bizigiro
Zirriborroak zirti-zarta
Ion Orzaiz
Gaur hastekoa den Nafarroako Komikiaren XI. Azokan aztergai izanen dute fenomenoa. Izan ere, azoka antolatzen duen Tiza elkarteak «komikigintzaren alde ez-komertziala» nabarmendu nahi du aurten. Alde batetik, zenbait proiektu independente ikusgai paratuko dituzte Iruñeko Kondestablearen Jauregian, Underground baino beherago izeneko erakusketan. Bestalde, hilaren 26an, autoekoizpenari buruzko tailerra eskainiko du Enrique Martinez-Intxausti Kike Infame marrazkilari bilbotarrak.
Ibilbide luzeko egilea da Martinez-Intxausti, eta Astiberri eta Dolmenen gisako argitaletxeekin argitaratu izan ditu komikiak. Nahiago du, hala ere, bide alternatiboak urratzen segitu. «Erosoago sentitzen naiz komikiak neure kabuz argitaratzen ditudanean», laburbildu du. «Lanaren kontrol osoa dudanean, nire helburu ia bakarra da istorioarekin disfrutatzea, eta uste dut hori nabari dela orrialdeetan».
Lan berria aurkeztuko du azokan: Gorka Etxebarria Señor Verde gidoilariarekin batera argitaratutako Morirse en Sanfermines (Sanferminetan hiltzea), crowdfunding edo mikro-mezenasgo bidez finantzatutako proiektua. Ez da metodo berria Martinez-Intxausti eta Etxebarriarentzat: duela zenbait urte, jite bereko beste lan bat argitaratu zuten beren kabuz: Morirse en Bilbao (Bilbon hiltzea). «Etorkizuneko Bilbo distopiko batean girotutako istorio zoroa zen hura. Urtean behin argitaratzen genuen 20 orrialdeko aldizkari formatuan, eta bost zenbaki bildu genituenean, bilduma osoa argitaratu genuen, liburu bakarrean».
Irudigile bilbotarraren esanetan, istorioa «oso tokikoa» zirudien, baina finantzaketa kanpainak arrakasta handia izan zuen, eta abentura horri segida ematea otu zitzaien: «Hori da, funtsean, Morirse en Sanfermines. Istorioa 2139. urteko Iruñera eramatea erabaki dugu, horrek gertaera surrealista eta zoroak kontatzeko aukera ematen digulako». Besteak beste, trizeratopsen entzierro bat irudikatu dute komikian: «Gainera, bizirik ateraz gero, lasterkariek aukera izanen dute Nafarroako Gobernuan funtzionario postu bat lortzeko», gaineratu du Martinez-Intxaustik, irribarrez.
Gisa horretako istorio bat beren kabuz argitaratu izanak «askatasun erabatekoa» eman diela uste du komikigileak. «Gustuko ditugun istorioak nahi dugun erara kontatzeko libertatea dugu eta, horrez gain, crowdfunding-ari esker, komunitate bat sortu dugu irakurleen eta egileen artean».
Kike Infame-z gain, aurtengo Nafarroako Komikiaren Azokan parte hartuko duten beste egileetako bat izanen da Ainara Azpiazu Axpi. Ilustratzaile eta komikigile hernaniarra (Gipuzkoa) ez da Iruñeko, Lizarrako edo Elizondoko ekitaldietara bertaratuko, baina Tiza elkarteak urtean behin argitaratzen duen Zart! komiki bilduman parte hartu du.
Erreferente argirik ez
«Txikitan ez nintzen sobera komikizalea», aitortu du Azpiazuk. «Gure neba bai, oso zalea zen, eta hark etxean zituen liburuak irakurtzen nituen: Asterix, Tintin, Zipi eta Zape... Gustatu bai, baina ez ninduten liluratzen». Harendako «erreferente argirik ez» zuen aurkitu liburu horietan: «Edozein istorio irakurtzen dugunean, gustatzen zaigu gure burua islatuta ikustea, edo nolabait, ordezka gaitzakeen pertsonaiaren bat topatzea. Baina nik, txikitan, ez nuen komikietan halakorik antzematen. Komiki horietan ez, behintzat. Interesgarriak iruditzen zitzaizkidan, grafikoki, baina istorioek ez ninduten erakartzen».
Engaiamendurik eza horrek eraman zuen Azpiazu «bestelako istorioak» marraztera: «Gustura irakurriko nituzkeen istorioak kontatu nahi nituen. Hasieran, Hernaniko Kronika-n aukera eman zidaten umorezko tirak egiteko, eta gero heldu zitzaizkidan eskaintza gehiago». Ordutik, Xabiroi, Irrien lagunak, H28, Gara eta Gaztezulo hedabideetan argitaratu izan ditu marrazkiak, eta, gaur egun, BERRIAren Mantangorri gehigarriko kolaboratzailea da. Ilustratzaile gisa ere hainbat liburu eta album ilustratu argitaratu ditu.
Azpiazuk ongi ezagutzen ditu, beraz, komikigintzaren aurkia eta ifrentzua: argitaletxe edo enpresa baten enkarguz eginiko lanak eta baita, besteak beste, Tupust Euskal Herriko komikigileen kolektibo feministaren eta H28 doako fanzinearen barruan argitaratutakoak ere.
Bietan «gustura» aritzen dela dio: «Enkarguz eginiko lanetan ez dut inoiz zentsurarik sentitu, eta ez didate muga hertsirik jarri». Hala ere, borondatez eginiko lanek eta underground komikigintzak «askatasun handiagoa» eskaintzen dutela uste du: «Oso libre sentitzen naiz lan kolektibo eta alternatiboetan», azaldu du. «Tupust kolektiboaren bigarren bilduma prestatzen ari gara uneotan, eta askatasun erabatekoa daukat ni neu izateko, nahi dudana marrazteko. Ez dago mugarik, eta plazer handiko lanak dira».
Askatasun hori bera azpimarratu du Eñaut Aiartzaguena komikigile iurretarrak (Bizkaia) ere. Umore grafikoa jorratzen du Aiartzaguenak, eta sare sozialen bidez zabaltzen ditu bere marrazkiak, #Gaurkotira traolarekin. «Patxi Uharte Zaldieroa izan zen komikigintzara erakarri ninduen erreferente nagusia. Barrez lehertzen naiz BERRIAn egunero argitaratzen dituen zintekin, eta behin, pentsatu nuen nik ere gauza bera egin nezakeela», esan du. Zintak argitaratuko zizkion hedabide edo euskarririk gabe, marrazkiak zuzenean sarera igotzea erabaki zuen: «Twitterren, Facebooken, Instagramen... Dezenteko ikusgarritasuna lortu zuten marrazkiek, eta, horri esker, zenbait lan eta proiektu etorri zitzaizkidan». Aiartzaguenaren kasuan, beraz, autoekoizpena izan da komikigintza profesionalerako atea ireki diona: «Seguruenik ez naiz komikigintzarekin aberastuko, baina nahiko txukun ari naiz. Hilabetero, autonomoen kuota pagatzeko, gastuak berdintzeko eta bizitzeko aukera ematen dit». H28 aldizkarian ere parte hartu zuen, 2015etik 2017ko irailan desagertu zen arte. Esperientzia horrek agerian utzi zuen underground komikigintzaren ahulgune handiena: egonkortasun ekonomikorik eza. «Sekulako aukera izan zen hori niretzat. Tamalez, gutxi iraun zuen, baina hori gertatzen da militantzian oinarritutako proiektuekin: denok gabiltzala hamaika saltsatan sartuta, era boluntarioan lanean, eta azkenerako, ezin diogula lan kargari eutsi».
Erro sakoneko fenomenoa
Oztopoak oztopo, arnasa luzeko fenomenoa izan da underground komikigintza Euskal Herrian. Nafarroako Komikiaren Azokan ikusgai jarritako erakusketak balio dezake gaur egungo panoramaren lagin txiki bat ikusteko, baina ez olatuaren dimentsioa ezagutzeko, ez baitzaie aipamenik egiten Iruñean sortutako TMEO edo Napartheid aldizkariei, ez eta euskarazko autorerik aipatzen ere.
«Euskal Herrian, fanzineen eta komiki alternatiboen tradizio luzea dugu», gogoratu du Martinez-Intxaustik: «Dozenaka aldizkari argitaratu ziren 1980ko hamarkadan, eta gaur egun ezagunak diren artista askok fanzine horietan hasi zuten beren ibilbidea. Habeko Mik, Ipurbeltz, TMEO eta Xabiroi dira adibide nagusietako batzuk».
Marrazkilari bilbotarraren esanetan, estiloak eta joerak aldatu bai, baina komikigintza underground edo alternatiboaren suak piztuta segitzen du: «Garaian garaiko ezaugarrietara eta irakurleen nahietara moldatu dira fanzineak. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako umore gordin, zirikatzaile eta aldarrikatzailea apaldu egin da pixka bat, eta ikuspuntu artistikoagoa gailendu. Teknikak eta estetikak pisu handiagoa dute, eta estilo zirraragarriagoa antzeman daiteke lanetan». Aldaketak aldaketa, «baikor» begiratzen dio etorkizunari.
Iritzi horrekin bat egin du Aiartzaguenak: «Fanzine ikaragarri onak eman ditu Euskal Herriak, baina egungo erreferenteak ere bikainak dira: Dani Fano, Adur Larrea, Joseba Larratxe Josevisky eta Tupust kolektiboa dira horren adibiderik garbienak. Haria ez da eten».