astekaria 2020/09/04
arrowItzuli

kultura

Goenaga bereko ezpalak

Iñigo Astiz

Goenaga bereko ezpalak

Juan Luis Goenaga pintoreak (Donostia, 1950) bost hamarkadako ibilbidean sortutako margolanetan, haren lehen koadroetan irudikatutako sustrai eta adarren hazkundearen logika bihurri, korapilatsu eta organiko bera igar daiteke. «Berez, lau edo bost gai besterik ez ditut», esan du pintoreak. Eta, halere, haren pintura hamaika norabide artistikotarantz kiribiltzen, makurtzen eta hazten entzun daiteke kasik, lau edo bost gai horien inguruan, Donostiako Kubo-Kutxan eskaini dioten atzera begirakoan. Izan ere, sinadura bera konpartitzen duten hamaika pintoreren batura baten parekoa da Goenaga. Eta adar horiek guztiak batzea izan da Mikel Lertxundi komisarioaren erronka. Artistaren 128 lan bildu dituzte guztira, eta kronologikoki eta gaika antolatu dute ibilbidea sei aretotan, 1960ko hamarkadan hasi eta orain arte. Urtarrilaren 10era arte egongo da zabalik.

Lertxundik esan du «kanonikoa» dela proposatu duen ibilbidea, guztia kronologikoa eta gaika antolatua duelako. «Aretoen disposizioak, ordea, ikusleari aukera ematen dio atzean utzi duena eta aurrean daukana ikusteko, eta, horri esker, Goenagaren lanetan joan etorrian dauden gaiak ere ikusi ahalko ditu». Horregatik animatu ditu bisitariak aretoak bereizten dituzten hormen arteko zirrikituetatik ere begiratzera; izan ere, komisarioaren hitzetan, zirrikitu horietan ikusten da argien pintorearen ibilbidea osatzen duten gaien eta konstanteen joan-etorria. Gai beraren bueltan dabiltza maiz Goenagaren koadroak, nahiz eta elkarren artean hainbat hamarkadako tartea dagoen. «Zalantzarik gabe, azken mende erdiko euskal artista garrantzitsuenetariko bat da Goenaga».

1969an, Alkizako (Gipuzkoa) baserri batera joan zen bizitzera, eta han pintatzen hasi zen garaitik abiatzen da ibilbidea. Artistak kontatu duenez, paseoan pasatzen zituen egunak han, eta gauez aritzen zen pintatzen. Eta belarrak, sustraiek eta naturak dute protagonismoa lehen lan horietan. Gainera, garai hartan, pintorea erabat murgilduta zegoen Jose Miguel Barandiaran zenak bere ikerketetan bildutako mundu mitologiko eta sinbolikoan, eta, komisarioaren hitzetan, irakurketa horien arrastoak igar daitezke sasoi hartako bere margolanetan. Gero, aretoz areto, zabalduz doa pintorearen paleta eta gaitegia, eta hiriguneak, familia giroko irudiak, abstrakzioak eta paisaiak ere biltzen ditu erakusketak. Komisarioak «kolore leherketa bat» aipatu du, esaterako, 2000. urtearen bueltan; baina, orokorrean, ziklikoa da artistaren ibilbidea, atzera-aurrerakoa eta kiribila, eta erakusketa osoan joango dira agertzen eta desagertzen ibilbide hasierako historiaurreari buruzko erreferentziak eta landare gisako irudi horiek.

Imitaziorik gabe

Guztira, bost hamarkada biltzen ditu erakusketak, sei aretotan antolatuta, baina artistak esan du ibilbidea luzeagoa ere izan zitekeela. Dioenez, etxean baditu 8 urterekin egindako margolanak, eta baita 6 urterekin egindakoak ere. Olioak guztiak. «Txirrindulariak dira batzuk. Paisaiak ere bai, Alpeak-eta». Sasoi hartako txirrindularitzari buruzko aldizkarietan zuri-beltzean ikusitako irudien oihartzun moduko batzuk, artistak dioenez. Gaztetatik argi izan zuen pintore izango zela.

Lertxundik dio goenagaren artelanek «artearen historia» biltzen dutela. «Entziklopedikoa da bere jakintza. Kate-begi bat gehiagotzat du bere burua, milaka urte dituen kate luze batean, kobazuloko artetik hasi eta XX. mende erdialdera arte, baina, haren lanean, ez dago imitaziorik: pintore horiek guztiek topatutako irtenbideak identifikatzen ditu, eta bereak sortzen ditu». Horregatik, izen jarioa etengabea da komisarioaren ahotan, erakusketan aurrera egin ahala. Behin eta berriz senti daiteke historiaurreko arteak sortzailearengan izandako inpaktu sakona, adibidez, baina, luzatuz eta luzatuz doa izen zerrenda koadroz koadro ibili ahala: Tintoretto, Francisco Goya, Diego Velazquez, Pop artea, Tiziano, William Blake, Francis Bacon, futurismo italiarra, surrealismoa, muralismo mexikarra, arte erromanikoa...

Ez da aurrez pentsatutako ezer, ordea. Goenagak dioenez, planik gabe jotzen du oihal zurira, beti. «Inoiz ez naiz hasten aurretiazko ideia batekin: hori ez da pintura. Nik mantxa dut beti abiapuntua, eta azalduz joaten da margolana, gero». Hala azaldu omen zitzaizkion, lanbro artetik bezala, Donostiaren irudiak, adibidez, hiriari eskainitako seriean. Eta berdin beste koadroen kasuan ere. Goenagaren azalpena: «Pintorearen animoak ez du zerikusirik pintatutakoarekin. Jendeak pentsatzen du beltza pintatzen duzunean ez dakit nola sentitzen zarela, edo ez dakit zer gauza arraro sentitzen duzula, baina ez. Pinturak bere bidea du; autonomoa da. Gainontzekoa literatura da, eta pintura literarioa oso txarra da, ezin duzu transmititu zure bizitza pinturan. Goyari hau edo hura pasatu zitzaionean ere berdin pintatzen jarraitu zuen, eta Tizianok ere bai».

Berrikusi beharra

Tailerrean egindako margolanak dira erakusketako asko, baina badira lekuan bertan margotutako hainbat ere. Bietara aritzen baita Goenaga. Gogoratu duenez, Guarana mendizerrako irtengune batera igota (Espainia) egin zituen Eskulanak izeneko margolan serieko pieza batzuk. Paperak beso azpian hartuta heldu zen, eta hantxe eman zituen bi egun: margotu eta margotu. Eta, hain justu, margotzeko prozesu horren nondik norakoak biltzen dituzte erakusketan jarri dituzten dokumentalek ere; ikus-entzunezkoen aretoan ikus daitezke.

Lertxundik urteak daramatza Goenagaren lana ikertzen. Artistaren ibilbidea sakon eta zehatz aztertzen duen liburu bat ere kaleratu zuen 2018an, eta lan horretan murgilduta zegoenean piztu zitzaion orain ireki berri duten erakusketa sortzeko lehen asmoa. Lertxundik gogoratu duenez, 1995ean egin zitzaion azken atzera begirakoa artistari, Donostian. Koldo Mitxelenan izan zen, eta Edorta Kortadi aritu zen komisario lanetan orduan. Artistaren 25 urteko ibilbide profesionala aztertzen zuen erakusketa hark, eta, Lertxundik gogoratu duenez, beste 25 urte joan dira ordutik. Horregatik erakusketa. «Berrikuspen bat behar zuen».

Asmoa aspalditik zetorrela ere azpimarratu nahi izan du komisarioak datu horiekin guztiekin, eta inaugurazio datak ez daukala loturarik Woody Allen zinemagileak Donostiako Zinemaldian aurkeztuko duen Rifkin's festival filmaren estreinaldiarekin. «Zorioneko kointzidentzia bat besterik ez da». Izan ere, Allenek Goenagaren koadroak eta tailerreko materiala baliatu ditu filmeko hainbat pasartetarako.

Figura eta paisaia. Abstrakzioa eta figurazioa. Goenagaren pintzelak inolako trabarik gabe dabiltza termino horien guztien arteko mugetan sartu-irtenean, eta aretoko bigarren solairuan ikus daitekeen 2014ko koadro bat izan daiteke horren erakusle. Pintzel kolpe horizta diagonalak ikusten dira oihalaren ezkerraldeko beheko partean, eta pintzelkada horizontal urdin indartsuek betetzen dute, berriz, koadroaren eskuinaldeko goiko aldea; lerro diagonal moduko batek erdibitzen du koadroaren erdigunea, eta lerro bertikal batzuk bereizten dira hor. Erritmo handiko sentsazio nahas-mahas bat da emaitza, harik eta koadro alboko afixako tituluak norabide argi bat ematen dion arte inpresio abstraktu eta anabasa horri guztiari: «Txangolariak. 2014. Mihise gaineko oleoa». Eta, orduan, eta soilik orduan, ikusten dira txangolariak.

Erritmoa eta dantza

Lertxundik esan du behin baino gehiagotan ikusi beharreko erakusketa dela. «Erakusketa oso zabala da, eta entretenigarria. Goenagaren lana ezagutzen duenak ere sorpresa bat baino gehiago hartuko du. Itzultzeko eskatzen duen erakusketa bat da. Lan hau ez da behin ikustekoa; denbora eskaini behar zaio. Formalaz harago doa bere lana, eta denbora behar da interpretatzeko koadro horien atzean zer kezka dagoen».

Obra erotiko bakarra bildu dute erakusketan, nahiz eta, artistak onartu duenez, etxean baduen beste erakusketa oso bat egiteko bezainbeste material. Koadroen erritmoari buruz aritzera pasatu dira hortik artista eta komisarioa. «Dantzarekin zerikusi handia du honek», onartu du pintoreak lehenik, eta erritmoaren garrantziaz ere hitz egin du gero. «Bateria izan nintzen», egin dio ihes aitortzak bat-batean, eta berehala kendu nahi izan dio garrantzia datuari. «Baina, bueno, hori historiaurrean izan zen». Barreak, gero.

70 urteko gaztea

Maite du pintura geruzaz geruza eraikitzea, eta, horregatik, zenbait koadrok pintura masa sendoa dute. Bi koadro ertain ditu aurrean, adibidez. «Horiek 1980ko hamarkadan hasi nituen, Parisen, eta iaz bukatu». Komisarioak azaldu duenez, «eskutik kendu» behar zaizkio koadroak Goenagari; bestela, tailerrean bueltaka jarraitzen dute. «Norbaiten etxean zintzilik ikusten ditudanean bakarrik ematen ditut bukatutzat», onartu du; «bestela...».

Paper gainean egindako lanei eskainitako gela batek ixten du erakusketa. Autoerretratu sorta bat ere ikus daiteke han. 1966koa da zaharrena, eta 2018koa berriena. Gainazal leun eta kolore lauko gazte baten figura ia geometriko bat erakusten du lehenak, eta kolore ausart eta pintzelkada energikoz osatutako erretratu uhintsu bat azkenak. Artistaren ibilbidearen laburpen moduko bat igar daiteke erretratuz erretratu. Orduan dator galdera: urteekin ez ote dabilen askeago, gazteago. Baietz, artistak. «Pintoreak 70 urteak bete ondoren ikasten du pintatzen. Picassoren azken koadroak begiratzea besterik ez dago horretaz ohartzeko, edo Goyarenak. Orduan hasten zara ulertzen pintura zer den benetan».

BERRIAn argitaratua (2020/09/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA