorekin egin genuen bideo deia dut gogoan. Ziur zen bueltatuko ginela; itzuleraren inguruko zalantza asko egon arren, Dusko seguru zen jokatzera itzuliko ginela. Berrogeialdian oso gogor egin genuen lan, egun batzuetan saio bikoitzak egiten genituen Zoom bidez. Hain gogor egin genuen lan, zein onak ginen, eta liga irabazi behar genuela sinetsi genuela.
Azkenean hitza bete, eta txapeldun atera zineten, finala Bartzelonari irabazita.
Bartzelonak oso talde ona zeukan, eta finala irabazteko faboritoak ziren. Modu jakin batean defendatzea lortu genuen, non talde guztiei ezeroso sentiarazten genien. Azkenean, gure erasotzeko merituei ere esker, liga irabaztea lortu genuen.
Ondo irabazita gainera, azkeneko jokaldian zeuk sartutako saskiratze batekin. Nola gogoratzen duzu jokaldi hori?
Irribarre batekin gogoratzen dut oraindik. Txapelketa irabazteko eta hainbat jokalari garrantzitsuei agur esateko balio izan zigun jokaldi hark. Taulapeko saskiratze hori gogoratzea, eta taldekideekin titulua ospatu ahal izatea oso pozgarria izan zen.
Saskiratzea sartzea ez ezik, finaleko jokalaririk onenaren saria ere eman zizuten. Zure bizitzako egunik berezienetakoen artean sartuko zenuke egun hura?
Seguruenik bi. Denboraldi erdian ebakuntza gelatik pasatu ostean, ez nuen imajinatzen finala horrela irabazteko gai izango nintzenik. Nire bizitzako momenturik onenetariko bat izan zen ligako finalaren eguna. Zalantzarik gabe, oso berezia izan zen talde harekin titulu hori irabaztea.
Aurreko sasoiko taldeko jokalari garrantzitsu asko joan dira: Tornike Xengelia, Jason Granger, Patricio Garino, Shavon Shields... Haien falta nabaritu al duzue aldagelan?
Jokalari garrantzitsuak joan direla badakigu. Badakigu Toko ze den guretzat eta Baskoniarentzat. Patorekin bai kantxaren barruan, baita kanpoan ere oso ondo moldatzen nintzen, harreman estua genuen. Orain talde berri bat daukagu, eta ilusioz gainezka gaude.
Zuk beste nonbaitera joateko eskaintzarik izan al zenuen?
Eskaintzen kontua nire ordezkariak eramaten du. Hark baten bat jaso ote duen ez dakit, niregana behintzat ez dira iritsi. Zurrumurruak entzun dira, baina niri ez zait inongo momentuan burutik pasatu beste nonbaitera joatea. Nire asmoa Baskonian geratzea da, oso gustura nago hemen, nire familiarekin eta lagunekin.
Joan direnen tokia dagoeneko bete du zuzendaritza taldeak. Zer iruditu zaizkizu fitxaketa berriak?
Oso fitxaketa onak iruditzen zaizkit. Zaila zen joan direnak ordezkatzea, baina oso jokalari onak ekarri ditugu. Shieldsek eta Janninek zuten saskiratzaile rola hartuko du Carringtonek. Horretaz gain, beste hainbat gauzatan lagunduko digu ziurrenik. Puntuak sartzeko erraztasun handia dute Giedraitisek eta Petersek. Jekirik, berriz, barruko jokoan lagunduko digu. Oso pozik nago talde berriarekin, eta haiekin lehiatzeko gogoz naiz.
Zer eman diezaiekete jokalari berriek taldeari?
Hori orain ezin da jakin. Jokalari bakoitzak gauza ezberdinak ematen dizkio taldeari. Denboraldiak aurrera egin ahala konturatuko gara bakoitzak zer gehitu dezaken.
Joxean Kerejetak azken denboraldietako talderik onenetakoa dela esan zuen. Iritzi berekoa zara?
Baietz uste dut. Jokalari berrien kalitateaz gain, oso talde gaztea daukagu, eta hobetzeko tarte asko. Dusko, gainera, horrelako proiektu bat zuzentzeko entrenatzailerik onena da. Egunetik egunera hobetzen ari gara, eta partidak jokatu ahala, erosoago sentituko gara taldean.
Berriz liga irabaztea izango da helburua?
Zerbait irabazteko egiten dugu lan beti. Horretarako gai garen ez dugu jakingo talde guztien aurka jokatu arte, eta zer maila eman dezakegun ikusi arte. Halere, orain arte bezala jarraituko dugu entrenatzen.
Ligaz gain, Euroligan urratsen bat emateko prest al da taldea?
Aurreko sasoien ez genuen oso Euroliga ona egin. Txapelketaren lehen zatia bakarrik jokatu zen, eta gu ez geunden oso momentu onean. Sasoi honetan, itxura aldatzen saiatuko gara, kalitatea eta indarguneak ditugun talde berri bat dugula erakutsiz.
Nolakoa izango da sasoia?
Oso egoera korapilatsu bat bizitzen ari gara. Koronabirusaren aurkako txerto bat atera arte ez gara guztiz seguru egongo. Osasun agintariak guk joka dezagun ahaleginak egiten ari dira, eta hori eskertzekoa da.
Buesa Arenan zalerik gabe jokatzea oso ezberdina egingo zaizue, ezta?
Asko antzematen da zalerik gabe jokatzen duzunean. Etxean jokatzen duzunean asko eskertzen da taldeko zaleek sortzen duten giroa. Hauxe daukagu; oso garai zailean gaude.