astekaria 2016/03/04
arrowItzuli

politika

Morea eta beste kolore batzuk

Jokin Sagarzazu

Morea eta beste kolore batzuk

Lau hautagai, lau zerrenda; eta beste bat, irabazteko asmorik ez duena, hautatze metodologia kritikatzeko aurkeztu dena. Horiek arituko dira EAEko Ahal Dugu-ren zuzendaritza berria osatzeko lehian. Idazkari nagusia ez ezik, Hiritar Kontseiluko eta Bermeen Kontseiluko 34 kideak ere hautatuko dituzte ?bigarren batzorde horretarako beste zerrenda bat ere aurkeztu da: Hiritartasuna eta Justizia?. Edonork eman dezake botoa, igandera arte, webgune batean erregistratuta. Orain arte, 15.000 lagunek eman dute izena.

Iazko azaroan dimititu zuen aurreko zuzendaritzak, Roberto Uriarte buru zuenak; haien arabera, Espainiako bozetarako zerrendak osatzeko orduan Madrilgoarekin izandako desadostasunengatik. Ordutik, behin-behineko batzorde batek gidatu du alderdia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horren bitartez saiatu da BERRIA lau hautagaiak elkartzen, baina, agenda arazoak argudiatuta, nahiago izan dute galderak idatziz erantzun. Hona hemen haien hausnarketak.

1. Zein ezberdintasun daude zure hautagaitzaren eta besteen artean?

2. Nolakoa izan beharko lukete zuzendaritza berriak eta, oro har, Ahal Dugu-ren antolaketak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan?

3. Zer-nolako harremana edo lotura izan beharko luke EAEko Ahal Dugu-k Espainiakoarekin?

4. Zein lehentasun programatiko eta zein helburu estrategiko izan beharko luke Ahal Dugu-k Euskal Herrian?

5. Eta horiek aurrera eramateko, zein aliantza politika? Zein lehentasuneko kideak?

NAGUA ALBA  Aurrera Begira

«Espainiako hauteskundeak irabazteko modua eman zigun bideari jarraitu behar diogu»

1

Iazko hauteskunde primarioetara aurkeztu ziren beste hautagaitzak; gurea, berriz, Espainiako boz orokorren esperientziaren ondorioz. Gure ustez, gehien bozkaturiko alderdia izan ondoren, Ahal Dugu-k egoerak eskatzen duen mailan jardun behar du, instituzioak euskal herritarrei itzultzeko. Horretarako, iraganeko desadostasunak gaindituko dituen proiektu sendo bat eta talde plural eta batu bat behar dugu.

2

Xarma eta gaztetasuna galdu barik, eta azkenengo bi urte hauetan izan dugun esperientziarekin, heldutasuna lortuko duen zuzendaritza bat behar dugu, Espainiako hauteskundeen azken kanpaina irabazteko modua eman zigun bideari jarraitu behar diona. Gainera, uste dugu Hiritarren Kontseilu berriak bildu beharko lituzkeela sentsibilitate ezberdinak, aniztasun horrekin alderdi indartsu bat sortzeko. Era berean, guri ere oso garrantzitsua iruditzen zaigu hiru herrialdeetan [Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan] koordinazio guneak sortzea.

3

EAEko Ahal Dugu-k proiektu propio bat izan behar du. Podemos-Ahal Dugu sentsibilitate ezberdinez osatua dago; horretan da aberatsa. Pablo Echenique eta Iñigo Errejon Euskal Herrira etorri zirenean, gure gaiak jorratu zituzten; kontzertu ekonomikoa eta erabakitzeko eskubidea, adibidez. Euskadik Podemosentzat duen garrantzia ulertzeko adibide paregabea da hori. Gure harremana, beraz, gai horietan oinarritu nahi dugu.

4

Guretzat oso argi daude zeintzuk diren lehentasunak: eskubide sozialak berreskuratzea, erabakitzeko eskubidea bideratzea, eta bakea eta elkarbizitza.

5

Azkeneko emaitzen arabera, argi dago Ahal Dugu-k garrantzi handia izango duela Euskadin. Gure helburu nagusia da EAJren rol hegemonikoa bukatzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da emaitza hoberena lortzea. Hortik aurrera, eskubide sozialen eta bakearen eta elkarbizitzaren alde apustu egiten duten alderdiekin aliantzak egin ditzakegu. EH Bildurekin, adibidez, gizarte arloan gauza askotan egon gaitezke ados.

AMAIA ARKOTXA  Euskadi Baita Ere

«Zerrenda guztietako ordezkariak nahi ditugu zuzendaritza berrian»

1

Hiru lurralde eremu sortu nahi ditugu ?Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa? , eta bake eta bizikidetza eremu bat. Zerrenda guztietako ordezkariei sarrera eman nahi diegu koordinazio batzorde batean. Estatu mailan, antolaketa erreforma bat proposatuko dugu, Bermeen Komisioaren independentzia ziurtatzeko eta edonork egin ahal izateko proposamenak, era independentean, zerrenda edo Hiritar Kontseilu bateko kide edo hautagai ez izanda ere. Era berean, proposatuko dugu barruko organoetan zein kargu publikoetan bete gabeko postuak berdintasunean betetzea, zerrendetako ordena errespetatuz.

2

Zuzendaritza berria komunikatu eta koordinatzeko, hiru lurralde eremuak erabiliko ditugu. Horien bitartez iritsiko dira proposamenak Hiritarren Kontseilura, eta horietan jasoko dira hiri eta herrietako zirkuluen, koordinatzaileen eta Ahal Dugu-ren parte diren guztien proposamenak.

3

Vista Alegreko Herritarren Batzarrean [Podemosen sortze batzarra; Madril, 2014ko urriaren 24a] ondorioztatuko oinarriak beti errespetatuz, [Espainiako] estatuko zuzendaritzarekin autonomoak izan nahi dugu.

4

Primarioetan adierazi diren sentsibilitate eta interes guztiak errespetatuta eta kontuan hartuta, barne unitate bat sortu nahi dugu. Era berean, giza eskubideak, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, ondasunen banaketa eta lurralde bakoitzaren eredu ekonomiko eta sozialaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidea defendatuko ditugu.

5

Hiritarren Kontseiluari dagokio beste alderdiekin egin beharreko itunen gaineko erabakiak hartzea. Euskal Herriko Herritarren Batzarra antolatu nahi dugu hauteskunde autonomikoetara joateko modua erabakitzeko.

PILAR GARRIDO Kaliangora

«Gure errealitatera egokitutako politikak eta estrategiak behar ditugu, ez Madrilgoak»

1

Ezberdintasun nabarmenenak daude batzuek eta besteek herri honen beharrizanen eta lehentasunen inguruan egiten dugun diagnostikoan eta hautagaien curriculumetan ?Podemos.info webgunean konpara daitezke?. Gainera, politikan hitzak inportanteak dira, baina egindakoak gehiago. Gure hautagaitzako guztiok modu erradikalean exijitzen dizkiogu geure buruari politika berriaren printzipioak. Adibidez, gure hautagaiek ezin dute beste kargurik bereganatu, M-15 mugimenduko «un culo un asiento»esloganari jarraituz [ipurdi bat, eserleku bat].

2

Guretzat, erabakitzeko eskubideak esan nahi du erabaki bakoitza dagokion lekuan hartu behar dela. Herrialde maila gainditzen ez duten erabakiak herrialde horretako kontseilukideek hartuko dituzte, denen artean erabakitako helburu politikoak jarraituz; zerga politikan, adibidez.

3

Horretan ere, erabakitzeko eskubidea errespetatu behar da. Euskal esparruko erabakiak hemen hartu behar dira. Gure errealitatera egokitutako politikak eta estrategiak behar ditugu, ez Madrildik bidalitakoak. Estatu mailako erabakiak lurraldeak entzunda eta kontsentsuaren bitartez hartu behar dira.

4

Ni eskubide sozialen arloan aritu izan naiz lanean. Premia sozialeko egoerak dira lehentasun nagusia. Baina, luzera begira, eredu ekonomiko alternatibo bat sortu behar da, lehentasunak aldatuz, ekonomia espekulatiboa borrokatuz, ekonomia produktiboa bultzatuz eta ekonomia erreproduktiboarekin bateratuz, ekofeminismoaren proposamen aurrerakoienen ildotik.

5

Gure ustez, jeltzaleek gobernatzen dute, beren merituz baino gehiago, besteen gabeziak aprobetxatuz. Azken hiru hamarkadetan, Bildu eta PSOE ez dira gauza izan alternatiba bat eraikitzeko. Azken hauteskundeetan, 316.000 hiritarrek esan digute gure txanda dela eta guk izan behar dugula lider alternatiba horretan. Aliantza politika, berriz, Podemosen izena emandakoek erabaki behar dute, eta, gure ustez, EAJri erreleboa hartzeko helburura zuzendua izan beharko luke akordio politika horrek.

NESKUTZ RODRIGUEZ Zurekin Ahal Dugu

«Hemen ere behar dugu aldaketarako 'marea' bat, behetik herri dinamikak sortzeko»

1

Talde bizia, heterogeneoa eta plurala gara. Gure zerrendan pertsona guztiak aurre-primarioen bidez aukeratuak izan dira, besteetan ez bezala. Zurekin Ahal Dugu-rentzat, helburu politikoak lortzeko tresna bat da antolakuntza. Euskadin aldaketa bultzatuko duen marea bat eragitea da gure xedea, behetik sortutako batasun prozesuak eraikiz. Horretarako, jendearen eta taldeen parte hartzea bultzatu behar dugu. Hori lortzeko, eta beste neurri batzuen artean, Lurralde Historikoetako Batzarrak martxan jarri nahi ditugu; bozeramaile bat bakoitzeko. Euskadiko Kontseilu Hiritarrarekin elkarlanean arituko lirateke, eta zirkuluetako kideek aukeratuko lituzkete. Zuzendaritza berriak ezagutu behar ditu lurralde bakoitzaren berezitasunak eta ezaugarriak.

2

EAJ-PSEren menpe dauden foru aldundiek funtsezko eskumenak dituzte ezberdintasun sozialak murrizteko; ogasunaren edo gizarte ekintzen bidez, adibidez, egin dezakete hori. Halaber, zerbitzu publikotan eragiten dituzten politikak egiten ari dira Eusko Jaurlaritzan ere, herritarrak kontuan hartu gabe. Jaurlaritzak berak egindako pobreziaren inguruko ikerketa baten arabera, 2015ean, Euskadiko populazioaren %1,67k kontrolatzen du lurraldeko aberastasunaren %45; %44, aldiz, pobretasun atalasean bizi da. Desberdintasun ekonomikoa handiagotzen ari da; zerbitzu publikoak, berriz murriztu egin dira, eta, txarrena, guztioi bizkarra emanez egiten dute.

3

Ahal Dugu [Espainiako] estatuko alderdi bat den heinean, elkarrekin lan egin behar dugula uste dugu, ildo politiko berari jarraituz. Baina argi izan behar dugu erkidego bakoitzak berezitasun propioak dituela eta Euskadin hartu behar ditugula erabakiak eta hemen eztabaidatu behar dugula batez ere euskal herritarrengan eragin zuzena duten gaiei buruz.

4

Hemen ere aldaketa politikoa gauzatzeko marea bat sortu behar dugu, behetik eraikitako herri dinamikak sortuz. Derrigorrezkoa da pertsona eta indar guztiekin berba egitea eta proiektu indartsua eta plurala eratzea. Horrekin batera, zuzendaritza berriak erakundeetako lana eta kalekoa landu eta uztartu beharko lituzke. Zurekin Ahal Dugu-n hala egiten dugu.

5

Datozen hauteskundeei begira, programatikoki sintonia bera daukagun beste indar batzuekin aliantza estrategikoak egitea ezin dugu baztertu, baina Podemos-Ahal Dugu-ko jendearekin erabaki beharko dugu hori. Gure eskubideak murrizten ari dira, eta gobernatzen gaituztenek beste aldera begiratzen dute, euren interes propioak babestuz. Ezin dugu baztertu hori lortzeko, gutxi batzuen txiringitoak ixteko, beharrezkoa izango dela gure idearioa partekatzen duten beste indar politiko eta sozialekin elkarlanean aritzea.

BERRIAn argitaratua (2016/03/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA