astekaria 2020/09/04
arrowItzuli

bizigiro

JOSEBA IRAZOKI

«Hemen, ez hain ohiko musikak egin dira»

Iker Tubia

«Hemen, ez hain ohiko musikak egin dira»

Hondarribitik (Gipuzkoa) itsasoari so egiten dio Higerko itsasargiak, eta handik behera ezkutuan dauden txoko eta kalak aukeratu ditu Joseba Irazoki musikariak (Bera, Nafarroa, 1974). Lehorrekoa izan arren, kostaldea maite du, eta han aurkitzen du udan lasaitasuna.

Zergatik txoko hau?

Batez ere, udan etortzen naiz. Baditugu horrelako txoko ezezagun batzuk gustuko ditudanak. Badirudi Mediterraneoko irla batean zaudela: lasaitasun handia ematen du. Txingudi zalea ere banaiz. Beratarra izanik, badut lotura handia zonalde honekin.

Lehorrekoa zara, baina etxean bezala zaude hemen?

Oso hurbil dugu itsasoa, eta bizitza anitz egiten dugu Gipuzkoako zonalde honetan. Mendi eta baso politak ditut inguruan, baina beti erakarri nau gehiago itsasoak.

Lotura hori gertutasunagatik da bakarrik?

Denborarekin lotura izan dut musikarekin, Irun eta Hondarribiko taldeekin. Beti erran dute Berako eta Irun-Hondarribiko musika estiloa nahiko loturik egon dela.

Zein da lotura hori?

Lapurdiko mugatik gertu gaudelako izaten ahal da, Frantziatik hurbilago gaudelako ere bai. Euskal Herriko panoraman, bederen lehenago, horren ohikoak ez ziren musikak egin izan dira inguru hauetan.

Musikaren kontrabandoan aritu zarete?

Hala da, nik uste alderatzeko modukoak direla zeharo.

Itsasoak badu harremanik musikarekin?

Lotura dute, bai. Errango nuke kostaldea dudala maite: portuak gustatzen zaizkit, gehiago naiz arrain zalea haragi zalea baino... Uste dut lasaitasuna ematen didala itsasoak, eta musikak ere bai. Musika behar dut energia guztiak ongi kudeatzeko. Lotura ikusten diot kostaldeko biziarekin: itsasgizonak ibiltzen dira kanpoan denbora aunitz, musikariak jiran bezala; bueltatzen dira... Ero puntu hori duten ez dakit.

Hemengo soinuari erreparatuta, inguru lasaia da. Ez da zure musikaren oso antzekoa, ezta?

Ez naiz sobera zaratatsua izan. Hasieran lasaiago hasi nintzen, baina gaur egun musika ezohikoak bilatzen ditut. Zarataren inguruan daudenak? Ez dakit, gustatzen zait konposatu eta gero moldaketak bereziak izatea, eta batzuetan zarataren inguruan daude. Oraintxe bertan ez nago momentu horren lasaian musikari dagokionez. Atom Rhumban sartu nintzen, eta ikusi nuen zarata zale izateak ez zuela adinarekin deus ikustekorik. Agian adinarekin gero eta erradikalagoa naiz soinuari dagokionez.

Hemengo lasaitasunak balio dizu lanerako?

Lan hauetatik deskonektatzea oso zaila da, batez ere, konposizio prozesuan zaudenean. Badago momentu bat jartzen zarela disko moduan, eta orain diskoa dut buruan. Orduan, edozer gauza egiten dudala, gauza aunitz erlazionatzen ditut. Horrelako lekuek ere eramaten zaituzte gehiago pentsatzera.

Horrelako tokietara nahiago bakarrik etorri edo norbaitekin?

Biak, baina azkenaldian bakarrik etortzen naiz dezente. Ez naiz hondartzara talde handian joatekoa.

Eta musika, bakarrik edo taldean?

Argi eta garbi taldearekin: azkenengo urteetan taldekideekin sendotu dugu soinu zehatz bat. Familia gisa sentitzen dut proiektua, orduan, hagitz eroso nago. Bakarka aritzea ez zait burutik pasatzen. Tarteka deitzen didate, eta, egia erran, saioak bizitzeko behar ditudalako bakarka ere egiten ditut.

Diskoa patxadaz prestatuko duzu oraingoan. Hobe da horrela?

Ekoizpen nahiko eduki dut, eta beti hori leporatu diot neure buruari: agian lasaiago aritu beharko nukeela. Ez dakit urduritasuna den kontua edo antsietatea, baina gauzak editatzea da nire ezaugarria, eta orduan egiten dudana da gauzak egin. Orain inoiz baino gehiago entseatu eta bueltak emanen dizkiogu.

Orain bainua hartuko duzu?

Bai, bainua hartu eta sardina batzuk janen ditut hor behean.

BERRIAn argitaratua (2020/08/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA