kultura
Hitza soinu, hitza esanahi
Mikel Lizarralde
Rozas urteetan onduz joan den proiektua da Unisonoa. Ikerketaren bitartez, haziz joan da, eta erritmoari garrantzia handia ematen dio. «Idatzi dudan bitartean, niretzat inportanteagoa izan da entzuten dena ikusten dena baino», zehaztu du idazleak: «Entzumenarekin erabat lotutako liburua da». Rozasek erritmoaren etengabeko bilaketa izan du ardatz sortze prozesuan. «Esaldiekin eta lerroekin arakatzen eta ikertzen hasi nintzenean, ez nuen liburu bat egiteko asmorik ere. Hitzaren, esanahiaren eta soinuaren uztarketa egin nahi nuen; aztertu hitza noiz zen soinu, noiz zen esanahi, noiz zen irudi...».
Idazleak denbora asko pasatu du lan horretan: idatzitik hitzera pasatzen, idatzitik esatera igarotzen. «Urte hauetan, itxoiten eta bilatzen egon naiz, lasaitasun handiarekin eta presarik gabe. Helbururik gabe aritu naizenez, entzumenak esan dit lana noiz zegoen prest, forma bat hartzeko prest».
Horri lotuta, Unisonoa «konposizio lan bat» izan dela adierazi du Rozasek. «Idaztea konposatzea da, entzumenarekin konposatzea. Ni ez naiz musikaria, baina hitzekin ere horrela egin daiteke lan. Eta nik horrela egiten dut: arnasarekin, ahotsarekin, erritmoarekin...». Lerro irekiaren eta esaldi itxiaren artean aritu da jolasean, bi horien artean azaleratzen diren tentsioak eta ondulazioak erakutsiz, eta hizkuntzei ere askatasunez utziz azalera daitezen: «Atera zaizkidan hizkuntzetan idatzita dago liburua; hor ere ez diot mugarik jarri neure buruari. Hitz eta kontzeptu asmatu edo inspiratuak ere badira».
Forma hartu ahala, Unisonoa bi formatu izatera iritsi da. Batetik, liburu fisikoa dago, eta, bestetik, bandcamp-en entzun eta jaitsi daitezkeen soinu piezak daude -liburu bakoitzak kode bat du horietara jotzeko-. Biak ala biak lan autonomoak dira, nahiz eta bata bestearen osagarri izan daitezkeen, Rozasen testua baitago oinarrian. «Soinu pieza bakoitza ere autonomoa da. Jatorrian, testua dute guztiek, baina, kasu batzuetan, hortik abiatuta beste leku batzuetara joaten dira piezak».
Proiektuaren alderdi horretan, hainbat lagunekin egin du lan Rozasek: Maite Arroitajauregirekin, Rafael Martinez del Pozorekin, IbonRG-rekin eta Ainara LeGardonekin, besteak beste, eta guztien artean «disko bat bezala» entzun daitekeen lana osatu dute. «Ez da poesia musikatua», argitu du Rozasek: «Beraien lana ez da izan liburuari musika jartzea; ez da errezitaldi bat. Beste lan bat da. Osagarriak izan daitezke, baina abiapuntu beretik sortutako bi lan autonomo dira».
Rozasek Donostiako Kaxilda liburu dendan egin zuen bere azken sormen lanaren aurkezpena, atzo, eta, beste batzuen artean, ondoan izan zituen Arroitajauregi eta LeGardon. Arroitajauregik eta Rozasek Unisonoa osatzen duten soinu piezetan entzun daitekeenaren lagin bat eman zuten, xuxurlaren, hitzaren eta melodiaren artean mugituz. LeGardon entzuleen artean zegoen, eta gogora ekarri zuen proposamena jaso zuenean pentsatu zuela aurretiazko grabazio baten gainean lan egin beharko zuela. «Baina ez. Denbora errealean inprobisatu dugu. Hori arriskatua eta oso ausarta da, baina bizitza handiagoa ematen dio emaitzari ere. Alderdi guztiak denbora berean egon gara solasean».
Pamielak liburua argitaratzeko hartutako «arriskua» ere nabarmendu nahi izan zuen Rozasek, batez ere, «kulturgintza kinka larrian» dagoen honetan. «Zaila da esperimentazioaren alde egingo duen argitaletxe bat aurkitzea, baina Joxe Angelekin [Irigarai] badut bidaideak garen sentsazio hori».
Pamielaren ahalegina
Irigai jakitun da liburu «berezia» dela Unisonoa: berezia sorkuntza lan gisa, eta berezia gauzatzeko moduagatik ere. Baina Rozasek hogei urtean egindako literatur ibilbideari erreparatu zion, gogora ekartzeko egileak beti eman diola garrantzi handia formari. «Poesia lanak, antzerkia eta narrazioak egin ditu, baina bere kezka beti izan da kontatu nahi zuenari zer tratamendu eman». Baita Unisonoa-n ere.
Soinu piezak entzuteko: https://ixiarrozas.bandcamp.com/album/unisonoa