kirola
AMAIA PEñA
«Goizeko seietan esnatzen nintzen Athletic ikusteko»
Iñigo Lasa
Badirudi azkenean urriaren 18an hasiko duzuela liga. Nola hartu duze berria?
Egunero aldaketak daude. Nik uste dut gure ardura bakarra profesionalak izatea izan behar duela. Denboraldia hasten denerako prest egon beharra daukagu, datan pentsatu gabe.
Athleticera bueltatu zara, eta, dagoeneko, aste batzuk daramatzazu taldearekin entrenatzen. Gustura ari zara?
Bai, oso gustura. Etxera bueltatzea nire nahia izan da beti. Lau urte eta gero, berriz ere hemen nago, familiarekin. Nahi dudan lekuan nago orain.
Nola jaso zenuen klubaren deia?
Klubarekin beti izan dut gertuko harremana. Txikitatik ibili naiz bigarren taldean jokatzen. AEBetara alde egin nuenean, esan nien ez nindoala Athletic utzi nahi nuelako, ikasketak lehenetsi nituelako baizik. AEBetatik hona etortzen nintzen bakoitzean, Athleticekin entrenatzen nuen. Hilabetero egon gara kontaktuan. Graduazioa gerturatzen ari zela ikusi nuenean, haiekin hitz egin nuen, eta nire itzulera adostu genuen.
Erraza izan al da Athleticera bueltatzeko erabakia?
Bai, erraza egin zait. Aitarekin eta amarekin hitz egin nuen han geratu ala hona etorri... Baina ni AEBetan nengoenean, goizeko seietan esnatzen nintzen Athleticen partidak ikusteko. Bueltatzeko gogoa neukan, eta ez nuen dudarik izan.
Pauso handia al da zure ibilbidean AEBetako unibertsitate ligatik hona bueltatzea?
Oso liga ezberdinak dira biak. Han daukaten futbola oso fisikoa da. Egia da han aurki ditzakezun futbolariak maila oso altukoak direla. Jokalari asko daude beraien selekzioekin Munduko Kopa jokatu dutenak. Han, futbola ezberdina da. Aldaketarik handiena hemengo metodoetara egokitzea izango da.
Nolakoa izan da zure esperientzia AEBetan?
Mundu guztiari aholkatuko nioke hara joateko, ahal izanez gero. Nik oso ondo pasatu dut, eta asko ikasi dut. Asko gustatzen zait ikastea, klasean egotea eta gauza berriak jakitea. Han, oso sistema onuragarria daukate kirolarientzat. Klasera joaten ez bazara, apunteak pasatzen dizkizute. Kirolariak laguntzeko prest daude beti. Gai jakin batean gaizki bazabiltza, irakasle partikular bat jartzen dizute. Futbolari dagokionez, oso dibertigarria da. Astero, bi partida jokatzen dituzu, eta pila bat bidaiatzen da: Miamira, Texasera...
Erraza izan da ikasketak eta futbola uztartzea?
Estres handia pasatzen da. Azken finean, guk asteburuetan jokatzen genuen, eta, normalean, bi hegaldi hartzen genituen astean, denboraldi osoan. Bai, estresagarria da, baina pertsona askok laguntzen zaituzte unibertsitateko lanak ondo eramaten. Azkenean, oso gustura egiten duzu lan.
Han jarraitzeko aukerarik izan al duzu?
Bai, aukerak izan ditut. Entrenatzaile batzuekin egon nintzen, eta masterra han egitea proposatu zidaten. Baina nik etxera bueltatu nahi nuen, eta oso argi izan dut hori, momentuoro.
Nola ikusten dute AEBetan emakumezkoen futbola?
Garrantzi handia ematen diote, orokorrean, emakumezkoen kirolari. Azkenean, unibertsitateek sekulako dirutza inbertitzen dute emakumezkoen kirolean; punta-puntako azpiegiturak dituzte. Haien aurpegiak oso ezagunak dira: sarritan agertzen dira aldizkarietan, telebistan eta horrelakoetan.
AEBetan, puntako emakumezkoen futbola dute, baina esan izan duzu Ainhoa Tirapu dela zure idoloa. Zer esan nahi du zuretzat haren tokia hartzeak?
Ardura izugarria da. Ni Bilbon hezitakoa naiz, eta txikitatik ikusi dut Ainhoa erreferente moduan. Haren lekua hartzea, eta haren mailan egon beharra sekulako presioa da. Baina tira, gustura eramango dut, eta ziur Ainhoak ere lagunduko didala.
Harekin hitz egin al duzu?
Bai, harreman ona daukagu. Hilabetero, mezuak elkar trukatzen ditugu. Asko lagundu dit hasiera-hasieratik.
Aholkuren bat eman dizu iritsi zarenetik?
Ez dit aholku zehatzik eman. Orokorrean, berak asko laguntzen die gazteei. Oso gertukoa da lehenengo taldearekin entrenatzera joaten direnekin. Konfiantza ematen du.
Tirapu joan egin da, baina atepean ez zara bakarrik egongo. Andere Legina eta Andrea De la Nava ere zurekin egongo dira.
Sekulako sasoia daukate biek. Aspalditik daude taldean, eta badakite zer den Lehen Mailan jokatzea. Oso lan ona egiten dute egunero.
Hamaikakoan ikusten al duzu zeure burua?
Ez. Hasieratik, behintzat, ez dut neure burua hamaikakoan ikusten. Ez litzateke bidezkoa izango. Beste bi atezainek oso gogor egin dute lan orain arte, eta nik uste dut oraindik ez nagoela haien maila berean.
Azken asteetan agertzen ari diren kasu positiboekin, beldurrik ematen al dizu jokatzeak?
Beldurra baino gehiago, ardura. Gure gizartean, geroz eta kasu gehiago daude, eta arriskua hor dago. Protokoloak betetzen baditugu, eta kontuz ibiltzen bagara, nik uste dut partidak joka ditzakegula. Beldurrik gabe, baina arduratsuak izanda.
Dagoeneko pairatu dituzue koronabirusaren ondorioetako batzuk.
Bai, hala suertatu da. Azkenean, futbolariak gara, eta guk ere sufritzen dugu pandemia hau; ez gara besteengandik ezberdinak. Pixkanaka-pixkanaka, kasuak areagotzen ari dira futbolean ere.
Lagunarteko batzuk ere bertan behera geratu zaizkizue.
Bai. Horietako batean, Atletico Madril jokalari batzuek, zoritxarrez, positibo eman zuten. Dagoen egoera ikusita, eta guztion osasunagatik, uste dut erabaki ona izan zela partidak horiek bertan behera uztea.
Ziurrenik, ateak itxita hasiko da liga. Halere, aukera izanez gero, San Mamesen jokatzeko irrikaz egongo zara, ezta?
Bai, noski. Hainbatetan ikusi ditut nire lagunak han jokatzen, eta nik ere han ikusi nahi dut neure burua. Txikitatik joan izan naiz San Mamesera, eta esperientzia izugarria da. Denek esaten dute oso berezia dela, eta ni irrikaz nago hori bizitzeko.
Datorren sasoirako helburu zehatzik baduzu?
Nire helburua egunero hobetzea da, eta ahalik eta ondoen jokatzea. Hobetzen jarraitzea, eta bet- betean lan egitea beti.