astekaria 2020/09/04
arrowItzuli

ekonomia

Telelana arautzeko gakoak

Paulo Ostolaza

Telelana arautzeko gakoak

Telelana arautuko duen legea iristear da. Ezustean heldu zen etxetik lan egiteko beharra milaka langileren egunerokora, eta, oraingoz, zeresana ematen jarraituko duela dirudi. Konfinamenduan, langileek eta enpresek korrika eta presaka moldatu behar izan zuten etxetik lan egitera; orain, oporretatik itzuli arren, etxetik berrekin diote jardunari askok, eta badirudi COVID-19ak kutsatutakoen kopuruak gora egiteak ohiko bihur dezakeela ezohiko egoera hori.

Etxetik lanean jarduten zutenak ez ziren asko duela hilabete batzuk, eta ezustean azkartu da lan munduaren digitalizazioa. Baita erakundeentzat ere: Espainiako Gobernua uztailaren hasieratik dabil patronal eta sindikatu nagusiekin telelana arautuko duen dekretua osatu nahian, eta beranduenez irailaren amaierarako onartzea espero du. Gaur berriz ekingo diete negoziazioei; akordioa gertu dagoela dirudi, baina oraindik badira langileen eta enpresen ordezkarien artean eztabaida sortzen duten gai batzuk.

Pandemiak agerian utzi zituen lantokitik kanpoko lanaren erregulazioaren hutsuneak. Gutxi dira langileekin eginiko hitzarmenetan telelana arautua duten enpresak, eta Euskal Herrian ez dago lan mota horri buruzko legerik. Oraingoz, langileen eta enpresen borondateak arautzen du etxetik egindako lana.

NORI ERAGINGO DIE?

Legea idazteko, oinarrizkoa adostu behar lehendabizi: zer da telelana? Nor hartuko ditu aintzakotzat legeak? Azken zirriborroan hori nahiko zehaztuta dagoela dirudi: hiru hilabeteko epea erreferentziatzat hartuta, langileak gutxienez lanorduen %20 egin behar ditu etxetik legedi berria aplikatzeko, astean egun bat.

Legeak, ordea, enpresa pribatuetako langileei soilik eragingo diela dirudi. Handik kanpo gera daitezke erakunde publikoetako langileak, eta hori da akordioa oraindik itxi gabe egotearen arrazoi nagusietako bat: haiek lege propioa izatea nahi du Espainiako Lan Ministerioak, baina sindikatuak ez datoz bat, haien egoera erregulatu gabe geratuko dela uste dutelako. Funtzionario eta langile publikoentzako legedia onartu bitartean behintzat enpresa pribatuetakoen arau berak aplikatzeko eskatu dute.

Badira konponbideak euren kabuz hartu dituzten erakundeak ere. Arabako Foru Aldundiak, adibidez, dekretu bat argitaratu zuen joan den astean, eta, han dioenez, ezin dira telelanera behartu erakunde horrentzat lan egiten duten funtzionarioak eta behin-behineko langileak. Etxetik lan egin daitekeen lanpostuetan borondatezkoa eta aldi baterakoa izango da neurria, astean hiru egunekoa gehienez, eta langile horiek talde bileretan parte hartzea ziurtatu beharko da.

DERRIGORREZKOA?

Langileak nahi ez badu, ez du etxetik lan egin behar. Hala dio lege proiektuak. Etxetik lan egiteko, akordio bat sinatu beharko dute beharginak eta enpresak, eta edonoiz bertan behera utzi ahalko dute; hau da, uneren batean langileak lantokira itzuli nahi badu, eskubidea du.

Ez hori bakarrik: enpresak ezin du langilea kaleratu erabaki hori hartzeagatik, ezta zigortu ere.

GASTUAK

Zeresana eman duten beste gaietako bat da gastuena. Etxetik lan egiteko, beharrezkoak dira baliabide batzuk, bi motatakoak nagusiki: lan tresnak -besteak beste, ordenagailua- eta bestelako gastuak, argia eta Interneterako konexioa, adibidez.

Negoziazioen hasieran landutako zirriborroetan zehaztu zen gastu guztiak enpresak ordaindu beharko lituzkeela, baina patronalak lortu egin du hori aldatzea. Egungo testuaren arabera, lan tresnak eta haien mantentzea enpresak ordaindu beharko ditu, eta enpresa bakoitzeko hitzarmenean zehaztu beharko dute gainontzeko gastuen ordainketa.

KONTROLA, MALGUTASUNA

Enpresariek lortu dute aldaketak egitea beste puntu batean ere: kontrolarenean. Etxean lan egiteak zaildu egiten du langilearen jarduna gainbegiratzea, eta, orain, hala dio txostenak: «Enpresak egoki ikusten dituen zaintza eta kontrol neurriak erabili ahalko ditu beharginak bere eginbeharrak betetzen dituela ziurtatzeko, betiere langilearen duintasuna errespetatuz».

Lanorduetatik kanpo, ordea, bermatuta egon beharko du beharginen deskonexio digitalak; hau da, lanean ez daudenean ez dute zertan erantzun lanarekin lotutako deiak eta mezuak, besteak beste. Horretarako, beharrezkoa izango da ondo zehaztea lan jardunaldiaren hasiera eta amaiera.

Hasieran, sindikatuek eskatu zuten jardunaldia langilearen interesen arabera malgutu ahal izatea, baina ez dirudi hori beteko denik. Lanaldiaren zati bat derrigorrez ordu jakin batzuetan egin beharko du langileak, eta beste zatia enpresarekin adostu.

KONTZILIAZIOA

Ordutegi malguak izateko aukera kontziliazioarekin lotzen dute sindikatuek. Izan ere, normaltasun berria hasi zenetik, haurrak edo helduak euren kargura dituztenena izan da lantokira itzultzeko arazo gehien izan duten kolektiboetako bat.

Haietako batek baino gehiagok eskertu dute etxetik lan egiteko aukera, baina badira etxeko lanekin edo zaintza lanekin ezberdintzeko izan dituzten arazoak nabarmendu dituztenak ere.

IKUSGAITASUNA

Telelanaren alde txarretako bat da ikusgaitasun txikiagoa izan dezakeela beharginak. Etxetik lan egiten dutenak enpresak emandako formakuntzetatik kanpo gera daitezke, edo lehentasun txikiagoa izan dezakete enpresaren egituran ardura handiagoko postuak hartzerakoan. Hori zaintzaren kontuarekin lotuta, eta horrek emakumeei gehiago eragiten diela jakinda, sexuen arteko arrakala handitzea ere eragin dezake telelanak.

Lankideak lantokian ez elkartzeak beste galera batzuk ere ekar ditzake. Enpresariek «enpresa kultura berria» sendotzea eragotzi dezakeela uste dute, eta sindikatuek ere badute kezka: langileak ez elkartzea kaltegarria izan daiteke haiek antolatzeko.

BERRIAn argitaratua (2020/08/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA