astekaria 2020/09/11
arrowItzuli

gizartea

CARLOS GIMENO

«Ez gara berandu hasi; hori diotenek interes korporatibistak dituzte»

Ion Orzaiz

«Ez gara berandu hasi; hori diotenek interes korporatibistak dituzte»

Hasi da inoizko ikasturterik ezohikoena Nafarroan. Atzo zabaldu zituzten ikastetxe batzuetako ateak; gainerakoetan, berriz, astelehenean helduko diete eskolei. Lasaitasun mezua eman nahi izan du Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok (San Adrian, Nafarroa, 1965): uste du «berme osoz» hasi eta bukatuko dela ikasturtea. Hezkuntzako sindikatu eta elkarte gehienak, baina, ez datoz bat ikuspuntu horrekin.

Apirilean, eskolak hutsik. Orain, beteta. Zergatik?

Hezkuntza Departamentuaren helburua hasieratik izan da aurrez aurreko hezkuntza eredura bueltatzea ahalik eta lasterrena. Ezagun ditugu online eskolek eragiten dituzten arazoak: arrakala digitala, desoreka eta bazterketa soziala. Gainera, ez die denei berdin eragiten: lehendik egoerarik ahulenean ziren sektoreek pairatzen dituzte kalte larrienak. Hortaz, aurreko ikasturtean konturatu ginen online eskolak ohiko eskolen osagarri izan daitezkeela, baina ez ordezko. Digitalizazioak ezin du ikasketa prozesua ordezkatu, aurrez aurreko hezkuntzak bakarrik berdintzen baititu gizartean sortzen diren desorekak.

Ikasturte hasiera atzeratzeko aukera ez duzue planteatu?

Ez. Nafarroa lehena izan zen unibertsitatera sartzeko azterketetan, hizkuntza tituluen egiaztapenean, eta, egoera epidemiologikoak beste zerbait aholkatzen ez badu, lehenak izanen gara eskoletara itzultzen.

Egoera epidemiologikoak ez du beste neurririk eskatzen?

Gaur, orain, ikasturtea hasteko bezperan [2020-09-02], ez. Osasun Departamentuak ez digu adierazi ikasturte hasiera atzeratzeko beharra dagoenik. Oraintxe, ez dago kutsatze arriskurik gabeko tokirik. Hala ere, badugu Berrikuntza sailak ondutako txosten tekniko bat, zeinean azaltzen baita eskolako giroak ez duela arrisku berezirik, adingabeen seroprebalentzia maila txikia dela eta COVID-19 agerraldi baten eragina mugatua izanen litzatekeela.

Sindikatuek diote berandu hasi zaretela urtea prestatzen.

Ez nator bat horrekin. Espainiako Estatuan, Nafarroakoa izan zen onartu zen lehen plana, aurreko ikasturtea bukatu aurretik ere. Eragile guztion helburua izan zitekeen plan hori doitzea, baina ez da hala izan: batzuek interes korporatibistak lehenetsi dituzte, eta pandemia erabili nahi izan dute beren mesedetan. Interes horiek zilegi dira, baina ezin naiz bat etorri salatzen dutenarekin.

Adosteko borondaterik eza ere leporatu dizute.

Hitz egin dugu sindikatuekin, ikastetxe pribatuetako patronalarekin, ikastolekin, guraso elkarteekin, zuzendariekin, mahai sektorialarekin... Irakasleak errespetatzeko modurik onena da beren beharrak aintzat hartzea, eta hori egin duena Hezkuntza Departamentua izan da, besteak beste, udako hilabeteak ordainduta edo Hezkuntza Publikoaren Kalitatearen Aldeko Ituna finantzatzeko diru partida bat onartuta. Errealitatea hori da, nahiz eta hedatu den pertzepzioa beste bat izan.

Pertzepzio subjektibotik, datu zehatzetara: sindikatuek diote ez dituzuela 666 irakasle kontratatu, 173 baizik. Nola da posible?

Informazio hori oso partziala da, eta auskalo zer helbururekin zabaldu duten. 666 kontratazio horiek denak ez ditugu orain egin, noski: ekainean aurrea hartu genion egoerari, eta 183 langile kontratatu genituen; 173 postu atera ditugu abuztuan; eta gainerakoak [310] datozen egunetan eta asteetan zehaztuko dira, ikastetxeen beharren arabera. Oraintxe, ikuskaritzako teknikariak lanean ari dira eskoletako zuzendariekin batera, behar horiek zehazteko eta postuak definitzeko.

Ratioak jaitsiko dituzue?

Ratioak jaitsi dira jada Haur Hezkuntzan, eta Lehen Hezkuntzan ere de facto jaitsiko dira, baliabide gehiago eman ahala.

Nola da hori?

Ratioak erabiltzen dira baliabideak banatzeko irizpide gisara. Hortaz, 20 ikasleko ratioa gainditzen duen Lehen Hezkuntzako ikasgela bakoitzeko, ikastetxe horretan %33 haziko dira baliabideak; itundutako ikastetxeetan, berriz, %10 izanen da igoera. Horren arabera, ratioek behera eginen dute, beharra dagoen tokietan. Uste dut hori dela formula egokiena. Aukera genuen beste era batera egiteko, baina ez genuen aplikatu.

Zer aukera?

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan ratioak jaitsiko bagenitu, espazio gehiago beharko genuke eskoletan, eta, horretarako, arauan jasota dago haurrak Bigarren Hezkuntzako institutuetara eramateko aukera. Zein da arazoa? Bada, institutuak ere gainezka daudela, eta ez dutela tokirik. Hortaz, kalterik txikiena egiteko xedez, batxilergoko 2. mailako ikasleak izanen lirateke etxera bidaliko genituzkeenak, online eskoletara. Horrek desoreka eta arazo asko sortuko lituzke: alde batetik, batxilergoko ikasle batzuek aurrez aurreko eskolen %30 edo %40 jasoko lituzkete, eta beste batzuek, berriz, %100; bestalde, mendialdeko ikasle asko ere garraiatu beharko genituzke hiriguneetara; eta azkenik, ikastetxe pribatu askok ez dute tokirik, eta sare publikoan egin beharko litzaieke tokia. Departamentuak ez du halakorik nahi; horregatik, nahiago izan dugu baliabideak beste era batean antolatu.

Azken egunetan, PSNk gogor kritikatu du Geroa Bairen eta Navarra Sumaren arteko akordioa, itundutako ikastetxeetan 57 urtetik gorako irakasleei lanaldia murrizteko. Zer da kritikatzen duzuena?

Kontseilari gisara, errespetu erabatekoa zor diot Nafarroako Parlamentuak erabakitzen duenari; hortaz, gobernuak beteko du agindutakoa. Hori esanda, nire iritzi pertsonala da Geroa Bairen eta Navarra Sumaren azpijoko politiko bat izan dela.

Zertarako?

Bi alderdi horiek aurreko legealdietan egin duten kudeaketa kaskarra estaltzeko: Geroa Baik ez zuen zentimorik ere bideratu 2018an eta 2019an Hezkuntza Publikoaren Kalitatearen Aldeko Ituna finantzatzeko; UPNk, berriz, hezkuntza arloko 800 langile kaleratu zituen 2011n. Bestalde, auzi horiek eztabaidatu eta adostu behar dira bere garaian: aurrekontuak negoziatzeko orduan, alegia. Aukera izan zuten zuzenketa bat aurkeztek. Ez zuten egin, eta orain, ikasturtea hastear dela, etorri zaizkigu kontu honekin.

Iragan legealdian oso kritikoa izan zinen gobernuarekin, besteak beste, euskarari lotutako auzietan. Arazoak sortu ditu horrek orain, Geroa Bai gobernukide duzuen garaian?

Ez dut uste. Gu oso eroso gaude itun programatikoarekin eta EH Bildurekin sinatutako aurrekontu akordioarekin. Akordio horietatik kanpoko auziek pizten dituzte desadostasunak, baina uste dut unean uneko ika-mikak direla, besterik ez.

Mendigorriko D ereduak ere kalapita piztu du...

Niri bitxia iruditzen zait aurreko legealdian ez zela polemikarik piztu Mendigorrian, eta orduan ere Garesera desplazatu behar zuten D eredua ikastera. Aurreko gobernuak diseinatu zuen ikastetxeen mapa, eta ez zen D ereduko lerrorik zabaldu, eskaria bertsua izan arren. D ereduko gela zabaldu ez zuten alderdi horiexek dira, orain, polemika sustatu dutenak.

Arartekoak ere eskatu dizue euskarazko lerroa zabaltzeko...

Baina ez du aparteko argudiorik eman. Txosten teknikoaren arabera, mapa ezin da nahieran moldatu. Nik ez dut ezertxo ere Mendigorrian euskarazko eredua ezartzearen aurka, eta lanean ari gara hori arautzen duen foru dekretua aldatzeko. Datorren ikasturtean, eskaera kopurua nahikoa bada, ez dugu inongo arazorik izanen D eredua ezartzeko. Eta bitartean, ikasleek aukera dute Garesen euskaraz ikasteko. Ez da inongo eskubiderik urratu.

BERRIAn argitaratua (2020/09/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA